Tropelean ajauregi ondarrutarra irabazle

TropelaAmaitu da Frantziako Tourra eta baita gure lehiaketa ere. Eta Tourrean emozioa izan bada, Tropelean zer esanik ez. Azken aste osoan lidertzan egon den arist debarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan du eta sailkapen nagusian puntu mordoxka bat jasota ajauregi ondarrutarrak aurrea hartu die denei. Azken unean lortu du Tropeleko maillot horia baina puntuei dagokienez ia 300 puntuko aldea lortu du bigarrenarekiko eta hirugarrenari berriz 500 puntu baino gehiago kendu dizkio. Bere garaipena Cadel Evans eta Levi Leipheimer ziklistetan oinarritu da. Tropeleko gehienok Alexandre Vinokourov eta Alejandro Valverderen aldeko apustua egin zenuten eta bizkaitar honek asko arriskatu zuen bi hautagai nagusiak aldatuaz. Apustua ongi irten zaio eta txirrindulari talde bikaina osatuz bera izan da garaile Tourrean. Zorionak!!

Hirugarren postuan, txomindela irundarra geratu da. Honek ere atzetik aurrera egin du eta azken astean izandako gorakada ikusgarria izan da.

Gogoratu, etapa bakoitzeko lehen biak eta Tropeleko sailkapen nagusiko lehen hamarrek saria daukazuela. Emailez abisatuko zaizue. Sari banaketa datorren ostiralean, abuztuak 3, arratsaldeko 18:30etan izango da Zestoako Bainuetxean. Aurreko bi urteetan bezala Kepa Iribar Euskadi Irratiko kazetariak eramango du ekitaldiaren gidaritza eta sariak banatzen tropeleko euskal txirrindulari batzuk izango dira. Bertan ikusiko gara. Gonbidatuta zaudete.

Honekin emango diogu amaiera aurtengo Frantziako Tourrari. Txirrindulariok bezala Tourrean lanak ongi egin ez ditugunok Espainiako Vueltan izango dugu errebantxarako aukera.

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Nahi baduzue, abuztuaren bukaeran ikusiko gara Galizan hasten den Espainiako Vueltan.