Van Aert historia egiten 3. ortzadar maillota jarraian irabaziz

Astakeria bat dirudi idatziko dudanak, baina sorpresa bat izan da gaur Wout van Aert belgikarrak irabaztea Munduko ziklo-kros txapelketa. Sorpresa erlatiboa noski, aurreko bi urteetan ere bera izan baizen garailea, baina faborito nagusia Mathieu van der Poel genuen. Ostiralean idazten genuen 26 lasterketa irabazita eta Munduko Kopa eta Europa Txapelketak irabazita aurkezten zela irteerako lerroan 23 urteko gazte nederlandarra. Continue reading “Van Aert historia egiten 3. ortzadar maillota jarraian irabaziz”

Saganek ez zuen bigarren izan nahi

Sagan munduko txapeldun berriaAmaitu berri dira Richmondeko Munduko Txapelketak eta elite mailan hauek ditugu txapeldun berriak:

– Emakumezkoetan erlojuaren kontra: Villumsen (Zelanda Berria)
– Gizonezkoetan erlojuaren kontra: Kiryienka (Bieloerrusia)
– Emakumezkoetan errepidean: Armitstead (Britainia Handia)
– Gizonezkoetan errepidean: Sagan (Eslovakia)

Azkena jokoan gizonezkoen errepidekoa izan da, Iosuk aurrertu zigun udazkeneko “La Primavera”. Ez zebilen ez Iosu oso erratuta bere azterketan, baina beharbada bilakaeran gutxik espero genuen Saganek horrela irabaziko zuenik.

Eslovakiarrak helmugarako 2-3 kilometrotara jo du erasoa, harbidetako azken muinoan. Ez du lasterketa osoan bere burua erakutsi, baina hor bai. Eraso gogorra non Van Avermaet eta Breschel iritsi ezinda geratu diren, tropel nagusia eta eslovakiarraren tartean. Beharbada Breschelek erreleboren bat eman izan balio Van Avermaeti gai izan zitezkeen Sagan harrapatzeko, baina ez da horrelakorik izan. Saganek garbi zuen ez zuela esprintean arriskatu nahi eta bikain eutsi dio tropel nagusiari ateratako tarteari. Amorrazioz helmugaratu da aurten makina bat aldiz bigarren izan den txirrindulari bikain hau.

Tropel nagusiko esprintean Matthews eta Navardauskas izan dira hurrenez hurren zilarrezko eta brontzezko dominak eraman dituztenak.

Lehen euskalduna Ion Izagirre izan da eta esan talde espainiarraren mesedetan bikain aritu dela lanean, tropel buruan zenbait unetan lanean ere ikusi dugularik.

Ea hurrengo urtean Saganek ez duen ostadar maillotaren malefizioaren eraginik jasaten!!

Argazkia: @richmond2015

Udazkeneko “La Primavera”

Urteko zita garrantzitsuena hemen da, errepideko munduko txapelketa. EEBBtan alajainetan, txirrindularitza modernoaren aroaren erakusgarri. Richmond hiriko errepide zabaletan izango da, Virginia estatuan.

Azken urteetako zabalena dirudi lasterketak, baita hautagaien zerrendak ere. Izan ere, ibilbideak duda batzuk sortzen ditu. Alde batetik, ez dago muino edo zailtasun orografiko handirik, eta guztira 2.000 metroko desnibel positiboa dauka. Ez da asko noski 259 kilometroko ibilbide batean. Hala, ez dirudi eskalatzaileentzako lasterketa. Bestalde, ibilbidearen luzerak berak gogortuko du lasterketa, eta horrek egingo du gizonik indartsuenen selekzioa. Urtean zehar izaten diren lasterketak kontutan hartuta Milano-Sanremo hartuko nuke erreferentzia bezala. Continue reading “Udazkeneko “La Primavera””

Nolako zura, halako ezpala

Duela hilabete pasatxo idatzi nuen post-eko titularra begiratu behar izan dut ez errepikatzeko: “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean” izenburua erabili nuen orduan eta atzo Tabor-en (Txekiar Errepublika) ospatu zen elite mailako Munduko Ziklokros Txapelketa ikusi duen edonork horixe bera baiezta dezake.

Atzoko lasterketan Mathieu van der Poel holandarra izan genuen jaun eta jabe. San Sebastian bezperan 20 urte bete zituen gazte honek ikaragarrizko erakustaldia eman zuen. Hasieratik bukaeraraino lasterketaren lehen postuari eutsi dio eta bere aita Adriek duela 19 urte lortutako balentria berdindu du: elite mailako munduko txapeldun bihurtzea. Konfiantzaz gainezka iritsi da Tabor-era. Aurreko igandean, Hoogerheiden Munduko Kopako azken froga poltsikoratu zuen nagusitasunez, eta hori errepikatzeko asmoz irten da. Konfiantza eta garaipen gose horren erakusgarri da nola aurre egiten zien zirkuituko oztopo artifizialei. Bideoko 15:37 minutuan ikus daiteke lehen itzulian bertan nola salto egiten dituen. Indartsu, konfiantzaz, nahiz eta ia lurrera joan. Beste edonor kokildu egingo zen eta ez zen gehiago saiatuko. Mathieu baina, ondorengo itzulietan ere ausart saiatu da oztopoa saltatzen. Ia erortzear ere egon da beste behin, baina burugogor jarraitu du. Soilik azken itzulietan, aldea mantentzea helburu bakarra zuenean jokatu du lasaiago, bizikletatik jeitsiz oztopoa gainditzeko eta arriskua ekiditeko. Continue reading “Nolako zura, halako ezpala”

Belaunaldi aldaketa ziklokrosean

Larrinaga Izarran, Euskadiko Txapelketaren garaileAmaierara iristen ari da 2014-2015 ziklokros denboraldia eta urteko lehiaketarik garrantzitsuenen bezperan ere bagaude: estatu zein munduko txapelketak. Nazioartean, denboraldia 2 ausentzia esanguratsuekin hasi zen. Alde batetik, Niels Albert falta zen. Bihotzeko arazo bat tarteko, iaz bizikleta zintzilikatu zuen medikuen aginduz. Eta beste aldetik, Zdenek Stybar txekiarra. Errepideko denboraldia erorketa baten ondorioz goiz amaituta, bazirudien iaz baino gehiago ikusiko genuela lokatz artean. Iaz, hiruzpalau lasterketa garrantzitsutan besterik ez genuen ikusi; oso maila altuan, hori bai. Eta aurtengoan, bere herrialdean, Tabor hirian, ortzadar maillota defendatzen ikustea espero genuen. Baina abuztuan Eneco Tourrean bezala, erorketa baten ondorioz lesio nahiko larria izan zuen urrian Herbehereetan, oraingoan ziklokross bat lehiatzen; eta ia ezinezkotzat jo zuten, bai berak, bai bere zuzendari Patrick Lefeverek ere, Taborrerako garaiz osatzea. Lehentasuna udaberriko klasikoetara sasoi betean iristea izanik, sorpresa handia litzateke Tabor-go irteeran ikustea.

Continue reading “Belaunaldi aldaketa ziklokrosean”