2010eko taldeen analisia (X): Quick Step, Tom Boonen erraldoiaren berpiztean fedea duen taldea

boonen-merckx1Talde belgikarrei bost axola izan zaizkie itzuli handietako sailkapen orokorrak. Halaxe ondoriozta daiteke aurtengo Quick Step taldearen txirrindulari zerrendari erreparatuta ere. Zenbait sasoitan saiatu dira horretarako liderrak fitxatzen, baina inoiz arrakasta gehiegi gabe, eta hori ikusirik, klasikoetan eta etapetan indar guztiak jartzea onetsi dute. Aurten bada, udaberriko klasikoetarako edo edozein itzuli handitan etapak irabazteko talde sendoa dute. Aldaketa gutxi iazko taldearekin alderatuz (nagusiena agian bizikleta aldaketa, Eddy Merckx handiaren izena duten bizikletak eramango baitituzte). Kirolariei dagokionez, izen handirik gabeko hiru txirrindulariren etorrera aurkeztu dute berrikuntza gisa: Iljo Keisse, Nikolas Maes eta Andreas Stauff .

Baina guztien gainetik, bi izen nagusi aipatuko nituzke talde honetan: Tom Boonen eta Sylvain Chavanel. Lehenengoa urte aldrebes baten ondoren oso indartsu hasi zaigu 2010an. Urte aldrebesa diogu, eta hala ere Paris Roubaix-en garaile eta Belgikako txapeldun izan genuen erraldoi hau. Handik aurrera baina, errepidetik kanpoko arazoek guztiz itzali zuten bere jarduera. Badirudi baina, aurreko urteko arazoak gainditu dituela, edo gutxienez, errepidean dituen emaitzei ez diela horrenbeste eragiten. Jadanik 3 garaipen pilatu ditu 2010an, Qatar eta Oman-en, eta aurten ere Paris-Roubaix zein udaberriko beste zenbait klasiko izango ditu egutegian gorriz markaturik.

Frantziarra aldiz, tropeleko txirrindularirik ikusgarrienetako bat dugu. Erasokorra, beti lehiakorra eta beti garaipenak lortzen dituena. Segur aski ez merezi bezainbeste, baina zaleok beti atsegin dugu duen jarrera, nahiz eta sarri ohorezko postuekin konformatu behar izan. Iaz 2 garaipen besterik ez zituen lortu baina zortea lagun badu, 2008ko emaitzetatik hurbilago behar luke (7 garaipen, tartean Frantziako Tourrean etapa bat).

Jerome Pineau, Stijn Devolder eta Carlos Barredo asturiarra lirateke talde honetako beste gizon aipagarriak. Edozein puntako lasterketetan aurrean mugitzeko gauza. Beste taldekide gehienak nahiko gazteak ditugu, Matteo Tosatto eta Marco Velo italiar txakur zaharrak salbu. Azken horzkadaren bat emateko gai izango ote dira 2010an? Ez badira, ederki dakiten ofizioa gazteagoei erakusteak behar luke beren zeregina taldean. Wouter Weylandt , Dryes Devenyns eta Kevin Seeldraeyers bezalako txirrindulariek eskertuko dute, ea aurreko denboraldiko detailetxoak konfirmatzen dituzten.

Romain Sicarden debuta Australian

Romain SicardEuskaltel-Euskadi taldea Derion izan da kontzentratuta aste honetan zehar. Kontzentrazio honetan zenbaiti hurrengo urteko egutegia zehaztu diote eta horien artean Romain Sicard txirrindulari gaztea agertzen da. Dakizuen bezala, Sicard 23 urtez azpiko egungo munduko txapelduna da.

Hazparneko txirrindulari gazteak Tour Down Under Australiako lasterketan egingo du debuta. Gainera taldeburu gisa aurkeztu dute. Ez dakit ez ote den goizegi Romaini horrenbesteko ardura emateko, baina hori Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariek jakingo dute.

Edonola ere, urtarrilak 17tik 24ra jokatuko den Tour Down Underrean hasiko da Euskaltel-Euskadi taldearen 2010ko denboraldia. 2003an Mikel Astarlozak irabazi zuen lasterketa hau Ag2r taldean zela. Beharbada talde laranja lasterketa irabazteko gai izan daiteke. Ikusiko dugu.

Gilbert denboraldi amaieran jaun eta jabe

Gilbert. 2009ko Lombardiako Giroan garaipenaTxirrindulari denboraldia aurtengoz atzoko Lombardiako Giroarekin amaitutzat ematen da. Tropela.net-en Munduko Txapelketarekin amaitu ziren lehiaketak, baina tartean behin zerbait argitaratzeko behar besteko informazioa izango denez, horri ekin nahi diot post honekin hurrengo lehiaketa iritsi artean.

