Etapa 11: Besancon > Oyonnax (187,5km). Profila eta aurre analisia.

etapa11

IBILBIDEA

Lehen deskantsu egunaren ostean, egun gorabeheratsua izango dute txirrindulariek. Guztira 187,5 km egin beharko dituzte, azken zatian 4 portu tartekatuko dutelarik; 3º mailako 3 portu eta 4º mailako bat. Profilean ikus daitekeenez azken jaitsierak bere garrantzia izan dezake, jaitsi eta gutxira helmuga harrapatuko baitute. Itxuraz ihesaldiak arrakasta lortu beharko luke.

FABORITOAK

Ustez, Astana taldeak etapa kontrolpean edukiko du eta ihesaldiari askatasuna utziko dio, beti ere sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo dauden txirrindulariak sartzen badira. Etapa oso aproposa da ihesaldia helmugara heltzeko, beraz, lehen ordubetea su bizian egingo dute ihesaldia antolatu eta bermatu arte. Ihesaldi oso jendetsua espero dut, 10-20 txirrindularik osatua, beraz etapa garaipena aurren egongo dela uste dut. Ihesaldian sartu daitezkeen txirrindularien inguruan aipatu beharra dago Saxo-Tinkoffko txirrindulariak kontuan hartu beharko ditugula hemendik aurrera, bere liderra galdu ostean etaparen lehian murgilduko baitira bete-betean eta horretarako txirrindulari indartsuak dituzte,  Rogers (TCS, %21,5) edo Roche (TCS , %7,6) esaterako. Nere gaurko faborito nagusia aldiz Spilak (KAT, %14) izango da beste behin, Martinek (OPQ, %70,4) irabazi zuen egunean ihesaldian ibili arren ez zuen indarrik izan etapa lehiatzeko, Bosgoetako etapa erreginean ordea sentsazio hobeagoak eduki zituela dirudi Nibaligandik (AST) 1:26ra iritsita. Oso zaila izan arren, hona hemen nire ustez ihesaldian garaipena lortu dezaketen txirrindulariak;

*** Spilak (KAT, %14)

** Voeckler (EUC, %52,5) / Rogers (TCS, %21,5) / Roche (TCS, %7,6)

Bakelants (OPQ, %46,4) / Albasini (OGE, %8,5) / Slagter (GRS, %5,8)

10. etapa. Mulhouse > La Planche Des Belles Filles (161km). Profila eta aurre analisia

Tour_10etapa_profila

IBILBIDEA
Lehen goi mendiko etapatzat jo daiteke. Izan ere, lehen mailako lau mendate igo beharko dituzte txirridulariek. Ez hori bakarrik; bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako bat aurkituko dituzte ibilbidean. Hori guztia 161 kilometroetan. Kasik ez da kilometro bakar bat bera ere egongo ordekan. Ziklistak gora eta behera ariko dira etapa guztian.

Azken mendateak, La Planche des Belles Filles-ek sei kilometro ditu, batez besteko penditza %8 da eta %14ko zatiren bat ere badauka. 2012an deskubritu zuen Tourrak igoera hau eta Froome nagusitu zen.

FABORITOAK
Harbidean atzean geratu eta gero, Contadorrek (TCS, %62,3) erasora jo behar du nahitaez. Espainiarra erasokor dabil denboraldi honetan, erakustaldiak eman baititu, batez ere Euskal Herriko Itzulian eta Tirreno-Adriatico lasterketan, eta izaera hori erakutsi beharko du sailkapen nagusian haren aurretik daudenengana hurbiltzeko. Contadorrekin batera, besteak beste, Van Den Broeck (LTB, %46,8) kate motzean lotu beharko du liderraren taldeak, belgikarra igotzaile polita delako eta lehen postuetan da eta harbidea hainbestean igaro zuen. Etaparen ibilbidea ikusita, ez litzateke harritzekoa izango ihesaldia helmugaraino iristea. Hala balitz, erne, besteak beste,  Bardet (ALM, %54,8), Peraud (ALM, %4,7) eta Pinot (FDJ, %13,4) eta Rolland (EUC, %61,7) igotzaile frantziarrekin. Eta baita Mikel Nieve (SKY, %57,9) nafarrarekin ere, noski. Dauphineko etapa irabazi baitu aurten eta agian Froome gabe mugitzeko aukera izango du.

*** Contador (TCS, %62,3)
** Van Den Broeck (LTB, %46,8) / Bardet (ALM, %54,8)
* Peraud (ALM, %4,7) / Pinot (FDJ, %13,4) / Rolland (EUC, %61,7) / Mikel Nieve (SKY, %57,9)

9. etapa: Gérardmer > Mulhouse (170km). Profila eta aurre analisia.

Tourreko 9. etapa

IBILBIDEA

Atzo eduki zuten txirrindulariek lehen kontaktua Bosgoetako mendateekin. Igandeko etapak ere ibilbide gogorra izango du, 170 km-tan 6 mendate puntuagarrirekin: 3º mailako 3 mendate, 2º mailako 2 mendate eta aurtengo Tourreko 1º mailako lehen portua. Aipatu beharra dago azken portua helmugatik 43 km-tara igoko dutela eta jaitsiera luze baten ondoren 21 km geratuko zaizkiela ibilbide lau batean, etapak izango duen ibilbide lau bakarra. Ihesaldiak atzo bezala arrakasta izateko aukera guztiak dauzkala pentsatzen dut, hala ere faboritoen artean taldeko estrategiak medio mugimendu interesgarriren bat ikus genezake.

