Riccò: “Espainiako Itzulian parte hartu nahi dut”

Riccò podiumeanHoriexek izan dira italiarraren adierazpena Quick Step taldearekin fitxa sinatu duela argitaratu denean. Dirudienez Movistar eta Vacansoleil taldeetatik eskaintzak jaso ditu, baina azkenean hasierako zurrumurru haiek zioten taldera joan da Cobra.

Oraindik Vueltan lehiatzeko aukerak daudela dirudi. Denboraz ez dabiltza sobran, izan ere UCIko araudiak epe batzuk jartzen ditu txirrindularien izen emateak egiterako garaian. Gogoratu Vuelta abuztuaren 28an hasiko dela, bi aste barru, eta izen emateko epeak laster itxiko direla.

Badirudi bai txirrindulariak eta baita taldeak berak ere Riccò Vueltan izateko ahalegina egingo dutela. Nik benetan gogoa dut ikusteko ia zertarako gauza den italiarra ordaindu behar izan duen zigorra eta gero. Vueltari plus bat emango diolakoan naiz. Nik Tropeleko kinielan aukeratuko dut parte hartzaileen artean bada behintzat!

Luis Leon Sanchez, Donostian garaile

sirottiCaisse d’Epargne taldeko Luis Leon Sanchez espainiarrak eskuratu du Donostia-Donostia klasikoa, azken metroetan iheskideak, Astanako Alexander Vinokourov eta Cerveloko Carlos Sastre gaindituta. Jaizkibel eta Arkale bi aldiz igota, sakabanaketa aurreko urteetan baino nabariagoa izan da.

Juanma Garatek, Gorka Verdugok eta Jose Ivan Gutierrezek gatza eta piperra jarri zioten lasterketari Jaizkibel bigarrenez ekin aurretik. Jaizkibeleko maldak iristean hasi ziren tropeleko kideen erasoak. Giroan horren ondo ibilitako Richie Porte australiarrak jo zuen aurrera eta tropela asko sakabanatu zen. Aurretik, Samuel Sanchezek, Alexander Vinokourovek, Purito Rodriguezek, Carlos Sastrek eta Nicolas Rochek egin zuten aurrera eta haiekin bat egiten ahalegindu zen Haimar Zubeldia. Robert Gesink, Hesjedal, Porte eta beste txirrindulari batzuk aurrekoekin lotzekotan zirela, Jaizkibelgo gaina harrapatzeko kilometro inguru falta zela, atzeko talde horretatik Luis Leon Sanchezek jauzi egin zuen eta haren atzetik Sastre eta Vinokourov baino ez ziren atera. Hirurak elkartu ziren jaitsieran, eta aurrera egin zuten; Irungo tarteko helmugan 37 segundoko tartea pilatu zuten.

Luis Leon Sanchezen erasoaHelmugatik 20 bat kilometrora azken aldapa gogorra igo zuten, Arkale, eta bertan aurreko hirukoteko inork ez zuen erasorik jo. Atzeko taldetxoan Gesinkek oso erritmo gogorra jarri zuen eta aurreko hiru ziklisten aldea pixka bat jaitsi zuen: 20 segundora. Gesink, Haimar Zubeldia, Hesjedal, Roche Sanchez eta Purito zebiltzan aurrekoak harrapatu nahian.

Hurbildu bai, baina harrapatu ez. Mirakruz gainak ez du normalean erabakigarria izaten, baina Vinokourovek eraso gogorra jo zuen, bakarrik helmugaratu nahian. Luis Leon Sanchezek Astanako txirrindulariaren gurpila harrapatu zuen, kostata hori bai. Sastrek, ordea, amore eman zuen. Hala eta guztiz ere, azken kilometroan Vinokurov eta Sanchez elkarri begira hasi eta Sastrek haiekin bat egin zuen berriz ere. Hiruren arteko azken esprintean Luis Leon Sanchez espainiarra nagusitu zen, Vinokouroven eta Sastreren aurretik. Haimar Zubeldia, Tourrean parte hartu ez badu ere, sasoian dago eta laugarren iritsi zen helmugara.

