Rui Costa, Agostinhoren oinordekoa

Joaquim Agostinhoren izena ezezaguna izango da guztiz tropelzale gehienentzat, 70eko hamarkadako ziklista baten izen-abizenak dira eta. Portugalek emandako ziklistarik onena inondik ere. Tourrean bost etapa irabazi zituen, tartean L’Alpe d’Huezekoa. 42 urterekin hil zen, Portugalgo Itzulian izandako eroriko baten ondorioz. Rui Costak ez zuen ezagutu, Agostinho hil eta bi urtera jaio baitzen. Dena dela,  haren bidetik ari da Movistar taldekoa. Urtez urte, urratsez urrats. Iaz, Tourreko etapa eta aurten, etapa Romandiako sailkapen nagusian hirugarren eta Suitzan etapa eta sailkapen nagusia. Eta 25 urte besterik ez ditu…

Portugalek emandako ziklisten artean, eta Agostinho ahaztezina alde batera utzita, Azevedo eta Paulinho datozkit burura. Azevedok lan izugarria egin zuen urtetan Armstrongen mesedetan; mendateetan ia-ia Armstrongen arerioei beraiei eusten zien. Paulinhok, bere aldetik, zilarrezko domina irabazi zuen Atenasko Olinpiar Jokoetan, Bettiniren atzetik sailkatuta eta Espainiako Vueltan eta Tourrean etapak irabazitakoa da. Saxo Banken ari da denboraldi honetan Paulinho.

Rui Costa Movistarreko harribitxia da,edo harribitxietako bat Kosta Ricako Amador eta Quintana kolonbiarra ere kate motzean jarraitu beharrekoak baitira –Route du Sud-eko irabazi du asteburuan Frantzian Quintanak eta joan den astean etapa erregina Dauphinen-. Joan den urteko Tourreko etaparik politenetakoa irabazi zuen portugaldarrak. Gogoratzen? Aldapaz jositako etapan nagusitu zitzaion Vinokourovi. Aurten Romandian hirugarren bukatu du eta Suitzan izugarri bikaina egin du, biribila guztiz. Bigarren etapa irabazi, Verbierreko gainean bukatu zena, eta maillot horiari eutsi dio. Tartean, denetik izan du: erlojupekoa, mendiko etapak eta atsedenik eman ez dioten aurkariak. Gaur podiumean Frank Schleck –ba zen garaia burua erakusteko!- eta Leipheimer beteranoa izan ditu ondoan. Tourrerako hautagaien artean ez dugu jarriko, jakina, baina agian datorren urtekoan…

Ezin aipatu gabe utzi Mikel Nieveren lana Suitza aldean. Hirugarren larunbateko etapan eta bosgarren sailkapen nagusian. Podiumak gutxigatik ihes egin diolakoan nago.

Argazkia: Bettini / cyclingnews