Inurriaren udaberri gozoa

Joan den urtean bezala, Wigginsek irabazi du Dauphine. Denboraldi honetan, Paris-Nizan eta Romandiako Tourrean ere nagusitu da ingelesa.
Dauphineko ‘patroia’ izan da Wiggins, ia-ia hasieratik eraman baitu maillot horia. Azken hiru etapetan mendate handiak igo behar izan ditu tropelak, tartean Joux Plane, eta maldan gora ere, onenen pare aritu da Wiggins. Astebeteko itzuliei neurria hartu die Sky taldeko txirrindulariak eta nola, gainera: aurrena Paris-Niza, ondoren Romandia eta orain Dauphine -Egoitz adiskideak twitterren aipatu bezala, hura izan da hori lortzen lehena-. Sasoi betean martxoan, apirilean eta ekainean. Tourra beharbada ez du irabaziko, baina irabaziko balu zaplasteko ederra emango lieke sasoi bete-betea denboraldian behin eduki daitekeela diotenei. Inurria bailitzan, ahalik eta probetxurik handiena ateratzen ahalegintzen da proba bakoitzari eta irabazteko aukera badago, ba onena eman irabazteko. Gero gerokoak.

Wigginsek ondo daki Tourra oso mikatza izan daitekeela; joan den urtean erori eta etxera joan behar izan zuen lehen astean. Hala eta guztiz ere, denboraldi honetan erakutsitako sasoiak Evans eta Schelcken pare jarriko du Skyko taldeburua, zalantzarik gabe. Erlojuz kontrakoetan bikain eta mendian ere, aise. Eta ez ahaztu Tourrean laugarren sailkatu zela 2009an eta joan den urteko Espainiako Vueltan hirugarren bukatu zuela…

Ezin kronikatxoa bukatu beste bi izen aipatu gabe: Moreno espainiarrak bi etapa garaipen lortu ditu. Puritoren taldekideak uzta ederra etxeratu du Frantzia aldetik, benetan –berak irabazi du gaurko etapa, azkena-. Eta Haimar Zubeldia, hamargarren sailkatu da. Bera izan da RadioShack talde xelebrearen txirrindularirik onena. Bruyneelenek azkar suspertu beharko dute –gaur bertan Frank Schleck bigarren sailkatu da Suitzako Itzuliko mendiko etapan-, Sky-k hortzak erakutsi baititu Dauphinen, izan ere Wiggins irabazlea alde batera utzita, Rogers bigarren sailkatu da, Froome laugarren eta Porte bederatzigarren. Hori da hori erakustaldia…

Argazkia: Wiggins, Rogers (bigarren) eta Evans (hirugarren) podiumean (Sirotti /cyclingnews)