Bi mendiko etapa pasa ondoren (ez dut larunbatekoa kontutan hartzen, txirrindulariek beraiek nahi izan ez zutelako) hautagaien zerrenda murriztu eta definitu da. Iaz bezala, oraindik atzean dauden txirrindulariren batzuk aukerak izan ditzakete baina beti ere sekulako indar errekuperazioa izan edo tropelaren baimenarekin ihesaldi batetan lortutako minutuak baliatuz.
Bi etapa hauek nahikoa garbi erakutsi digute Tourrean zein diren gizonik indartsuenak. Hala ere, denbora tarteak ez dira batere handiak denen artean eta Tourra zeharo irekita geratu da. Neure hautagai nagusia argazkiko hau da, Andreas Klöden. Bi aldiz podiumean izan den gizon honek erakutsi du, larunbatean ematen ez bazuen ere, Astanako lider bakarra izan behar lukeela. Larunbateko erlojupekoan zenbait hautagairekiko denbora tarte politak sar ditzake eta zergatik ez, Tourreko lidertzan jarri. Aurretik txirrindulari asko ditu eta ez du lan erraza izango baina erlojupekoaren profilari begiratuta aurreratu daiteke denbora tarteak handiak izango direla.
Larunbatekoaren ondoren sailkapena nola gelditzen denaren arabera, Pirinioetako etapak modu batera edo bestera planteatuko dituzte txirrindulariek. Erasotu edo defenditu beharrean aurkituko diren txirrindulariak ikusiko ditugu eta horren arabera lasterketa bat edo beste ikusiko dugu.
Baina ez Tourra. Batzuk jokoz kanpo geratu dira, edo hori saldu nahi dute, behintzat: Vinokourov, Mentxov, Schleck eta beste batzuk. Edozelan ere, nire iritziz, aldeak ez dira handiak, eta erlojupekoak eta Pirinioak daude aurretik.
Pena. Gaur ere euskaldunak bigarren. Baina ez da harritzekoa, Rasmussenek eman duen erakustaldiaren ostean, Mayoren bigarren postua faborito guztien aurretik txalotzekoa eta esperantza asko pizten dituena. Niri behintzat bai.
Gaurko etapan Linus Gerdemann 24 urteko alemaniarra izan dugu garaile 15 kideko tropeltxoaren ihesaldiaren ostean. Tropeltxo honetan ziren Ruben Perez, Iñigo Landaluze eta Egoi Martinez euskaldunak. Rubenek lana beltz egin du tropelarekiko diferentzia mantendu zedin Colombière igotzen arte. Noski, Landaluzeren mesedetan. Goraka hasi direnean, ordea, Gerdemannek erasoa jo du. Lehen metroak Fofonovekin batera egin baditu ere, azken kilometroak bakarrik egin ditu. Atzetik Landaluze progresiboki alemaniarrarengana gerturatzen joan da, baina ez du 20 segundo baino gutxiagoko diferentzia jeisterik lortu. Bazirudien jaitsieran euskaldunak zerbait egin zezakeela, baina Gedermannek asko arriskatu eta etapa garaipenaz gain, Tourreko lidergoa eskuratu du. Hori bai, Landaluze sailkapen nagusiko bigarren postuan aurkitzen da gaurko etaparen ostean. Pena izan da garaipena eskuratu ezin izana, baina Euskaltel-Euskadik egindako lana bikaina izan dela ezin dugu ukatu.
“Pozzatorentzat aproposa…”, halaxe goraipatzen zintuen atzo arratsaldean gurean ezaguna den irrati esatari euskaltzale batek. Argi dago, Pippo (Sandrigo 1981), duela ez asko maisu izan zenuen Paolo Bettiniren traza bera duzula. Sprint lau, luze eta jendetsuetan ez zara eroso sentitzen… Tira, arrazoi duzu Pippo, Milano San Remokoa ezin da ahaztu. Dena dela, zuk nahiago dituzu sasi-ordekan edo hainbat muino txiki igarota amaitzen diren etapak. Ehiztari aparta zara. Kilkerra bezala.