Veni, vidi, vici

Lars Anthonious Johannes BoomMaiatzaren aurrenekoa egun seinalatua izaten da langileen artean. Euren eskubideak aldarrikatze aldera, kalera atera ohi dira asko eta asko. Txirrindulariak ordea errepide gainera pedalei eragitera irteten dira. Urteroko legez, aurtengoan ere aipatu egunean Frankfurt-eko Sari Nagusia ospatu zen, lasterketa amaiera polit baten ostean Fabian Wegmann etxeko gizonak eskuratu zuena. Proba amaitu gabe aldiz txirrindulari asko eta asko geratu ziren, eta horien artean egun huraxe bera berezia izatea eragin zuen gizona: Lars Boom. Herbeheretarrak alemaniar lasterketa aukeratu baitzuen errepidera behin betiko jauzia emateko aurreneko proba gisa.

Ikusmina sortu zuen Rabobank-eko gaztearen debutak. Ez da gutxiagorako, 24 urte bete ez dituela izandako lorpenei erreparatuz gero. Iparraldeko Kanpainaren hasieran bera ikusteko itxaropenik egon bazitekeen ere, Hoogerheide-ko munduko txapelketan porrot egin ostean ziklo-kros proba gutxi batzuk lehiatu eta atsedenaldi luze bat hartzea erabaki zuen. Esan bezala, Frankfurt-en ez zuen helmuga gainditu, bai ordea lehiatu zituen hurrengo bi probetan, Herbehereetan biak ala biak: Batavus Prorace eta Dutch Food Valley Classic (Veenendal-Veenendal zaharra). Bietan Kenny Van Hummel gailendu zen esprintean, eta gure protagonistari kilometroak pilatzeko balioko zitzaizkion seguru asko.

Halaxe aurkeztu zen Belgikako Itzuliko irteeran. Denboraldiko bere aurreneko helburutzat hartu zuen, eta hala, esprintean erabaki ziren aurreneko hiru etapetan, ezkutuan ibili beharrean, noizbehinkako agerpenak egin eta esprintetan gain sariren bat edo beste pilatzeari ekin zion. Lasterketa ordea azkeneko bi saioetan zen erabakitzekoa. Ardenetan etapa gorabeheratsua lehena, eta 16 km. pasatxoko erlojuaren aurkako saio laua hurrena.

Etapa ikusgarria suertatu zen itzuliko laugarrena. Aurreneko erdian, ibilbideak aurkezten zituen muinoak zirela medio, lasterketa apurturik geratu zen. Ordurako, Borut Bozic liderra atzean geratua zen, eta lehia 40 bat txirrindularira mugatu zen. Ezagun zaharrak zituen inguruan Boom-ek: bertan ziren Sven Nys txapeldun handia, Niels Albert Hoogerheide-ko heroia, ta baita Klaas Vantornout ere (Walsleben eta Kloucek gazteez gain). Sunweb-eko flandestarrak La Redoute-n gora, helmugara oraindik ia 60 km. falta zirela, egin zuen bere azkeneko agerraldia. Hortik aurrera ehunka mugimendu izan zen. Walloniako inguruetatik ibili arren, flandestar erara korritu zen etapa, eta esan beharrik ez da, hori ikuskizunarentzako mesedetan izan zen.

Etapako kilometro erabakigarriak iritsiak zirela, Rabobank egoera on xamarrean zen, Boom-ek Nuyens, Clement eta Moerenhout lasterketan sarturik baitzeuzkan. Hala ere, Van Avermaet, Roelandts, Dekker (hirurak Silence-Lotto-koak) edo Ivanov bezalako gizonak oraindik aurrean ziren. Lehenago aipaturiko mugimendu horietako baten ondorio zen aurreneko ihesaldi bati ez zion Lars Boom-ek heldu, eta bazirudien hortik irten zitekeela lasterketako garailea. Bertan ziren Van Avermaet, Marcato, De Waele, Cornu, Albert (ikaragarria errepide gainean erakutsitako maila) eta Moerenhout. Rabobank-ek ordea erabakia egina zuen, eta atzetik Clement-ekin lehenengo erritmoa jarri eta ondoren Nuyens-ek astindu ederra eman zion jazarpenean ziren gizonen taldeari. Harik eta Vlijmen-eko luzeak benetako erasoa jotzea erabaki zuen arte. Ivanov eta Roelandts atzean geratu ziren (beste asko ordurako jokoz kanpo ziren), eta Bakelants eta Dekker izan ziren bakarrik jarraitzeko gai. Ordurako Bakelants eta Boom bera izan ziren saiatuenetakoak. Flandestarraren inguruan hitz egin izan genuen iaz Etorkizunekoen Tourraren harira, eta aurrerantzean izan ziur zeresanik emango duenaz. Alabaina, halako batean, helmugarako 10 km. baino gutxiago faltan zirela, Boom-i jarraitzeko indarrik gabe geratu zen. Ordekan. Dekker-ek jarraitu zion, eta Moerenhout -en laguntzari esker Boom-ek azkeneko kolpea jo eta aurrekoak harrapatzera heldu ziren. Sartzen ari zirela Albert-ek eraso gogorra jo zuen, baina behin betikoa Marcato eta De Waele bakandu zituena izan zen. Flandestarrak, Pro Tourrarengandik urrun ere gauza politak egin daitezkeela baieztatzen duten kastakoa bera, garaipen handia lortu zuen txirrindularitza egun zoragarrian. Liderraren garaikur den maillot beltza ordea esan beharrik ez da zeinek jantzi zuen. Eta egun hartan erakutsikoaren ostean, inork gutxik jartzen zuen zalantzan itzuliko sailkapena bereganatuko zuenik.

