Wigginsek eta Armstrongek irabazi dute urrea erlojupekoan

Gizonezkoetan, Martin alemaniarra izan da bigarren eta Froome hirugarren. Nabarmentzekoa da, letra larriz gainera, Jonathan Castroviejo getxoztarra bederatzigarren sailkatu dela. Emakumezkoetan, Arndt alemaniarra sailkatu da bigarren postuan eta Zabeliskaya errusiarra izan da hirugarren.

Zer dauka txarretik Wigginsek denboraldi honetan egindakoak? Gauza gutxi, benetan. Baina bat bai. Gailurra jo duela kasik. Alegia, ia ezinezkoa da aurtengoa errepikatzea: Paris-Niza, Romandia, Dauphine Libere, Tourra eta Olinpiar Jokoak. Orain argitu beharreko zalantza hauxe da: Herebeheretan jokatuko diren Munduko Txapelketa lehiatuko duen.

Wigginsen atzetik Martin alemaniarra sailkatu da Londresko kaleetan jokatutako erlojupekoan, 42 segundora. Beste britainiar batek, Froomek, kolkoratu du brontzezko domina (minutu eta zortzi segundora). Lehen mugarrian Martinena zen denborarik onena eta orpoz orpo zituen Wiggins eta Cancellara. Bigarren mugarritik aurrera, Tourreko irabazleak hartu du lasterketaren lema eta Cancellara hondoratu da; minaren minez helmugaratu dela iradoki dute telebistako irudiek. Larunbateko erorikoak aztarna utzi dio, zalantzarik gabe.

Larunbatean euskal txirrindulari batek sekulako lana egin zuen: Jonathan Castroviejo. Eta gaur ere bikain aritu da, tarte batean berea izan delako helmugan denborarik onena eta azken sailkapenean bederatzigarren izan da (bi minutu eta 49 segundora). Oso emaitza ona, kontuan hartzen badugu 25 urte besterik ez dituela. Ezin aipatu gabe utzi alde handi samarrak izan direla 40 kilometro pasatxoko saioa izan dela kontuan hartuta; adibidez, hamargarren sailkatu den Brajkovicek hiru minutu eta erdi galdu ditu.

Armstrong, bigarrenez

Emakumezkoetan, berriz, Armstronek irabazi du (argazkia: cyclingnews). Irudia ikusita, ez al zaizue beste Armstrong, Lance, gogora ekartzen? Sukia adiskideak duela egun gutxi emakumezkoen probari buruz emandako zertzeladak osatze aldera, lehenik eta behin, gogoratu ez dutela zer ikusirik, abizena bera badute ere eta Kristin, Lance bezala, triatloian trebatua bada ere. Armstrongek 38 urte ditu eta bigarrenez irabazi du urrezko domina Olinpiar Jokoetako erlojupekoan. Ez hori bakarrik: bitan izan da munduko txapeldun, 2006an eta 2009an eta txapelketa banatan sailkatu da bigarren eta hirugarren, Sttutgarten eta Madrilen, hurrenez hurren.

Armstrongen atzetik, Arndt izan da bigarren 15 segundora eta Zabelinskaya ere igo da podiumera, 22 segundora sailkatuta.

IRAUPEN PROBARI BURUZKO KRONIKA (Pibanek idatzitakoa)

Tortilla patatek horiak jarraituko dute izaten

Larunbatean Olinpiar Jokoetako azken edizioetan gertatzen den bezala, errepideko gizonezkoen txirrindularitza proba ospatu zen. Esan dezakegu Munduko Txapelketa bat izan zela baina tamaina txikian (herrialdeek gehienez 5 kide izan ahal zuten).

Horrelako ezaugarriak izanda lasterketan denetarik gertatu ahal zitekeen: esprintean iritsi, ihesaldi saiakera ugari egon eta horrelako batek arrakasta izan… Azkenean txirrindularitzaren historian joko olinpiko batzuetan irabazi duen pertsonarik zaharrena gailendu zen, eta ez dut uste sorpresa handirik izan zenik.