Caisse d’Epargne taldeko beste ziklista batek irabazi zuen lasterketa duela bi urte: Alejandro Valverdek.

Argazkiak: Sirotti (Cyclingnews.com) eta Mikel Mollinedo

Aurtengo Tourraren balantzea: Fair Play-az kokoteraino!

Tourreko podiuma 2010Tourraren ajea oraindik pasa gabe dutela, bero-beroan aritu zaizkigu gure solaskideak. Gaurkoan, saio berezia izaki, Iosu Garate (@iosugarate) elkartu zaie Egoitz Lizaso (@elizaso) eta Oihan Odriozolari (@oodriozola). Hiruren artean errepaso bikaina eman diote hiru aste hauetan gertatuko ekintza aipagarrienei eta ahotan izan duten Tour osoan zehar entzun dugun Fair Play edo kiroltasuna. Idatzi gabeko arau horietaz kokoteraino daudela ere komentatu dute eta Tour honetako bi indartsuenen (Contador eta A.Schleck) laguntasuna ez dela oso naturala izan iruditu zaie.

Saioa luze joan da eta bertan, Tour honetan loreak merezi dituztenak zein izan diren (Cavendish, Petacchi, Cancellara, Purito, Hesjedal) eta huts egin dutenak zein izan diren (Armstrong, Basso, Wiggins, Evans, Freire eta euskaldunak oro har) banan-banan aztertu dituzte. Tropelako multzoak ere jorratzeko astia hartu dute eta azkenean umore puntu batez amaiera biribila eman diote saioari. Ea zeuen gustukoa den.

Podcasta entzuteko sakatu hurrengo botoitxoan.

[audio:http://bloga.tropela.eus/wp-content/uploads/2010/07/tropelanet_tourra2010_berezia.mp3|titles=Berezia]

MP3a deskargatu

Aurreko podcastak (Bertan aurkituko dituzu aurreko etapetako podcastak ere):
– Tourreko 20. etapa

Argazkia: ciclismo2005.blogspot.com

20. etapa: Contadorren hirugarrena, majo sufrituta

2010ko Frantziako Tourreko podiumaTourraren azken eguna izanik, Egoitz Lizasok (@elizaso) eta Oihan Odriozolak (@oodriozola) gaurko esprintaren eta atzoko erlojupekoaren inguruan analisia egin digute. Bitxikeriak ere izan dira, nola ez, bai RadioShack taldearen maillot aldaketak, Contador eta Andy Sclecken arteko jolasa, baita Andyk bere bizikletarekin izan duen arazoa.

Gaurko podcasta, ordea, ez da 2010eko Frantziako Tourreko azkena izango; bihar podcast berezia izango da jazo diren gertakari guztiak aztertuz. Zure ustez zein izan da aipagarriena? Gustatu al zaizu aurtengo edizioa? Sastrek esandakoak neurriz kanpokoak al ziren? Zuen iritziak ere mintzagai izango dira biharko podcast berezi horretan.

Podcasta entzuteko sakatu hurrengo botoitxoan.

[audio:http://bloga.tropela.eus/wp-content/uploads/2010/07/tropelanet_tourra2010_20etapa.mp3|titles=20.etapa]

MP3a deskargatu

Argazkia: Fotoreporter Sirotti (cyclingnews.com)

Aurreko podcastak:

– Tourreko 17. etapa

– Tourreko 16. etapa

– Tourreko 15. etapa

– Tourreko 13. etapa

– Tourreko 12. etapa

– Tourreko 11. etapa

– Tourreko 10. etapa

– Tourreko 9. etapa

– Tourreko 8. etapa

– Tourreko 7. etapa

– Tourreko 5. etapa

– Tourreko 4. etapa

– Tourreko 3. etapa

– Tourreko 2. etapa

– Tourreko 1. etapa

– Tourreko prologoa

Datorren urtean…

mentxovBukatu da Tourra, eta azken egunean, txirrindulariek Parisen birak ematen dituzten bitartean –Mark Cavendishek irabazi du azken etapa; bejondeiola!-, eta helmugaratutakoan ere, zaleok tertuliatan murgiltzen dira. Nahi gabe burua datorren urteko Tourrean jartzen dugu jada. “Datorren urtean ikusiko dugu zer gertatuko den. Schleck urtebete helduago izango da 2011n”, aditu diot zale bati gaur arratsaldean.

