#309 Tropela.eus | 2019ko Flandriako Tourra

Podcast honetan Eneko Garate (@egarate), Iban Perez (@piban), Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) izan dira parte-hartzaileak eta bertan 2019ko Flandriako Tourraz aritzen dira, bai gizonezkoena zein emakumezkoena. Izan ere Tropelak aurten estreinakoz emakumezkoen lasterketa ere gehitu baitu bere egutegira.

Hemen kinielak prestatzeko iritziak aurkituko dituzu. Hori bai, adi adi entzun beharko duzu.

Gonbidapen garestiak Frantziako Tourrean

Argazkia: letour

Pasa den astean jakin ziren 2019ko Frantziako Tourrerako azken gonbidapen edo wild card-ak. Ez zen sorpresarik izan. Direct Energie eta Arkea-Samsic Frantziako taldeak izan dira aukeratuak. Espero zena, Arkea-Samsic taldearen lekuan Vital Concept ikustea ere posible ikusten genuen arren askok. Ez alferrik, UCI rankingean hobeto kokatua dago Vital Concept (25) Arkea-Samsic baino (28). Baina erabakigarria izan da, dudarik gabe, azken talde honetako bi izarren distira: André Greipel eta Warren Barguil, biak ere protagonista izanak aurreko ediziotan.

Aurretik jakinaraziak zituen ASOk beste bi gonbidapenak. Cofidis eta Wanty taldeenak, UCI rankingean hobetoen kokaturiko bi profesional kontinental taldeak. Gogoratu behar dugu 2020. urtetik aurrera indarrean izango den arautegiaren arabera, aurreko urteko maila horretako 2 talde onenek 3 handietan lehiatzeko aukera izango dutela, eta honenbestez, 2 gonbidapen bakarrik izango dituztela ASO, RCS edo Unipublic-ek beren eskura, nahi bezala banatzeko.

Honenbestez, hainbat taldek Frantziako Tourrean izateko erakutsitako asmoek (tartean Euskadi-Murias taldeak) gero eta urrutiago egon litekeen ametsa dirudite. Datuek diote Frantzian orain bezala 5 talde profesional kontinental dauden bitartean, Tourrean izateko bide bakarra UCIren urteko rankingean lehen bi talde profesional kontinentalen artean geratzea dela. Ez da erraza, baina ez da beste biderik. Hau ez da harreman publikoen kontu bat. Inoiz baino gehiago, matematika kontua da hau.

Hitz egin dezagun bada zenbakiez hurbileko adibide zehatz batzuen laguntzaz. Uneotan Euskadi-Murias 42. postuan dago UCIko taldeen rankingean eta Euskadi Fundazioa 99. postuan, Higuitaren garaipenari esker top100an sartuz. Bigarrenak, inolaz ere ezingo luke gonbidapena jaso dagoen mailagatik, baina norbaitek pentsatzen du ASOk gonbidapen bat luzatuko liokeela top40an ere ez dagoen talde bati? Arkea-Samsic eta Direct Energie ez dira profesional kontinental talde onenak, baina uneotan rankingeko 28. eta 20. postuan daude (hots, pro kontinentalen 10. eta 3. talde onenak). Aipagarria baita, nola Direct Energie (eta aurretik Wanty eta Cofidis), oso pattal dabilen Katusha World Tour taldearen aurretik daudela rankingean. 17 lehenengo postuak, logikoa denez, World Tour taldeei dagozkie.

Argazkia: @inrng

Are gehiago, aurtengo denboraldiaren amaieran 2 profesional kontinental onenak frantziarrak ez balira ere, eta haiek lortuko balute 2020rako Tourrerako sarbide zuzena, 5 talde frantziarrak oso ondo kokatuak daude sailkapenean, denak ere, bostak, lehen aipaturiko Euskadi-Murias edo Caja Rural (33) taldeen aurretik.

