Rasmussen eta Mayo mendian izugarri

rasmussenPena. Gaur ere euskaldunak bigarren. Baina ez da harritzekoa, Rasmussenek eman duen erakustaldiaren ostean, Mayoren bigarren postua faborito guztien aurretik txalotzekoa eta esperantza asko pizten dituena. Niri behintzat bai.

Gogoz nengoen gaurko etapa ikusteko. Eguraldi oso beroa eta haizetsua izan dugu eta egia esan nahiago nuen gaurko etapaz gerizpean gozatu. Halaxe egin dut eta benetan pena merezi izan du.

Rasmussenek merezimendu osoz irabazi ditu etapa Continue reading “Rasmussen eta Mayo mendian izugarri”

Gerdemann lider, Landaluze bigarren

LandaluzeGaurko etapan Linus Gerdemann 24 urteko alemaniarra izan dugu garaile 15 kideko tropeltxoaren ihesaldiaren ostean. Tropeltxo honetan ziren Ruben Perez, Iñigo Landaluze eta Egoi Martinez euskaldunak. Rubenek lana beltz egin du tropelarekiko diferentzia mantendu zedin Colombière igotzen arte. Noski, Landaluzeren mesedetan. Goraka hasi direnean, ordea, Gerdemannek erasoa jo du. Lehen metroak Fofonovekin batera egin baditu ere, azken kilometroak bakarrik egin ditu. Atzetik Landaluze progresiboki alemaniarrarengana gerturatzen joan da, baina ez du 20 segundo baino gutxiagoko diferentzia jeisterik lortu. Bazirudien jaitsieran euskaldunak zerbait egin zezakeela, baina Gedermannek asko arriskatu eta etapa garaipenaz gain, Tourreko lidergoa eskuratu du. Hori bai, Landaluze sailkapen nagusiko bigarren postuan aurkitzen da gaurko etaparen ostean. Pena izan da garaipena eskuratu ezin izana, baina Euskaltel-Euskadik egindako lana bikaina izan dela ezin dugu ukatu.

Faboritoei dagokienez, Vinokourov eta Klodenek ondo gainditu dute gaurko etapa. Beharbada gainontzeko faboritoek erasoren bat jo beharko lukete Astanako bi kide hauen benetako egoera zein den ikusteko, baina ez da halakorik izan.

Bihar izango dute benetako azterketa txirrindulariek. Bihar jakingo dugu ea Vinokouroven benden azpian benetako zauriak dauden eta Klodenen pitzatua zenbaterainokoa den. Bihar ez da gupidarik izango. Bihar zirt edo zart egiteko eguna izango da.

Pippo ehiztari

Pozzato ehiztari“Pozzatorentzat aproposa…”, halaxe goraipatzen zintuen atzo arratsaldean gurean ezaguna den irrati esatari euskaltzale batek. Argi dago, Pippo (Sandrigo 1981), duela ez asko maisu izan zenuen Paolo Bettiniren traza bera duzula. Sprint lau, luze eta jendetsuetan ez zara eroso sentitzen… Tira, arrazoi duzu Pippo, Milano San Remokoa ezin da ahaztu. Dena dela, zuk nahiago dituzu sasi-ordekan edo hainbat muino txiki igarota amaitzen diren etapak. Ehiztari aparta zara. Kilkerra bezala.

Palmaresean bigarrena duzu atzokoa. Hori bai, hiru urte behar izan dituzu Frantziako Tourrean zure urrezko ilajea podiumaren lehen postuan erakusteko. Aztertu beharko genuke italiarrek ilajeekin duzuen estimua. Cipollini edo Di Lucaren ile-apaindegi berera joaten al zara? Mancebo ere tarteka joan izan da, ezta? Ez ezazu barre egin, pozik egoteko beste hainbat motibo baitituzu, Pozzato. Urteko laugarren garaipena; denera hogeita hamar inguru. Liquigas etxekoak gustura egongo dira zurekin. Bistakoa da Quick Stepeko “morrontza” lanetik urrun aske zarela; irabazle.

