A ze erakustaldia burlatarrak Suitzako itzuliko 6. etapan eman duena. Suitzako mendi garaietan oilarren borroka hasi denean hortxe egon da Koldo Gil, burua hotz. Unerik aproposenean erasoa jo eta bakarrik ekin dio maldaren azken kilometroei. Aurretik zihoazenak harrapatu, gailurrera heldu eta ziztu bizian jeitsi ditu helmugarako geratzen ziren kilometro apurrak. Etapa eta lidergoa berarentzat. Nafarraren atzetik Jorg Jasche eta Jan Ullrich izan dira indartsuenak.
Hiru hauen artetik irtengo da aurtengo Suitzako itzuliko garailea. Ea Saunier Duvaleko txirrindulariak besteekiko abantaila zertxobait handitzen duen, igandeko erlojupekoan maillot horia galdu nahi ez badu.
Lan bikaina Koldorena. Ea bukaera ezin hobea ematen dion egindako lanari.
Gaur jokatu da
Gaurkoan bai. Koldo Gilek atzo Euskaltel-Euskadiko aurrikuspenak zapuztu bazituen ere, gaurkoan David Herrerok Arrateko igoeran etapa garaipena lortu ahal izan du. Honekin ehun dira Euskaltel-Euskadik lortutako garaipenak.
Gaurko etapak bi sektore zituen, eta erlojupekoan ondo moldatzen zirenek arratsaldean saio polita zuten liderrari denbora kentzeko. Saunier taldeak, ordea, lan bikaina egin du. Goizeko etapa beraien esprinterrak irabazi du, Ventosok (ez da harritzekoa) eta hori gutxi balitz, arratsaldean Koldo Gilek erakustaldia eman, erlojupekoa irabazi, guztiei tartea handitu eta Itzulia erabakita utzi duela esan genezake.
Azkenean iritsi da etapa zoroa eta ihesaldi arriskutsua. Lasterketako garailea markatu zezakeen ihesaldia. Liderraren taldeak, Saunier Duvalek, aurreko egunean lana beltz egin ondoren, gaur dena pikutara botatzea nahiago izan du. Euskaltel-Euskadik, etxeko taldeak, itzulia irabazteko bi gizon indartsu dituela eta teorian erlojupekoan Koldo baino hobeto moldatzen direnaren aitzakian. Penagarria. Eta gainera esango dute ihesaldian 3 gizon zituztela sartuta. Horrek ez du logikarik. Euskal Bizikleta ez irabaztea ez zitzaiola batere axola adierazi du jarrera horrekin.