Irabaztea beti da zaila. 3 etapa garaipen itzuli batean emaitza bikaina da eta asko poztu gara Euskadi-Muriasek Alentejon lortutakoarekin, baina taldearen helburua Frantziako Tourra bada, ezer gutxirako balio dute, ez bada prestakuntza findu eta konfidantza irabazteko. Aste zoragarri batean, Enrique Sanzek 23 puntu bakarrik pilatu ditu beretzat eta bere taldearentzat Alentejon (2.2), 3 etapa irabazi eta 2 egunetan lider egotearen ondorioz. Bitartean, Wanty taldeak egun berdinetan, eta Dupont-ekin bakarrik, 210 puntu, GP Denain (1.HC) eta Bredene Koksijde Classic-en (1.HC) lorturiko postuekin. Van der Poelek bakarrik ere, 200 puntu igandean bere Corendon-Circus taldearentzat edo Roubaix – Lille Metropole kontinentalak 140 puntu GP Denain-en 2 ziklista top 10-an sartzeagatik. Hau da, dela rankingeko lehen 2 postuetan urtea amaitzeko, dela ASOren aurrean erakargarri azaltzeko (frantziarren aurretik behar lukete horretarako) puntu ehiza beste biderik ez dago.

Norbaitek esan dezake ez direla puntuak bakarrik begiratzen. Adibidez, beste taldeek ez dutela euskal zalegoa bezalakorik atzean (begira Pirinioak!!), edo Tourra laster Bilbora omen datorrenez agian orduan egongo dela euskal talde batentzat aukera (Giroak ere 2018an Israel Cycling Academy gonbidatu zuen irteera han zelako!!). Baina agian, ahazten zaie Israel Cycling Academy uneotan Italiako talde guztien aurretik dagoela UCI rankingean, eta hala ere, bai egin dituen fitxaketak, bai egutegia, UCI rankingeko puntuak pilatzera bideratu dutela. Ez dira bakarrak. Esango nuke 4 talde direla 2 postu horien lehian buru-belarri sartu direnak: Wanty, Cofidis, Direct Energie eta Israel Cycling Academy.

Eta egia esan, harrituta nago bai zaleen aldetik eta esango nuke bai talde askoren aldetik ere zer jarraipen gutxi ematen ari zaion aurten berrikuntza handi honi. 2. mailatik 1.go mailara igotzearen baliokideak diren 2 txartel daude lasterketetan jokoan eta txirrindularitza bere osotasunean erakargarriagoa eta gardenagoa egiten du honek.

#308 Tropela.eus podcastak: 2019ko Tirreno Adriatikoa

Denboraldiko Tropelaren bigarren podcasta Iban Perezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatu dute. Bertan 2019ko Tirreno Adriatikoaz aritu dira, beti ere kinielari errepasoa emanez. Aldaketarik ezean, badirudi hiru euskaldun izango direla eta azken uneko notizia Sagan (BOH) ez dela ehuneko ehunean abiatuko izango dira.

#307 Tropela.eus podcastak: 2019ko Strade Bianche

Urteko estraineko podcast honetan Imanol Llucia (@imanolllucia), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) aritu dira solasean denboraldiko eta Tropelan estrainekoz izango den Strade Bianche, emakumezko eta gizonezkoen, klasikoen analisia egiten. Emakume eta gizonezkoen lasterketak berdintasunez tratatzeko aldarria egiteaz gain, kinielei errepasoa egiten diete. Ahaztu gabe webgune berria duela Tropelak martxan, nahiz eta oraindik guztiz amaituta ez dagoen.

Basque Country Challenge by Itzulia, emakumeei protagonismo gehiago emateko azken lasterketa berria [inozentada]

2019. urtean emakumeek aspaldi ez bezala protagonismo nabarmena izango dute euskal errepideetan. Aurtengo Donostiako Klasikoaren aurkezpenean jakin genuen nola Leire Olaberriak zuzenduta Emakumezkoen Donostiako Klasikoa ere izango dugula hurrengo urtean. Hori gutxi ez eta Itzuliarekin batera Basque Country Challenge by Itzulia egun bakarreko lasterketa ere antolatzea erabaki du OCETAk.

Leirerekin baba-jan otordu bat egiteko geratu ginen orain egun batzuk eta bertan Itzulian ere Klasikoan bezala zerbait egin beharko genukeela pentsatu genuen” adierazi digu Julian Eraso OCETAko presidenteak. “Gu beti izan gara emakumeen aldeko ekintzetan aitzindari. Adibidez, podiumeko azafatak kentzen aurrenetakoak izan ginen eta bide horretan jarraitu nahi dugu bai Emakumezkoen Donostiako Klasikoarekin baita orain ezagutzera ematen ari garen Basque Country Challenge by Itzulia”. Continue reading “Basque Country Challenge by Itzulia, emakumeei protagonismo gehiago emateko azken lasterketa berria [inozentada]”