Gaurkoan Gilbertez hitz egingo dizuet. Ikaragarria izan dira Belgikarrak azken hilabete honetan lortu dituen garaipenak: Coppa Sabatini, aurreko igandean Paris-Tours, ostegunean Piemonteko Giroa eta atzokoan Lombardiako Giroa. Zalantzarik gabe argi geratu da egun bateko lasterketatan Gilbertek zer esan asko ematen duela. Bere esanetan argalago iritsi omen da denboraldi amaierara eta horrek lanak asko erraztu omen dizkio. Taldekideen lanak ere, zalantzarik gabe, bere zerikusia izan du atzoko kasuan bezala (Lloyd eta Evansek ederki lagundu zioten). Argi geratu da horrelako lasterketatan txirrindulari gutxirekin helmugara iristen denean (atzokoan Samuel Sanchez-ekin, aurreko igandean Bozic eta Boonen-ekin) Silence-Lottoko klasikomanoak ez duela hutsik egiten.

Urte osoari begirada bat emanda, azken asteotan lortutako garaipenez gain, Giroko 20. etapan lortu zuen garaipena eta Ster Electrotoer 5 eguneko itzulia (4. etapan garaipena lortu zuen) irabazi dituela jabetuko gara.

Hurrengo denboraldiari begira jarrita, Gilbertek lehen jomuga Liège-Bastogne-Liège lasterketan omen du. Gogoan izango ditugu udaberria iristen denean Belgikarrak esandakoak.

Romain Sicardek Etorkizuneko Tourra segundo bakar batengatik irabazi du

2009ko Etorkizuneko Tourra Romain Sicardek irabazi duAurrekoan Romain Sicard hazpandarra 2009ko Etorkizuneko Tourrean lider jarri zela esaten genuen. Atzokoan erlojupekoa jokatzen zen eta zalantzak ziren ia Kritskiyrekin zuen1’37” tarteari eusteko gai izango ote zen. Errusiarrak, ordea, erlojupekoa jokatzen ari zela erorikoa izan eta lasterketa utzi beharrean izan zen. Ez dakit Kritskiyk zer nolako maila emateko gauza izango ote zen 27 kilometrotako erlojupekoan, baina bera falta zela Romainek erlojupeko bikaina egin eta etapa irabaztea lortu zuen.

Gaur Besançonen jokatu da azken. Lasterketa hasi denean bigarrena zen Van Gaderen estatu batuarrarekiko 2’01”eko denbora tartea zuen. Nahiko zuen, beraz, estatu batuarrarekin helmugaratzea. Hori hala suertatu da baina 2 minutuko zigorra ezarri diote Hazparneko txirrindulariari. Dirudienez beste talderen batekoek laguntzaren bat eman diote Romaini, bizikletaren bat edo. Ez dakit zer izan den zehazki, baina eman diotena eman diotela, badirudi arauz kanpokoa zela eta epaileek 2 minutuko zigorra ezarri diote. Eskerrak atzoko erlojupekoan Van Gadereni 3 segundoko errenta atera zion.

Pozgarria benetan berria euskal txirrindulariarentzat. 21 urteko gaztea hurrengo urtean Euskaltel-Euskaltelen izango da eta badirudi etorkizun handiko txirrindularia izan daitekeela. Ea hala den. Zorionak Romain!!

Koldo Fernandez de Larreak egun gutxitan bigarren garaipena

Koldo Fernandez de Larrea. 2009ko Burgoseko Itzuliko lehen etapan garaipenaOstiralean Getxoko Zirkuitoan garaipena lortu ostean, gasteiztarrak bere herriko festen hasierarekin batera egun gutxitan bigarren garaipena lortu du. Gaur hasi da Burgoseko Itzulia eta Briviescan amaitu den etapan garaipena lortu du Cabello (Burgos Monumental) eta Maesen (Topsport Vlaanderen) aurretik. Urteari dagokionez, hirugarren etapa garaipena du Euskaltel-Euskadiko esprinterrak. Zorionak Koldo!

Gaurko etapa garaipenari esker, lasterketako liderraren maillotarekin irtengo da biharko etapan. Iaz ere hirugarren etapan garaipena lortu zuen Koldok, beraz, pentsa daiteke beste etapa garaipen bat lortzeko moduan egon daitekeela. Tourrean gauzak ez zaizkio nahi bezain ondo joan eta erorketa bat izan eta gero, zortzigarren etapan Frantziako lasterketa utzi beharrean izan zen kontrolez kanpo iritsi eta gero. Badirudi sasoia eta motibazioa berreskuratuta garaipenen aroan sartu dela gasteiztarra.