Gilbert denboraldi amaieran jaun eta jabe

Gilbert. 2009ko Lombardiako Giroan garaipenaTxirrindulari denboraldia aurtengoz atzoko Lombardiako Giroarekin amaitutzat ematen da. Tropela.net-en Munduko Txapelketarekin amaitu ziren lehiaketak, baina tartean behin zerbait argitaratzeko behar besteko informazioa izango denez, horri ekin nahi diot post honekin hurrengo lehiaketa iritsi artean.

Gaurkoan Gilbertez hitz egingo dizuet. Ikaragarria izan dira Belgikarrak azken hilabete honetan lortu dituen garaipenak: Coppa Sabatini, aurreko igandean Paris-Tours, ostegunean Piemonteko Giroa eta atzokoan Lombardiako Giroa. Zalantzarik gabe argi geratu da egun bateko lasterketatan Gilbertek zer esan asko ematen duela. Bere esanetan argalago iritsi omen da denboraldi amaierara eta horrek lanak asko erraztu omen dizkio. Taldekideen lanak ere, zalantzarik gabe, bere zerikusia izan du atzoko kasuan bezala (Lloyd eta Evansek ederki lagundu zioten). Argi geratu da horrelako lasterketatan txirrindulari gutxirekin helmugara iristen denean (atzokoan Samuel Sanchez-ekin, aurreko igandean Bozic eta Boonen-ekin) Silence-Lottoko klasikomanoak ez duela hutsik egiten.

Urte osoari begirada bat emanda, azken asteotan lortutako garaipenez gain, Giroko 20. etapan lortu zuen garaipena eta Ster Electrotoer 5 eguneko itzulia (4. etapan garaipena lortu zuen) irabazi dituela jabetuko gara.

Hurrengo denboraldiari begira jarrita, Gilbertek lehen jomuga Liège-Bastogne-Liège lasterketan omen du. Gogoan izango ditugu udaberria iristen denean Belgikarrak esandakoak.