#341 Tropela.eus podcastak: 2019ko Frantziako Tourra

Imanol Llucia (@imanolllucia), Iban Perez (@piban) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) elkartu dira denboraldiko lasterketarik garrantzitsuenaren podcasta grabatzeko: Frantziako Tourra.

Hirukoteak 106. edizioa izango den ibilbideari errepaso bat ematen diote, lasterketaren inguruan jakin beharreko gauzarik garrantzitsuenak aipatzen dituzte, eta bereziki Tropelako multzoen azterketa zehatza egiten dute. Seguru kinielak prestatzeko lagungarri egiten zaizuela!

Hemen dituzue podcastean aipatzen ditugun Telegrameko estekak:

Tropela prest Emakumeen Birari laguntza emateko

Ez da lehen aldia Agustin Ruiz de Larringanek, egungo Emakumeen Bira itzuliaren arduradun nagusiak, lasterketaren etorkizuna kinka larrian dela plazaratzen duena. Edonola ere, badirudi oraingo hau benetako agurra izan daitekeela.

Dakizuen moduan Tropela 3 urtez Emakumeen Biraren komunikazio digitala bultzatzen aritu zen, besteak beste webgune berri bat diseinatuz eta hiru hizkuntzetan informatuz, beti euskara lehenetsiz nola ez. Eta hori guztia Tropelako kideen lan boluntarioari esker. Antolakuntzaren parte gero eta ardura gehiago hartzeko proposamena ere luzatu genien, baina iazko edizioaren aurretik jaso genuen erantzuna gehiago gure beharrik ez zutela izan zen.

Bi urterako lortu zuen World Tour lizentzia Agustinek eta badirudi behin bere nahia lortu ondoren, lasterketa mailarik gorenera eramatea, eta bi urteko konpromisoa osatuta, jada bere zikloa amaitutzat ematen duela.

Tristea iruditzen zaigu Emakumeen Biraren etorkizuna horrela ikustea eta norbait antolakuntzaren ardura hartzeko asmotan bada, esan Tropela Elkartea berriro ere komunikazio lanetan laguntzeko prest izango duela. Horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez luke izango.

Oharra: gustatu zaizue azken bi urteetako lasterketaren logo eguneratua? Jakin ezazue hau izan zela Tropela elkarteak Emakumeen Birarentzat egin zuen azken lanetako bat, hau ere musu-truk.

#340 Tropela.eus | errepasoa 5

Hau duzue Tropelaren 340. podcasta eta denboraldiko 5. errepaso podcasta. Azken bi aste hauetan txirrindularitzaren inguruan izan ditugunak mintzagai hartzen dituzte Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Iban Perezek (@piban) podcast honetan. Zalantzarik gabe lasterketarik garrantzitsuenak errepasatzen dira, Dauphine Kriteriuma eta Suitzako Tourra.

Gogoratu bi aste barru abiatuko dela Frantziako Tourra eta txirrindulariek prest izateko denbora gutxi geratzen zaiela dagoeneko.

#339 Tropela.eus podcastak: 2019ko Suitzako Tourra

Larunbat honetan abiatuko da 2019ko Suitzako Tourra. Aurre analisia egiteko, podcast honetan Imanol Llucia (@imanolllucia), Lander Garro (@landergarro), Eneko Garate (@egarate) eta Iban Perez (@piban) bildu dira.

Nahiz eta faborito nagusienak Dauphineko Kriteriuma lehiatzen aritu, beste zenbait txirrindularik Suitzako Tourra hautatu dute Frantziako Tourreko prestaketa borobiltzeko. Guztia aztertzen dute, batez ere Tropelako kiniela, solaskideek podcast honetan.

#338 Tropela.eus podcastak: 2019ko Dauphine Kriteriuma

2019ko Dauphine Kriteriumari errepasoa ematen diote ezohiko podcast honetan Inaxio Esnaolak (@inaxioesnaola), Imanol Lluciak (@imanolllucia), Iban Perezek (@piban) eta Egoitz Lizasok (@elizaso). Izan ere “collage” podcast bat dela esan daiteke bakoitzak bere kasaka multzo desberdinen inguruko iritzia ematen baitute. Ohi bezala, kinielak egiten laguntzeko audioa.