Flandeseko klasikoen garaia puntu gorenean sartua da jada. Datozen bi asteotan txirrindularitzak bizi dituen festa egun handienetako bi bizitzeko aukera izango dugu: Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix. Harbide gainean egiten diren lasterketak gogoko dituztenek galtzerik ez dituzten zitak.
Hori bai, Iparraldeko Kanpainiako fase erabakior honetako aurreneko astea hiru egunetako lasterketa batekin hasiko da gaur, La Panne-go hiru egunekin hain zuzen. Formatua urtero berdintsua izan ohi da. Aurreneko bi etapetan igandean De Ronde handian igaro beharko dituzten hainbat aldapa edo berg igoko dituzte. Gaurko etapa gogorxeagoa da eta biharkoa luzexeagoa. Bi egunotan sailkapena lehiatuko dutenen zerrenda definitu beharko litzateke, osteguneko erlojupekoan (goizean beste sektore bat izango bada ere) dena erabakiko delarik.
Gauzak horrela, ibilbidea zein den kontuan hartuz, lasterketa garrantzitsu hau irabazteko hautagai nagusia Devolder da zalantzarik gabe. Martxoan zehar jokatu diren iparraldeko klasikoetan gorputzaldi bikaina erakutsi du, eta bere protagonismo kuota La Panne-n eduki lezake. Flandestarrak orain hiru urte eman zuen bere izena aditzera proba hau poltsikoratzean hain zuzen. Bere atzetik, lasterketa hau irabaztea ere badakiten Hoste eta Hincapie aipatuko nituzke, Gusev eta Maaskant-ekin batera. Bistan da erlojuaren aurkako saioak berebiziko garrantzia izango duela. Iaz Ballan izan zen garaile, aurreneko egunean Paolini-rekin batera lasterketa bi txirrindulariren arteko kontu batean uztean.
Baina asteko egun handiak flandestarren urteko egunik handienarekin egingo du bat, Ronde Van Vlaanderen edo Flandesko Tourrarekin, alegia. 264 kilometro eta betiko osagaiak: bide bazterrak lehoi beltzez josiak, txirrindularitza epikoaren esentzia, eta nola ez, muino gogorrak, horietako zenbait harbide guneekin. Gainera, ikusleon gozamenerako, aurten Koppenberg beldurgarria igo beharko dute berriz ere, iaz ibilbidetik at geratu ostean. Continue reading “Iparraldeko Kanpainiaren fase erabakiorra: 1. astea”
Garaipenen zerrenda otsailean ireki zuen ordea, Californiako Itzuliko atarikoa irabazita. Ondoren ez zuen sailkapen nagusia lortu, baina hortik ez askora Monte Paschi Eroican bigarren garaipena erdietsi zuen Alessandro Ballan-i buruz buruko politean aurre hartuta. Milano-ko irteeran beste garaipen handi batekin aurkeztu zen, Tirreno Adriatikoan lorturikoa, alegia. Bertan taktika sinple bezain eraginkorra baliatu zuen: Montelupone-ko horma zatian eutsi, eta erlojupekoan hautsi.
Urtero bezala Omloop Het Volk zirkuituak eman zion hasiera Belgikako benetako denboraldiari. Ezin hobeto gainera. Hobeki esanda, Philippe Gilbert (Française des Jeux) izan zen errudun nagusia. Txirrindulari valoiak sekulako erakustaldia eman eta 2006an bezala (baina minutu bat gutxiago) bakar bakarrik iritsi zen helmugara. Mallorkako itzulian bi etapa eta sailkapen nagusia eta Ganteko klasikoa irabazi ondoren, bistakoa da Gilbert sasoi onean dagoela. 25 urterekin badirudi valoiaren urtea iritsi dela, nahiz eta orain arte dezente nabarmendu. Het Volk lasterketarako Tom Boonen handikotearekin batera bera zen hautagai nagusia. Quick Stepeko izarrak kale egin zuen; Gilbertek ez. Française des Jeux taldeko txirrindulariaren erakustaldia Eikenberg aldapan hasi zen. Erasoa jo eta Nick Nuyens (Cofidis), 2005eko irabazlea, atzean utzita ihes egin zuen. Bidean ihes eginda zeuden sei txirrindulariak gainditu eta Het Volk zirkuitua bigarren aldiz berea izan zen. Hona hemen, lasterketa amaieran kazetari bati erantzundakoa: “Eddy Merckx bezala? Ez dakit, baina garaipen hau bai dela orain arteko hoberena”.
Urteroko zitari jarraiki, Apirileko erdialdera heldu zaio bere txanda Wallonniako oilar gorriari. Flandesko lehoi zaharrak herriko harbideak ederki astindu ditu beste behin, bere semeen jatorri germaniarrak bide hauen egitura erromatarrak beren baitan sua sortuko balute bezala.