Aurrekoan Romain Sicard hazpandarra 2009ko Etorkizuneko Tourrean lider jarri zela esaten genuen. Atzokoan erlojupekoa jokatzen zen eta zalantzak ziren ia Kritskiyrekin zuen1’37” tarteari eusteko gai izango ote zen. Errusiarrak, ordea, erlojupekoa jokatzen ari zela erorikoa izan eta lasterketa utzi beharrean izan zen. Ez dakit Kritskiyk zer nolako maila emateko gauza izango ote zen 27 kilometrotako erlojupekoan, baina bera falta zela Romainek erlojupeko bikaina egin eta etapa irabaztea lortu zuen.
Gaur Besançonen jokatu da azken. Lasterketa hasi denean bigarrena zen Van Gaderen estatu batuarrarekiko 2’01”eko denbora tartea zuen. Nahiko zuen, beraz, estatu batuarrarekin helmugaratzea. Hori hala suertatu da baina 2 minutuko zigorra ezarri diote Hazparneko txirrindulariari. Dirudienez beste talderen batekoek laguntzaren bat eman diote Romaini, bizikletaren bat edo. Ez dakit zer izan den zehazki, baina eman diotena eman diotela, badirudi arauz kanpokoa zela eta epaileek 2 minutuko zigorra ezarri diote. Eskerrak atzoko erlojupekoan Van Gadereni 3 segundoko errenta atera zion.
Pozgarria benetan berria euskal txirrindulariarentzat. 21 urteko gaztea hurrengo urtean Euskaltel-Euskaltelen izango da eta badirudi etorkizun handiko txirrindularia izan daitekeela. Ea hala den. Zorionak Romain!!
Ez dago ukatzerik azkeneko urteotan horrenbeste gazte profesionaletako mailarik gorenean izateak iraultza txiki bat ekarri duela txirrindularitzara. Etorkizuneko Tourra aldaketa hau somatu duen lasterketa izan da. Izan ere, gaur egungo gazterik dohatsuenak ez dira jada bertan lehiatzen (Cavendish, Ciolek, Kreuziger edota Andy Schleck ez dira irteeran izango); aspaldiko kontua izanagatik azkeneko urteotan nabariagoa ari da gertatzen. Edozein kasutan, 23 urtez azpiko txirrindulari on asko ahaleginduko da egunotan Alemaniako errepideetan horren maila ona erakusten ari den Bauke Mollema herbeherearraren hurrengo izaten.