Murias Taldearen lehen pedalkadak

2015 Murias taldeaJon Odriozola oñatiarrak zuzentzen duen taldeak Gasteizen egindako kontzentrazioaren ondoren, lasterketarako prest dago. “Hau nire ametsa da” aipatu du Odriozola-k, baina egia esanda ametsak ez dira errez egi bihurtzen, gogor lan egin behar da horretarako.

Zalantza izpirik gabe lorpen handia da, Murias Taldeak Mallorcako Challenge-an egotea baina lasterketetan euskaldun talde berriak badu errepidean anbizio hori jorratzeko aukera.

Ander Barrenetxea eta Adrian Gonzalez azterketak direla eta etxean geratuko dira. Euskadi Fundazioa-n egondako Haritz Orbe hilabete hasieran izandako eroriko baten ondorioz deialditik kanpo geratuko da.

Guztira bederatzi txirrindulariekin doa Murias, Egoitz Garcia eta Gari Bravo haien esperientzia baliatzen lider lanetan saiatuko dira. Beñat Txoperena-k ihesalditan sartzeko askatasuna izango duelarik.

Mikel Bizkarra-k (Gomur) eta Aritz Bagues-ek (Gipuzkoa) badute aurten iaz espainiar kanpo amateurrean emandako maila itzela errepikatzeko helburua.

Imanol Estevez, Ion Ander Isausti, Unai Intziarte eta Eneko Lizarralde-k debuta egingo dute eta esperientzia hartzen joango dira teorian “presiorik” gabe.

Mikel Nieve: “Bat aukeratzekotan Euskal Herriko Itzulia aukeratuko nuke”

Mikel Nieve Mallorkako kontzentrazio hoteleanBatzuk dakizuenez, Sky talde britainiarrak Mallorkako Alkudia herrian ospatu zuen komunikabideetarako ate irekiko ekitaldian egon ginen. Munduko txirrindulari talde indartsuenetariko bat da Sky eta bertako txirrindularietako bat Mikel Nieve dugu, egungo euskal eskalatzailerik onenetakoa. Berarekin minutu batzuez gozatzeko aukera izan genuen bisita hartan.

-Nolakoa izan zen taldearen harrera lehengo urtean?
Mikel Nieve: Oso ona, kanpotik talde handia dela dirudi eta igual ba denak pixka bat handitasun horretan urrunago izan daitezkeela baina ez, jende oso arrunta, oso gertukoa eta egia esan, oso ondo hartu ninduten.

-Euskaltelen agurraren ondoren behintzat fitxaketa albiste pozgarria izango zen momentu hartan, ezta?
M.N: Bai noski, azkenean talde gabe geratu ginen denok eta holako talde batekin kontratua orduan sinatzeak poz handia eman zidan. Continue reading “Mikel Nieve: “Bat aukeratzekotan Euskal Herriko Itzulia aukeratuko nuke””

Ipuin guztiek badute bukaera

Juanma Garateren prentsaurrekoaJuanma Garatek gaurko egunean esan dio agur txirrindularitzari. 38 urteko irundarrak bizikleta eskegi du Belkin taldearekin izan dituen gatazken ondorioz.

Donostian eskainitako prentsaurrekoan “orain agur esateko momentua iritsi zait baina Juanma Garatek pertsona bezala bere bidea jarraituko du” adierazi du. Izan ere “laguntza psikologikoa jaso beharra izan dut 2013-ko Espainiako Itzulia bukatu geroztik egoera zaila bizi izan dudalako” jakinarazi digu Juanmak bertan bildu garenoi.

Gipuzkoarrak bere oroimenetatik 2006ko Giroan lortutako etapa garaipena eta han sailkapen nagusiaren lehian emandako maila ekarri ditu gogora. Tourrean ere protagonista izan zen: Mont Ventouxen Tony Martin gazte bati gailendu zitzaion eguna euskal zaleon gozamenerako geratuko da urtez urte.

Etorkizunari dagokionez, nahiz eta hurrengo denboraldian jarraitzeko intentzioa eduki, atzerrian hezitako txirrindulariak kirol-zuzendari lanetan (lizentzia joan den otsailean jaso zuen) edo bestelako arduraren batean, beti ere txirrindularitzari lotuta lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.

Orain, hiru itzuli handitan irabazitako Juanma Garatek txirrindua aisialdirako utziko du eta lasterketak telebista aurrean jarraitzekotan da, baina batez ere, familiarekin egoteko garaia dela azaldu du.

