Amaitu da Frantziako Tourra eta baita gure lehiaketa ere. Eta Tourrean emozioa izan bada, Tropelean zer esanik ez. Azken aste osoan lidertzan egon den arist debarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan du eta sailkapen nagusian puntu mordoxka bat jasota ajauregi ondarrutarrak aurrea hartu die denei. Azken unean lortu du Tropeleko maillot horia baina puntuei dagokienez ia 300 puntuko aldea lortu du bigarrenarekiko eta hirugarrenari berriz 500 puntu baino gehiago kendu dizkio. Bere garaipena Cadel Evans eta Levi Leipheimer ziklistetan oinarritu da. Tropeleko gehienok Alexandre Vinokourov eta Alejandro Valverderen aldeko apustua egin zenuten eta bizkaitar honek asko arriskatu zuen bi hautagai nagusiak aldatuaz. Apustua ongi irten zaio eta txirrindulari talde bikaina osatuz bera izan da garaile Tourrean. Zorionak!!
Hirugarren postuan, txomindela irundarra geratu da. Honek ere atzetik aurrera egin du eta azken astean izandako gorakada ikusgarria izan da.
Gogoratu, etapa bakoitzeko lehen biak eta Tropeleko sailkapen nagusiko lehen hamarrek saria daukazuela. Emailez abisatuko zaizue. Sari banaketa datorren ostiralean, abuztuak 3, arratsaldeko 18:30etan izango da Zestoako Bainuetxean. Aurreko bi urteetan bezala Kepa Iribar Euskadi Irratiko kazetariak eramango du ekitaldiaren gidaritza eta sariak banatzen tropeleko euskal txirrindulari batzuk izango dira. Bertan ikusiko gara. Gonbidatuta zaudete.
Honekin emango diogu amaiera aurtengo Frantziako Tourrari. Txirrindulariok bezala Tourrean lanak ongi egin ez ditugunok Espainiako Vueltan izango dugu errebantxarako aukera.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Nahi baduzue, abuztuaren bukaeran ikusiko gara Galizan hasten den Espainiako Vueltan.
Contadorrek eutsi egin dio erlojupekoan eta aurtengo Tour zalapartatsua irabaziko du. Erlojupekoa emozioz betea izan da eta azkenean podiuma 31 segundotan erabaki da. Bazirudien Evans irabazteko gai izan zitekeela, baita Leipheimer bera ere egiten ari zen erlojupeko bikaina ikusita. Ez ote du positibo emango?
Gainontzeko kiroletan gertatzen den bezala kolpe, zigor eta abarrak kirolariek eramaten dituzue. Antza, errudun bakarrak zarete. Harrapatu arte dena da lehia, ezta? Alexander, Cristian, Michael,… Errepidean zuen bizibidea ondo burutzeko lehenbizi laborategietan lan egiten duzue. Baina zeinek bultzatuta? Bizitzan zehar maillot ezberdinak janzteko aukera izaten duzue, dena ondo joanez gero. Berez biluztasuna publizitate eta diruz estaltzen duzue. Babes ekonomiko bat lortu. Baina benetako babesik ez da zuentzat. Gaitza agertzen denean denak dira punta-puntako mediku. Batez ere lasterketetan garrasi egiten dizueten manager horiek. Salbuespenak beti daude, noski. Jartzen dizkizueten mendate, etapa eta erokerien aurrean normala jasate bide ilegal horien bila joatea. Baina, arren, erantzun. Non hasten da benetako gaitza?
Gaur goizean berri honekin esnatu naiz. Irratia entzuten ari nintzela, egunkarietako berri nagusia Rasmussenen irudia zela aipatu dutenean ez nau harritu, atzo lasterketako gizonik indartsuena dela erakutsi baitzuen. Baina ez, berria ez zen hori, Rabobank taldeak Tourra uztera “gonbidatu” duela baizik!!!
Tourrak aurrera jarraitu behar al du? Contador lidertzan jarri eta egun gutxi barru alemaniako egunkariak berriro ere Puerto Operazioa aipatzen hasten direnean Pintoko txirrindularia ere kanporatu egingo al dute? nora goaz txirrindularitza honekin?