Hazparneko azeria gose da

Romain SicardContador, Froome, Purito, Aru eta besteen lehia biziak itzaletan utzi du Espainiako Vueltan euskal herritar bat egiten ari den lana: Romain Sicard. Hazparneko txirrindularia etapa nagusian ihesaldian sartu da eta tropelak azken mendatean harrapatu du, La Farraponan. Ez da izan Sicard itzuli honetan etaparen ehizan izandako lehen eguna. Hala, urrutira joan gabe, herenegun, La Camperonako hormara ere lasterketa buruan iritsi zen, nahiz eta ezin izan zuen Hesjedalen joari aurre egin. Horrez gain, laugarren etapan ere, koska bat aprobetxatuz, Valverde eta Yatesekin tropelari iskin egiten saiatu zen. Ez du kieto egon nahi…

Romain Sicard oso gazte iritsi zen Euskaltelera, eta gaztetan lortutako emaitzek iragartzen zuten punta-puntako txirrindularia izan zitekeela. 2009an, 21 urterekin, Orbea taldeko kidea zela, profesionalentzako Narancoko igoera irabazi zuen eta denboraldi berean, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuen Mendrision, Betancur eta Sillinen aurretik. Urte beltzak etorri ziren gero, lesioek ez zioten hanketan zuen lehengaia erakusten utzi, eta joan den urtean, Euskaltelen desagerpenarekin, Sicard ere urrundu zitzaigun. Voecklerren Europcar Frantziako taldean hartu zuen aterpe, eta badirudi berriz ere eguzkia ateratzen ari dela Sicardentzat. Ihesaldietan sartzeko ahaleginak bakarrik ez; 14. postuan dago sailkapen nagusian.

Baten batek pentsa lezake beterano bati buruz ari garela, urteak baitira denon ahotan dagoela, baina 26 urte besterik ez ditu. Ziurrenik, bere burua deskubritzen ari da Sicard denboraldi honetan -Giroan ere aritu zen eta 51. postuan bukatu zuen-. Datorren denboraldian aukera izango du gehiago sakontzeko: itzuli handiak lehiatzeko gai den, itzuli txikietan eta klasiketan burubelarri jarri behar duen indarra, Voeckler azeriak bezala ihesaldiak bilatu behar dituen, Roland taldeburuaren mesedetan lan egin behar duen… Gauzak ondo, luze jo gabe besoak gora ikusiko dugu Sicard. Hainbeste miseria jasan eta gero, badu garaia!

Argazkia: velo101.com