Ika-mika ez da falta izan. Dela lehen asteko geldialdia, dela Andy Schlecken matxura mekanikoa Balesen gora, Samuel Sanchezen erorikoaren aurrean Carlos Sastrek erakutsitako jarrera… Eta azkenean, Alberto Contador garaile hirugarrenez. Gaur bertan egunkari batean bost Tour irabazteko bidean dela irakurri dut. Egia da, hori baititu jada poltsikoan, baina aurten argi geratu da ez duela Lance Armstrongen nagusitasuna, nahiz eta txirrindulari puska denik ezin ukatu.
Ia ez da alderik izan espainiarra eta Andy Schlecken artean. Luxenburgoko txirrindulariak penatuta behar du egon. Egia da gaztea dela eta datozen urteetan gauzak ondo, gora egingo duela, baina nekez egingo ditu gauzak aurten baino hobeto; mendian gora ez du inor gainetik izan, eta erlojuz kontra ere ohi baino hobeto aritu da. Minutu erdiagatik joan zaio Tourra Schlecki.

Denis Mentxovek ere pozik bukatu du. Errusiarrak podiuma zapaldu du eta hori ez da gutxi. Hori bai, 32 urte ditu eta beraz, zail izango du gaur zapaldutako koskatik gora egitea. Goia jo duela ematen du. Txirrindulari oso ona da, baina Contador eta Schleck gainetik ditu. Mentxov horren jakitun da eta horixe onartu zuen denboraldi hasieran egin zioten elkarrizketa batean. Mugak muga, haren garaipen zerrenda txapela kentzeko modukoa da. Mentxoven pare jarriko nuke Cadel Evans. Ziklista puska da, baina Tourra…

Euskaltel Euskadiko Samuel Sanchezi kendu dio Mentxovek podiumera igotzeko aukera. Egiari zor, ez nuen pentsatzen asturiarra horren aurrean ibiliko zenik.

Eta gainerakoei buruz zer? Bada Armstrongi agur esan behar diogu. Ez du Tourrean berriz ere parte hartuko. Ikusi beharko bere taldeak, RadioShackek, nola ekingo dion datorren denboraldiari; lider bat fitxatuta, hala gaur egun taldean duten txirrindulariren baten bizkar taldeburu izateko ardura (Brajkovitx?) jarrita. Lepheimer, Kloden eta Horner onenak emanda daude.

Datorren urtean, beraz, berriz ere Contador eta Schleck nor baino nor? Gauzak ondo badoaz, hala izango da, baina nik behintzat bikote hori estu har dezaketen ziklista batzuen izenak emango ditut. Roman Kreuziger txekiarrak erregulartasuna erakutsi du; iaz bezala bederatzigarrena sailkatu da. Saltoa eman beharko du 2011. Ezin ahaztu Vicenzo Nibali. Italiarra hirugarren sailkatu zen Giroan, Bassoren mesedetan morrontza lana egin eta gero, eta datorren urtean kate motzean lotu beharko dute. Toni Martin alemaniarrak aurten utzitako zalantzak uxatu beharko ditu. Erlojuzkontra Contador eta Schlecken aurretik ibili da, baina mendian pott egin du. Robert Gesinkek beste koskaren bat igotzeko moduan dagoelakoan nago. Igor Anton eta Beñat Intxausti borrokan ikusi nahi nituzke, bestalde.

Esan bezala, analisiak eta burua datorren urtean jartzeko unea da, eta nik horixe bera egin dut. Baina arestian aipatutako guztia hori baino ez da. Iritzi soil bat, alegia. Nork berea izango duzue, ziur.