Tourra luze geratzen zaizu oraindik eta ziur beste behin edo bitan saiatuko zarela besteren bat irabazten. Aurreko egunetan bezala. Hala ere, egon ziur Freirek ez duela berehalakoan ahaztuko atzoko pultsua. Munduko txapeldun ordea honela gaindituta beldurrik baduzu hurrengo egunetara begira, Pippo?

Inaxio Esnaola
Argazkia: Roberto Bettini

Protagonista aldaketa?

Gaurko Tourreko etapak ez luke aurrekoekin zerikusi haundirik izan behar. Etaparen profilari begiratu besterik ez dago ihesaldietarako aproposa dugula gaurko eguna. Gainera, aurtengo ekitaldian ez dira gaurkoa bezalako etapa asko eta ziur naiz tropeleko txirrindulari askok dutela gaurko etapa X handi batekin seinalatua.Profila

Ez dut uste sprinterren taldeek lanean aritzeari segituan uko egingo dietenik baina garbi daukat helmugara taldea handi batek batera iristea lortzen baldin badu ere sprinter denak ez direla izango bertan eta zenbat txirrindulariko eta nork osatutako ihesaldia den ikusi ondoren jakingo da helmugara iristeko aukerarik izango duten edo ez.

Etapa oso arriskutsua izan daiteke hasiera batean Tourra irabazteko aipatzen ez diren baina maila altua duten txirrindulari batzuk ihesaldian sartu eta minutu polit batzuk hartzeko. Ez Tourra irabazteko baina bai sailkapen nagusian postu on batean amaitzeko. Izen asko etortzen zaizkit gaurko egunerako, Schumacher, T.Dekker, Wegmann, Iglinskyi, Voigt, Egoi Martinez, Gilbert, Pozzato… seguru asko eta asko uzten ditudala baina gisa horretako txirrindularientzako aproposa behar luke etapak.

Hau dena esan eta gero azkenean helmugan esprinta ikusten bukatu dezakegu baina agian nire nahiek irabazi egin didate hau idazterako orduan.

Lokomotorak kea dariola jarraitzen du!

cancellara2.JPGHemen dugu berriro ere lokomotora suitzarra. A zer sua duen hanketan beronek. Garbi geratzen ari da ibilbide lau eta motzetan ez duela areriorik. Ezin esan ematen duen lehen erakustaldia denik baina larunbatean eta atzo erakutsi zuen nagusitasuna ikustea ezin esan erraza denik. Hain gustuko duen Paris – Roubaix klasikoaren hasiera den Compiegnen eskuak goian zituela ikusteko moduan izan ginen.

Ez nuke nahi hala ere erakustaldi honek atzoko etapa lotsagarria estaltzerik. Ez zait bidezkoa iruditzen txirrindularien jarrera hori. Txirrindularitza hain zalea ez den batek jarraitzen duen proba bakarra izan daitekeela jakinaz, nola azaldu atzoko etaparen garapena? bai, beti izango dira kilometro asko zirela, aurreko egunean mina hartutako jende asko zela eta makal joatea komeni zitzaiela… hala ere, ez zait iruditzen atzoko etapa justifikatzeko adinakoak direnik. Parisera iristen den azken eguna ematen zuen, txanpainak eta argazkiak bakarrik falta ziren.

Espero dezagun gaur atzo baino borroka handiagoa ikustea. Atzo Egoitzek ia asmatu zuen ihesaldi bat iritsiko zela esaterakoan. Agian gaurkoan ere pentsakera berdinarekin jarraitzen du baina nire ustez gaurkoan berriro ere esprinta ikusteko moduan izango garela uste dut. Helmugara iristen diren ihesaldiak azken astean izan ohi dute arrakasta eta gaurkoan ere jai izango dutela uste dut.