Oilar gorriaren txanda: Flèche Wallone eta Liège-Bastogne-Liège

WalloniaUrteroko zitari jarraiki, Apirileko erdialdera heldu zaio bere txanda Wallonniako oilar gorriari. Flandesko lehoi zaharrak herriko harbideak ederki astindu ditu beste behin, bere semeen jatorri germaniarrak bide hauen egitura erromatarrak beren baitan sua sortuko balute bezala.

Harbideak pasata Ardenetako asteari Amstel Gold Race klasikoak eman zion hasiera. Munduko Kopako garaian gertatzen zenaren kontra, orain hiru klasikoak tradizioaren arabera norantza gorakorrean sailkaturik geratu dira (Flèche Wallonne-k 71.edizioa beteko du, eta Liège-Bastogne-Liège-k 93.a). Hortaz tenperaturak gorantz egingo du igandera gerturatu ahala.

Stefan Schumacher-ek hebreeretan Gerolsteiner taldearen lana borobildu ostean, txirrindulariek Flèche Wallonne-n izango dute asteazkenean zita. Muinoetan habilak direnak ikusiko ditugu beste behin lasterketaren buruan, 200 kilometroko ibilbidean, nahiz eta gorabeherak kopuruz horren handiak izan ez. Hori bai, beti bezala Huy-ko harresiak (1,3 km/%9,8 bataz beste/%19 tarterik gogorreanean), helmuga izateaz gain beste bi pasaera izango dituenak, erabat okertuko ditu txirrindulari gehienak. Indartsuenek euren gandorra aurreneko postuan erakutsi nahi izango dute helmugan, eta horretarako oilartuta jardungo dute, bata besteari mokoka, eskualde honetako ikurraren pare. Munduko Koparen sorrerak nolabaiteko bigarren maila batean utzi bazuen ere, edozein palmaresetan letra larriz idazten den garaipena da Flèche Wallonne-n lorturikoa, azken bi hamarkadetan Argentin, Fondriest, Jalabert edo Armstrong-en izenak agertzeak erakusten duen moduan.

Huyko muinoanArgazkilaria: Fotoreporter Sirotti

Baina txirrindulari hauen artean baten batek zerua ukitzekotan, hori Ans-eko helmugan Liège-Bastogne-Liège klasikoaren garaipena erdiesten duenak ukituko du. Txirrindularitzaren monumentuetan zaharrena dugu berau (klasikoen artean ohore horren jabe Milano-Torino da), dekanoa, eta muinoen lasterketen artean estimatuena ezbairik gabe.

Bi klasiko handi hauen artean antzekotasunak, ibilbideaz gain, faboritoen zerrendak suposatzen du. Asteazkenean azaltzen zaizkigun gehientsuenak igandean ere azalduko dira, salbuespenak salbuespen. Hori bai, espero beharreko zerbait da Flèche Wallonne txirrindulari gehiagoren arteko lehia izatea, luzera 200 kilometrotakoa “soilik” izateak lasterketa lotu nahi duten taldeei hein batean lana errazten baitie. Hortaz azkeneko kilometro luzean erritmo aldaketa bizia denbora luzean eusten duenak asko izango du irabazita.

Horrela, Amstel-en aurreneko postuan azaldu zirenak oro har eta Valverde bereziki (iazko garailea izateak estatus hori zor dio) aipatu beharko lirateke. Beraz murtziarrarekin batera Schumacher, Di Luca, Bettini, Rebellin, Boogerd eta Kessler ikustea espero da. Bigarren maila batean garagardoaren klasikoan atzeraxeago ibili ziren Joaquín Rodriguez, Frank Schleck, Kroon, Ricco, Kirchen, Wegmann edota Nocentini aipa litezke, baita bertan izan ez ziren Vinokourov, Evans, Contador edota Alexander Efimkin.

Esan bezala Liège-n hautagaien zerrenda txirrindulari berdintsuek osatzen dute, baina azkeneko kilometroetarako zerrenda horrek galerak izango ditu seguru asko. Izan ere, 262 kilometro berez badira gogorrak, klasiko honetan muino kopurua handiagoa da, eta luzeraz Amstel-en igotzen direnekiko aipagarriagoak. Puntu erabakior Valverde La Redoutenmodura La Redoute gogorra (1,7 km / %9,5 batazbeste / %17 tarterik gogorrenean) aipatzen da beti, nahiz eta azkeneko urteotan horren erabakiorra gertatzen ari ez den (txirrindularitzak egun bizi duen parekotasunaren isla seguru asko). Ondorioz helmugatik 10 kilometrotara den Saint-Nicolas aldapak azkeneko bakandu garrantzitsua eragingo du. Azkeneko epaia berriz, helmugan kokatzen den Ans-eko muinoak.

Argazkilaria: Luc Claessen

Klasiko handi honetako zerrendak aipatu beharreko beste gonbidatu aipagarri bat izango du, Trentino-ko Giroa korritzetik etorria izango den Damiano Cunego.

Amaitze aldera pare bat kontu aipatu behar dira. Batetik, eta flandestarrei beren aste nagusi partikularrean gertatu bezala (kiniela askok ziotenaren kontra), wallonniarrei garaipenak ihes egingo die etxeko probatan, okerrik ez dela behintzat. Ihes egitea baino, garaipenetik aparte xamar ibiliko dira seguru asko, hemen ez baitute Boonen edo Hoste bezalakorik etxeko probatarako. Aukeraren bat izan lezakeen bakarra (Flandes-en Nuyens, Devolder eta antzekoak izan litezkeena) egun Philippe Gilbert gaztea dugu, baina Francaise des Jeux etxeko txirrindulariak asteazkenerako soilik baieztatu du bere parte hartzea (Andreas Klöden-ek ere beste horrenbeste egin du), Liège-ko irteeran izango den lasterketa horretan izandako emaitzak erabakiko lukeelarik. Gainerakoen artean, Mario Aerts beteranoak agian egingo du agerraldirik, Maxime Monfort gazteak zailtzeko denbora behar duen bitartean.

Bestetik, euskal txirrindulariek izango duten protagonismoa iragartzeak ez dirudi zaila. Igor Astarloak bere benetako maila aurten behintzat lortu ez duelarik eta Koldo Gil eta Iban Mayoren parte hartzerik gabe (nahiz eta igorretarrak Euskal Herriko Itzulian erakutsitako gorputzaldiak automatikoki zerrendatik ezabatu zuen), agerraldiren batekin konformatu beharko dugu euskal zaleok. Poztekoa litzateke iragarpen hau pikutara bidaliko lukeen zerbait gertatuko balitz. Ikusi beharko. Eraso festa eta erritmo aldaketa bortitzak prest dira, denon gozamenerako.