Eta halaxe izan zen. Dekker eta Cornu bezalako espezialista onak sailkapenean oso gertu bazituen ere, halako distantzian benetako animalia den Sebastian Rosseler izan zen bakarrik Iparraldeko Brabante-ko izarraren gainetik sailkatzeko gai. Bigarren postua erlojupekoan eta sailkapen nagusia berarentzat, errepidean handienen artean hilabete ere bete ez zuela.

Badira Herbeheretako harrobiak goi mailan fruiturik ematen ez dituela diotenak, baita gazteegi nabarmentzeak ezertarako balio ez duela gerora hori baieztatzen ez bada. Halako erakustaldiak, ordea, hortarako jaioak direnek bakarrik eman ditzakete. Ikusgarria baita ordekan, erlojuaren aurkakoan eta muino etzanetan barnean daraman indarra transmititzen ikustea. Hori frogatzeko hurrengo aukera Suitzan izango dugu seguru asko. Hemen da, eta luzerako geratzeko asmoz. Bera da, Lars Anthonious Johannes Boom.

Patxi Vilari elkarrizketa

Patxi Vila. 2006ko Paris-Nizako etapa baten garaipenaAgin Rezola kolaboratzaile eta adiskideak Info7n duen programara Patxi Vila eramango duela jakin arazi berri digu. Elkarrizketa hau zuzenean jarraitzeko moduan izango duzue Info7.com webgunetik ekainaren 16an arratsaldeko 5etatik aurrera 5etako diligentzia irratsaioan.

Elkarrizketa honetarako zalantzarik gabe berak zenbait galdera prestatuak ditu, baina Tropela.net-eko erabiltzaileen jakin mina ere asetzeko gogoz omen da. Hori dela eta, zuek guztiok Patxi Vilari egingo zenizkioten galderak bildu eta berari zuzenean galdetuko dizkiola esan digu. Horretarako nahikoa izango litzateke post honetan bururatzen zaizkizuen galdera horiek guztiak biltzea. Gainera, Patxi Vilak elkarrizketan zehar 2009ko Frantziako Tourreko kiniela osatzen joango da eta beharbada zenbaiti interesgarri egingo zaizue profesionalaren iritzia zuena egiterako orduan kontutan hartzea.

Esanda bezala, beraz, joan Patxi Vilari egin nahi dizkiozuen galdera horiek post honetan gehitzen eta erantzunak 5etako diligentzia irratsaioan izango dituzue Agin Rezolaren eskutik astearte honetan, ekainak 16an, arratsaldeko 5etatik aurrera Info7.com-en.

Contador jaun eta jabe Zallan

Alberto ContadorEspero bezala, Contadorrek erraz poltsikoratu du Euskal Herriko aurtengo itzulia. Itzulia eta bigarren etapa garaipena, bigarrenez jarraian. Eskerrak Samuelek erlojupeko txukuna egin duen ze bestela aurreratu egingo baizukeen. Maldan gora eta behera ziztu bizian joan da eta azkenean bigarren sailkatuari, Colomi, 30 segunduko errentarekin gailendu zaio sailkapen nagusian. Hori bai, aipatzekoa Colomek egindako erlojupekoa, Contadorrek mallorkiarra itzalean utzi badu ere, merezitako bigarren postua lortu baitu, bai etapan baita sailkapen nagusian ere. Samuelek podium egitea lortu du eta ez da gutxi izan (galtzerdietako eraztun olinpikoek lagundu al diote?). Evansek, berriz, espero baino maila baxuagoa eman du eta podiumetik kanpora geratu da ondorioz. Continue reading “Contador jaun eta jabe Zallan”

Multzoen azterketa (II). Euskaldunak

Oraindik ez dago ziur zein izango diren aurtengo Euskal Herriko Itzulian parte hartuko dutenak baina behin-behineko dortsalak aztertuta euskaldun dezente izango dira 160 ziklistaz osatuko den tropelean. Iaz 20ren bat txirrindulari izan genituen eta aurtengoan bat edo beste gehiago izango direla dirudi lasterketa hasteko bi egun falta direnean.