Zorte on etapa berri honetan!

#txirrinandtweets 1. mahai-ingurua ospatu zen

#txirrinandtweets 1. jardunaldiaAurreko ostegunean ospatu genuen #txirrinandtweets jardunaldien estreneko ekitaldia, eventos.BIKE webgunearekin elkarlanean. Aurreratu genizuen moduan postEuskaltel garaiaz aritu ginen eta solasean Jon Odriozola (Murias taldea), Igor Gonzalez de Galdeano (Euskaltel-Euskadi taldeko manager ohia) eta Arritxu Iribar (Euskadi irratiko kirol kazetaria) izan genituen gonbidatuen artean.

Solasaldia benetan aberasgarria izan zen. Igorrek bizi izandako gauza guztiak gainditzea asko kosta izan zaiola aipatu zigun eta Jon Odriozolari birritan aholkatu zion ez egiteko besteek esaten diotena, berak uste duena baizik. Izan ere dakizuen moduan Jon Odriozolak abentura berriari ekingo dio Continental maila Murias talde berriarekin, eta berak esan zuen moduan, proiektu berri honek nolabait lekukoa hartu nahi dio Euskaltel-Euskadi taldeak utzitako hutsuneari, Continental mailatik abiatuta.

Hiru protagonistek euskal txirrindularitzan dagoen zatiketa eta zenbait kasutan ikusezina azpimarratu zuten. Horri herri txiki bat garela gehituta eta UCIren araudi aldaketak daraman ibilbidea ikusita, euskal proiektu bat aurrera eramatea asko zailtzen duela adierazi zuten. Hori bai, beti ere World Tour mailako talde bat osatzeari dagokionean, izan ere Continental mailako talde bat sortzea askoz errazagoa ikusten baitute.

Goi mailako gizonezkoen txirrindularitzaz gain maila baxuagoez ere aritu ginen, baita emakumezkoen txirrindularitzaz ere. Azken honen kasuan Arritxuk Emakumeen Biran izan zen ikuslego maila kaxkarra nabarmendu zuen. “Auzo-lotsa” terminoa erabili zuen kazetariak euskal zalegoa munduko onena ezbaian jartzeko.

Esan bezala, asko eta gai ugari izan ziren egungo euskal txirrindularitzaren inguruan jorratutakoak lehen #txirrinandtweets mahai-inguruan. Gure asmoa eduki horiek blogean eta seguruenera podcastetan banatuta lantzea izango da.

Eskerrik asko gure partetik etorri zineten guztioi, bereziki Igor Gonzalez de Galdeanori, Jon Odriozolari eta Arritxu Iribarri. Hurrengo mahai-ingurua antolatzen dugunean jakinaraziko dizuegu.

#txirrinandtweets jardunaldiak: postEuskaltel garaia

#txirrinandtweets : postEuskaltel

Tropela Elkarteak eventos.bike webgunearekin elkarlanean, #txirrinandtweets jardunaldien lehen edizioa antolatu dugu, txirrindularitzarekiko dugun pasioaz gozatzeko ilusioz jaio den ekitaldi fresko berria. Lehen edizio honetan, Euskaltel-Euskadi talderik gabeko lehen denboraldia amaitu berri den honetan, euskal zalegoa biltzeko gai zen proiekturik gabeko denboraldia pasa ondoren, balantzea egin nahi dugu, euskal txirrindularitza profesionalaren etorkizunaz aritu eta Jon Odriozolaren (Murias Taldearen kirol zuzendaria), Igor Gonzalez de Galdeanoren (Euskaltel-Euskadi taldeko manager ohia) eta Arritxu Iribarren (Euskadi Irratiko kazetaria) iritziez gain, biltzen garen guztionak jaso nahi ditugu.

Eguna: abenduaren 11
Ordua: 19:00
Lekua: Keler aretoa – Ramon Maria Lili 2 kalea, 20002 Donostia

Sarrera doakoa da eta guztiok zaudete gonbidatuak. Edukiera kontuengatik, ordea, konfirmazioa eskatzen da. Izena emateko formulario hau bete.

Ekitaldian izateko aukerarik ez baduzu, #txirrinandtweets traola jarraitzeko aukera izango duzue, baita zuen iritziak eta galderak Twitter bidez bidaltzeko.

#txirrinandtweets-en lehen edizioan elkar ikustea espero dugu!