Iban Hernandezek(@piban) eta Eneko Garatek (@egarate) grabatu dute Tropelako podcast berri hau. Bertan 2017ko Paris-Nizako kinielaren inguruan aritzen dira beraien iritzi eta gomendioak ematen. Kiniela egiten laguntzeko entzun beharreko podcasta.
Kategoria Artxiboak:Lehiaketak
Puntuazio sisteman egokitzapen batzuk
Aurtengoa Tropelaren 13. denboraldia izango da eta sare sozialetan askotan aipatu dugun moduan, irrikaz gaude denboraldi berri honi ekiteko. Ea orain artekoak besteko oparoa izaten den!
Denbora luze honetan hobekuntza eta egokitzapen lanetan aritu izan gara. Oraingo honetan puntuazio sisteman doitze batzuk egitea egokitu zaigu eta post honen bidez aldaketa horien berri eman nahi dizuegu, nahiz eta ikusgai dituzuen puntuazio sistemaren atalean. Continue reading “Puntuazio sisteman egokitzapen batzuk”
Lasai antzean hasi eta su bizian bukatu
Tropelako kiniela egin aurretik ez dago sobera Paris-Niza probaren ibilbideari bistadizo bat botatzea. Aurtengo lasterketa martxoaren 5ean, iganderarekin, abiatuko da Bois-d’Arcyn eta ez da erlojupeko lehiarekin hasiko. Hori da, begien bistan, aldaketarik nagusiena aurreko urtekoekin alderatuta. Lehenengo hiru etapak lasai samarrak izango dira sailkapen nagusiari begira. Hortaz, esprinterrek eta ihesaldietan iaioak direnek hiru egun apropos izango dituzte borrokarako.
Martxoaren 8an, asteazkenarekin, jokatuko da erlojupekoa. Etapa bitxia inondik ere, izan ere, 14 kilometro eta erdiko saioaren azken hiru kilometroak maldan gora izango dira. Hori horrela, erlojuz kontrako espezialistek lanak izango dituzte igotzaile petoei eusteko. Ostegunean, berriz ere bare eta ostiralean, martxoak 10, izango da lehen mendiko etapa; ziklistek ez dituzte mendate izugarri gogorrak igoko, baina oso ibilbide gorabeheratsua izango dute eta azken bi kilometroek ia %10eko malda dute. Continue reading “Lasai antzean hasi eta su bizian bukatu”
1956ko onena izan zinen, Roger!
Asteartean hil zen Roger Walkowiak, 1956ko Tourra irabazitako eta horretaz damututako gizona, gutxigatik 90 urte betetzera iritsi gabe. Eta agertu da egunkarietan, eta nabarmendu da zeinen gaizki pasatu zuen ondoren, soilik handiei erreserbatutako Grande Bouclea irabazteko atrebentzia izateagatik, eta aipatu da, nola ez, ihesaldi bati esker lortu zuela Tour hura poltsikoratzea. Ba, azken puntu horretan ere, ez da egongo txirrindularitzaren historian Walkowiak bezain gaizki tratatu den pertsonarik, zeren ez zuen Tour hura ihesaldi bati esker irabazi (“bidoi-ihesaldia”, frantziarra are barregarriago utzi nahi dutenek esaten duten bezala), baizik eta bi ihesaldiri esker, eta lortutako aldeari kemenez eusteari esker. Continue reading “1956ko onena izan zinen, Roger!”
Tropelako lehiaketak 2017an
Hitz eman genizuen moduan, 2017ko denboraldian Tropelan izango dugun egutegia publiko egiteko ordua iritsia da!
Aurtengoan 23 lehiaketa izango dira martxoa hasieratik abiatu eta urrira bitartean. Ohi bezala Paris-Niza lasterketarekin hasiko gara eta amaiera Lombardiak emango dio aurtengo denboraldiari.
Lehiaketa berriak eta moldaketa bat izango dira aurtengo berrikuntzak. Egin genuen galdeketa kontutan hartuta – ezin ahaztu ia 700 erantzun jaso genituela! -, Romandia (apirilean) eta Eneco Tour (abuztuan) gehitu ditugu.
Emakumezkoei dagokionez Ardenetako Hirukoa izango dugu aurtengoan gizonezkoenarekin batera. Hau da, emakumezkoen Ardenetako Hirukoa eta gizonezkoena. Gizonezkoen formatua orain arte izan den bezala izango da, hau da, kiniela batekin Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja lehiatuko ditugu. Aurten emakumezkoen klasikoak ere izango direnez, berdin izango da emakumezkoen lehiaketa, kiniela bat hiru klasikoetarako.
Egutegiari dagokionez aipatu aurtengoan Emakumeen Bira maiatzean jokatuko dela – iaz apirilean izan zen.
Espero dugu aurtengorako prestatu dugun denboraldiaren egutegia gustukoa izatea nahiz eta galdeketan denetariko erantzunak jaso ditugun. Uste dugu egutegi hau neurrikoa dela eta guztion gustukoa izateko modukoa.
Edonolako iruzkin edo aipamenik baduzue, gehitu post honen ondoren. Izan ere gustura hartzen ditugu zuen iritziak eta orain arte moduan egin bezala etorkizuneko erabakietan ere kontutan hartuko ditugu.
Eskerrik asko guztioi eta ea denboraldi borobil batez gozatzeko aukera dugu Tropelaren 13. denboraldi honetan!