Egoi Martinez eta Iban Mayoz ihesiOhikoa den bezala, txirrindulari euskaldun gehien izango dituen taldea Euskaltel-Euskadi izango da. Samuel asturiarraz gain, gainontzekoak euskaldunak izango dira. Pena euskaldun guztiak Samuelentzat lanean aritu beharrean izatea. Hala eta guztiz ere Egoi Martinez kontutan hartu beharko genuken txirrindularia dela deritzot sasoiko baitago. Iaz urte sasoi honetan ederki ikusi genuen mendiko sariaren jabe eta guzti egin zelarik. Aurrealdean ikusi dugun beste txirrindulari laranja Ruben Perez izango da eta lan txukuna egin dezakeelakoan naiz. Zalantza asko Igor Antonekin ditut. Asko bere aldeko apostua egin duzue, baina lasterketan parte hartuko ez duenaren zurrumurruak iritsi zaizkit. Egia den ala ez bi egun barru jakingo dugu, baina garbi dagoena da zurrumurruak badaude sasoian ez dagoelako izan daitekeela.

Aipatzekoa Contentpolis-Ampo talde murtziarrak ekarriko duen taldea. Izan ere erdia baino gehiago euskalduna izango da kontrakoa pentsa badezakegu ere. Oker ez banaiz 5 txirrindulari euskaldun izango dira bertan eta hauetatik norbait nabarmentzekotan Mikel Gaztañaga izango dela uste dut. Gizon azkarra izaki, sprinten baten edo besten aurrealdean izan daiteke.

David Lopez garaileEuskal txirrindulari kopuruaren araberako ordenari jarraiki, Matxinen taldea aipatzea dagokit. Fuji-Servetto 3 txirrindulari euskaldunek Coborentzat egin beharko dute lan 2007ko garaipena errepikatu nahiko baitu kantabriarrak, beraz, Beñat Intxausti, Arkaitz Duran eta Iker Camañori morroitza lanak egitea egokituko zaie.

Antzeko zerbait gertatzen da Caisse D’Epargnen. Faborito nagusia Luis Leon Sanchez izaki, itzalean geratzen dira Imanol Erviti eta David Lopez. Baina Mitxinen taldean ez bezala, David Lopez askeago utziko dutelakoan naiz eta aukerarik ikusten badu aurrealdean izango dela uste dut.

Eroriko edo ezustekoren bat gertatzen ez bada, Juanma Garate apustu segurua izango da. Garatek Rabobank taldearen laguntza izango duela uste dut eta horrek lasterketan aurrealdean izaten lagunduko dio. Ez da itzulia irabazteko lehian arituko, baina etapa garaipenen bat lortzeko moduan ikusten dut.

Garate garaileAipatzeko geratzen zaizkidan hirurak talde ezberdinetan banatuak daude eta zalantzarik gabe beraien taldeburuentzat aritu beharko dute lanean. Haimar Zubeldiak Contador idolatratuarentzat bota beharko du izerdia Astana taldean, Jose Luis Arrietak Efimkin Ag2Reko taldeburuarentzat eta Bingen Fernandezek Moncoutierentzat Cofidisen. Aipatu Bingenek iaz erorikoa izan eta lasterketa amaitzerik ezin zuela izan.

Gogoan dugu nola iaz David Herrero itzuliaren garaipenaren lehian izan zen. Zoritxarrez azken aurreko Orioko amaieran izandako erorikoak lasterketatik at utzi zuen eta ez zuen azken erlojupekoa jokatzerik izan. Pena galanta euskal jarraitzaileontzat. Aurtengoan zail izango da euskaldunen bat lasterketa lehiatzen aritzeko moduan ikustea, baina norbaitengan apustu egitekotan aurrez aipatutako Egoi Martinezengan egingo nuke.

Aitortzen dut

Patxi VilaEskerrik asko, Patxi. Zure egungo egoerak pena ematen digun arren, zaleok eskertzen dugu zure zintzotasuna eta erruduntasuna aitortzea. Beharbada berandu xamar, baina nire aitak dioen bezala: “berandu baina seguru”.

Euskadi Irratiko kideei ondorengo grabaketa hau ohostu diet. Espero dut horregatik ez haserretzea. Korte honetan Patxi Vilak bere aitortza egiten du Faktoria saioan. Continue reading “Aitortzen dut”