Alexander Vinokourov, Astana taldeko kazakhstandar txiki ile horia, gailendu zen Londreseko helmugan. Azken garaipenak irabazi ohi dituen bezala (eta azkenengotik nahiko euri egin du): erasora jokatuta. Badaude oraindik, zorionez, txirrindularitzan azken momentura arte ahalegintzen direnak lasterketak poltsikoratzen (Cancellara, Gilbert…), atzoko garailea talde horretan sartu dezakegu. Azken kilometroetan eraso festa bat izan zen. Eguneko hasierako ihesaldian Jonathan Castroviejo sartu zen. Geroago jazarpenean talde txiki bat egon zen tartean Nibali eta Gilbert bezalako txirrindulariekin. Alemaniako eta Britainia Handiko selekzioen helburua argi zegoen: esprintean amaitzea Cavendishek edo Greipelek urrea eraman zezaten. Hamaika txirrindulari, helburu berarekin.

Azkenean aipatu bezala azken kilometroetan erasoak eta kontraerasoak ugariak bilakatu ziren eta kazastandarra eta Rigobertu Uran iritsi ziren helmugara -erasoak kolonbiarrak gauzatu zuen eta Vinokourov izan zen bakarra jarraitzen, azken honek zilarrezko domina lortu zuen. Pixkat atzerago talde txiki batean esprintean Kristoff norvegiarrak eraman zuen brontzezko domina.

Tortila patatak horiagoak Vinokourvek irabazten duenean

Vinokourov iazko mende amaieratik hasi zen emaitza aipagarriak lortzen. Dauphine irabazi zuen Casino taldearekin 1999an, ondoren zilarrezko domina lortu zuen Sidneyko Joko Olinpikoetan. Baina aipatu nahiko nuke 2003tik aurrerako txirrindularia. Uztail hartan Frantziko Tourrean borrokalariaren saria lortu zuen. Belokiren erorketaren egunean etapa poltsikoratu zuen. Egun zoroa, Armstrong ahul zegoen… Eta harrezkero arreta jarri izan dut txirrindulari honetan.

2005. urtean Berria egunkarian iritzi emaile batek aipatzen zuen eguneko etapa taberna batera joaten zela ikustera eta bertan pintxo bat hartzen zuen. Horraino guztia normal. Tabernaria oso txirrindulari zaletua zen. Vinokourov zuen oso gustuko. Horregatik aipatu zion irabazi zuenean urte hartako etapa bat hurrengo eguneko tortilla horiagoa zela kazakhstandarraren omenez. Hautagai nagusietan zegoen, azkenean sailkapen nagusian laugarren postua lortu zuen. Eta Pariseko etaparen ostean taberna hartan tortilla oso hori agertu zen baita ere – argi utziz ez daukala zertan Tourreko azken etapak esprintean amaitu beharrik.

Ondoren etorri ziren baita ere garai ilun batzuk. 2007ko Frantziako Tourrean positibo eman zuen kontrol batean. Eta itzuli zen zigorra bete ostean. Agian ez potentzia berdinarekin baina bai erasokortasun berdinarekin, edo handiagoarekin. Eta agian ez ditu garaipen asko lortu, baina bai garrantzitsuak.

Eskertzen ditugu Vinokourov bezalako txirrindulariak mundu honetan lasterketak entretenigarriagoak egiten laguntzen dutelako sorpresa edozein momentutan saltatu baitezake (bere iragan iluna izan arren, bizitza honetan gehienek merezi dute bigarren aukera bat).

Amaitzeko kronika honekin atzo Vinokourovek esandako esaldi batekin utziko dizuet: “Garaipen honek nire kirol-ibilbidearekin amaitzen du”. Hau irakurrita burura etortzen zait oso urrun ez dagoen kantabriar bat iraila amaieran Herbehereetan jokatuko den errepideko Munduko txapelketan emaitza bera lortzen badu ea berdina esango duen ala beste urtebetez jarraituko duen edo ez.