Gaitzaren bila

Gaitzaren bilaGainontzeko kiroletan gertatzen den bezala kolpe, zigor eta abarrak kirolariek eramaten dituzue. Antza, errudun bakarrak zarete. Harrapatu arte dena da lehia, ezta? Alexander, Cristian, Michael,… Errepidean zuen bizibidea ondo burutzeko lehenbizi laborategietan lan egiten duzue. Baina zeinek bultzatuta? Bizitzan zehar maillot ezberdinak janzteko aukera izaten duzue, dena ondo joanez gero. Berez biluztasuna publizitate eta diruz estaltzen duzue. Babes ekonomiko bat lortu. Baina benetako babesik ez da zuentzat. Gaitza agertzen denean denak dira punta-puntako mediku. Batez ere lasterketetan garrasi egiten dizueten manager horiek. Salbuespenak beti daude, noski. Jartzen dizkizueten mendate, etapa eta erokerien aurrean normala jasate bide ilegal horien bila joatea. Baina, arren, erantzun. Non hasten da benetako gaitza?

Alexander (Petropavlosk, 1973), gogorra izan behar du. Iazko Tourrean parte hartzeko aukerarik ez zenuen izan eta Espainiako Itzulia irabazi zenuen. Aurten aurre-denboraldia “zintzoki” eman duzu Frantziako Itzulia prestatzen. Taldea ere zure gisara antolatu duzu hainbat herrikide eta puntako txirrindulariekin. Inbidia ere sortu omen duzue. Batez ere Dauphine Libere lasterketan egindakoaren ondoren. Baina benetako itzulian inertziatik atera eta zorte txarra izan duzu. Erorikoak, egun txarrak, oinazeak,… Berpizkundea, indar erakustaldia, bi garaipen,… Txirrindularitzaren paradoxa bezala har daiteke aurten egin duzuna. Edo errazenera jo eta dopatu egin zarela. Frogak omen daude. Zuk behintzat erruduntzat duzu zure burua. Taldeak ez zaitu babestu. Alexander, agur esan diguzu ekaitzaren lehen trumoia utzita.

Cristian (Asola, 1972), benetan gogorra izan behar du. Askorentzat, harrigarria ere izan da. Alexander baina lehenago egin zenuen okerra. Laborategiek halaxe diote, bederen. Harrigarria ere, soinean daramazun maillota frantziarra izatea. Agian badu lotura “atzerapenarekin”. Zuk, ordea, ez duzu zortea izan Frantzian jaiotzeko. Italiarra zu. Nolanahi ere, ez da lehen aldia honelako kontuetan nahasten zarela, ezta? Edo agian nahastu zaituzte. Tropelean beti izan duzu txirrindulari bihurriaren izaera. Baita jenio txarrarena ere. Urrezko garaiak joaten direla. Baina beti egongo dira “lau” zure iragana, oraina bihurtu eta suntsituko dutenak. Gainontzekoak bezala errugabea zara kontrakoa demostratu arte. Lasai Moreni, txirrindularitza sobera ezagutzen duzula. Hori bai, zuri ere taldeak bizkarra eman dizu eta taldekideek ez dut uste ondo begiratuko dizutenik. Zu izan zara tximista.

Michael (Holbaek, 1974), oso gogorra izan behar du. Batez ere, lau etapa falta direnean Frantziako Itzulia amaitzeko zu lider “sendo” izanda. Bai, sendotasuna aipatzearena ironia bat zen, zure argazkiak ikusita zur eta lur geratzen baikara. Mexiko edo Dolomitetara joan beharko gara lortu duzun figurinaren bila. Baina joan gaitezen gaitz honen “piñoi handira”. Zuk ere bi garaipen behar izan dituzu susmoak egi bihurtzeko. Alexanderri ere gauza bera gertatu zitzaion. Baina zure kasua haratago doa. Liderra zinen. Sendoa, kilometroekin irabazitakoa. Agian ez errepidekoak soilik. Zure federazioak gogor egin zuen zure aurka Tourraren aurretik eta, Olinpiar Joko zein Munduko Txapelketara joatea galarazi zizun. Kontrolak ez pasatzeagatik. Bai, Michael, sarritan pentsatuko zenuen “kontrola” denek pasa behar dutela. Ez kirolariek soilik. Baina badakizu nolakoa den mundu hau. Taldea, ordea, federazioak esandakoa ahaztu eta babestu egin zintuen. Maillota, ordea, azkar kendu dizute. Baita Tourra ere. Aurten, ez itzuli handirik, ez olinpiar jokoak, ezta mundialak ere. Baina okerrena zera da. Zure irudia garbitzeko aukera ez izatea. Benetan gaitzaren hatzaparretan erori zara edo inbidia-frantziar-errepresibo baten konspirazioak akabatu zaitu? Zu zara, hortaz, jazoeraren zaparrada. Mediatikoa, noski.

… (…, …), gogorra izan behar du…

1998. urteko itzulira itzuli garela dirudi. Finean, itzuliak “itzuli” direlako.

Inaxio Esnaola