Nibali, Contador… eta Igor Anton

Italiako Giroa irabaz dezaketen txirrindularien izenak emateko garaian, Nibali italiarra eta Contador espainiarra aipatu behar nahita ez. Izan ere, italiarrak podiuma zapaldu zuen iaz eta Espainiako Vuelta etxeratu zuen. Contadorri dagokionez, 2008an irabazi zuen Italiako itzulia. Azken urteetan biek erakutsi dute hiru asteko itzulietan oso ondo moldatzen direla.
Continue reading “Nibali, Contador… eta Igor Anton”

Datorren urtean…

mentxovBukatu da Tourra, eta azken egunean, txirrindulariek Parisen birak ematen dituzten bitartean –Mark Cavendishek irabazi du azken etapa; bejondeiola!-, eta helmugaratutakoan ere, zaleok tertuliatan murgiltzen dira. Nahi gabe burua datorren urteko Tourrean jartzen dugu jada. “Datorren urtean ikusiko dugu zer gertatuko den. Schleck urtebete helduago izango da 2011n”, aditu diot zale bati gaur arratsaldean.

Ika-mika ez da falta izan. Dela lehen asteko geldialdia, dela Andy Schlecken matxura mekanikoa Balesen gora, Samuel Sanchezen erorikoaren aurrean Carlos Sastrek erakutsitako jarrera… Eta azkenean, Alberto Contador garaile hirugarrenez. Gaur bertan egunkari batean bost Tour irabazteko bidean dela irakurri dut. Egia da, hori baititu jada poltsikoan, baina aurten argi geratu da ez duela Lance Armstrongen nagusitasuna, nahiz eta txirrindulari puska denik ezin ukatu.
Ia ez da alderik izan espainiarra eta Andy Schlecken artean. Luxenburgoko txirrindulariak penatuta behar du egon. Egia da gaztea dela eta datozen urteetan gauzak ondo, gora egingo duela, baina nekez egingo ditu gauzak aurten baino hobeto; mendian gora ez du inor gainetik izan, eta erlojuz kontra ere ohi baino hobeto aritu da. Minutu erdiagatik joan zaio Tourra Schlecki.

Denis Mentxovek ere pozik bukatu du. Errusiarrak podiuma zapaldu du eta hori ez da gutxi. Hori bai, 32 urte ditu eta beraz, zail izango du gaur zapaldutako koskatik gora egitea. Goia jo duela ematen du. Txirrindulari oso ona da, baina Contador eta Schleck gainetik ditu. Mentxov horren jakitun da eta horixe onartu zuen denboraldi hasieran egin zioten elkarrizketa batean. Mugak muga, haren garaipen zerrenda txapela kentzeko modukoa da. Mentxoven pare jarriko nuke Cadel Evans. Ziklista puska da, baina Tourra…

Euskaltel Euskadiko Samuel Sanchezi kendu dio Mentxovek podiumera igotzeko aukera. Egiari zor, ez nuen pentsatzen asturiarra horren aurrean ibiliko zenik.

Eta gainerakoei buruz zer? Bada Armstrongi agur esan behar diogu. Ez du Tourrean berriz ere parte hartuko. Ikusi beharko bere taldeak, RadioShackek, nola ekingo dion datorren denboraldiari; lider bat fitxatuta, hala gaur egun taldean duten txirrindulariren baten bizkar taldeburu izateko ardura (Brajkovitx?) jarrita. Lepheimer, Kloden eta Horner onenak emanda daude.

Datorren urtean, beraz, berriz ere Contador eta Schleck nor baino nor? Gauzak ondo badoaz, hala izango da, baina nik behintzat bikote hori estu har dezaketen ziklista batzuen izenak emango ditut. Roman Kreuziger txekiarrak erregulartasuna erakutsi du; iaz bezala bederatzigarrena sailkatu da. Saltoa eman beharko du 2011. Ezin ahaztu Vicenzo Nibali. Italiarra hirugarren sailkatu zen Giroan, Bassoren mesedetan morrontza lana egin eta gero, eta datorren urtean kate motzean lotu beharko dute. Toni Martin alemaniarrak aurten utzitako zalantzak uxatu beharko ditu. Erlojuzkontra Contador eta Schlecken aurretik ibili da, baina mendian pott egin du. Robert Gesinkek beste koskaren bat igotzeko moduan dagoelakoan nago. Igor Anton eta Beñat Intxausti borrokan ikusi nahi nituzke, bestalde.

Esan bezala, analisiak eta burua datorren urtean jartzeko unea da, eta nik horixe bera egin dut. Baina arestian aipatutako guztia hori baino ez da. Iritzi soil bat, alegia. Nork berea izango duzue, ziur.