FABORITOAK

Errepideak bakoitza bere tokian ipiniko du. Ihesaldi interesgarri bat ikus genezake, sailkapen orokorraren lehiatik kanpo baina igoeretan majo ibili daitezkeen txirrindulariekin osatua.  Ihesaldia ez iristekotan, gizaseme indartsu eta azkar batek irabaziko du talde murriztuko esprinta. Esan bezala, taldekako mugimendu interesgarriren bat ere ikus genezake, ihesaldian txirrindularien bat sartuaz azken kilometroetan bere liderraren alde lan beltza egin dezan. Oso etapa interesgarria izango da, egun zaila ordea izenen bat aipatzeko. Hala ere izarren taulatxoarekin ausartuko naiz.

*** Spilak (KAT, %14,0) IHESALDIA

** Riblon (ALM, %18,3)/ De Marchi (CAN, %0,8)/ Voeckler (EUC, %52,5) IHESALDIA

* Valverde (MOV, %47,5) / Kwiatkowski (OPQ, %24,9) /Costa (LAM, %58,9)

8. etapa: Tomblaine > Gérardmer La Mauselaine (161 km). Profila eta aurre analisia.

8.etapa

IBILBIDEA

Astebete egingo dute txirrindulariek lehian gaurkoan eta lehen muino esanguratsuak agertuko zaizkigu. 2. mailako bi mendate igo behar dituzte 130 km lau xamarrean egin ondoren, eta 3. mailako bat, helmugakoa hain juxtu, Gérardmerren aurkituko dutena 161 km osatuz. Gaurko etapa da aurtengo edizioan lehena muino batean amaituko dena.

FABORITOAK

Ez da erraza asmatzen zein izan daitekeen gaurkoan etapa garailea. Izan ere bi aukera daude: ihesaldia iristea ala sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehia ikustea. Ni lehena gertatuko delakoan naiz. Izan ere sailkapen nagusiko txirrindulariek bihar eta astelehenean etapa gogorrak izango dituzte eta dagoeneko gainontzeko txirrindulariengandik dezenteko denbora errenta dute. Hirugarren aukera litzateke ihesaldian inor sartu ez duen taldeak tropelaren kontrola hartzea eta ihesaldia zapuzten saiatzea, baina taldeentzat hobe ihesaldian ordezkari egokiak izatea lortzen badute.

Ihesaldian ondorengo talde hauen ordezkariak izango direlakoan naiz: Europcar (seguruena Voeckler (%52,5)), Cofidis (Lemoine (%0,3), Edet (%1,9) ala Mate (%1,9)), Katusha (Purito (%8,4), zergatik ez?), Trek Factory Race (Voigt (%13,8)), Garmin (Slagter (%5,8) akaso?) eta Bretagnekoren bat gutxienez bai. Izenak esaten ausartu naiz izan ere aipatutakoak mendiko maillotaren lehian daude eta etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain, mendiko sailkapenean sendotzeko puntuak biltzeko aukera izango baitute. Puritoren kasuan, aldiz, ez da bere helburua mendiko maillotaren lehian sartzea – ez dut uste behintzat! -, baizik etapa garaipena lortzea. Dagoeneko 47’35″ko atzerapena du sailkapenean, beraz, ez luke arazorik izan behar ihesaldian sartzeko. Hori bai, beharbada iheskideei ez die grazia handirik egingo.

Baldin eta tropel nagusia iritsiko balitz, Valverde (MOV, %47,5) edota Kwiatkowski (OPQ, %24,9) bezalako txirrindulariak saiatu daitezke etapa garaipenaren bila.

*** Voeckler / J.Rodriguez

** Slagter / Kwiatkowski / Edet

* Valverde / Contador (TCS, %62,3)

7. etapa: Épernay > Nancy (234,5 km). Profila eta aurre analisia.

etapa7

IBILBIDEA

7. etapa hau aurrekoaren tankera berdina du, salbuespen garrantzitsu batekin, azken 4º mailako tontorra helmugatik 5 km-tara igotzen dutela. Oso etapa luzea izango da txirrindularientzat, 234,5 km bota beharko baitituzte gaurko egunean. Asteburuan datorrena jakitun, etapa lasai xamarra espero dut azken 20 km-etaraino, bi tontorrak igo behar dituzten arte alegia.

FABORITOAK

Etapa hau ikustearekin bakarrik izen bat datorkit burura, Sagan (CAN, %50,5). Azkarra, tontorretan bikain eta jaitsieretan hoberenetarikoa. Azken bi portu horiek beste esprinter azkarragoak jokoz kanpo uzteko aukera ematen dute eta argi daukat horrela gertatuko dela. Etapa bihurria izango da eta mugimendu asko ikus dezakegu azken 10 km-etan. Azken tontorrean lehen 15 txirrindularien artean egotea funtsezkoa izango da etapa amaierarako, jaitsi bezain azkar helmuga harrapatuko baitute. Ez ninduke arrituko tropelak lan guztia Cannondale taldeari uztea, beraz entendimentu falta edo Cannondalen gaitasun faltagatik ere ez nuke lehen ihesaldiaren arrakasta baztertuko badaezpada. Hona hemen nire izarrak:

*** Sagan (CAN, %50,5)

** Kristoff (KAT, %42,7) / Rojas (MOV, %61) / Gerrans (OGE, %25,6)

* Albasini  (OGE, %8,5) / Coquard (EUC, %22,2) / Kwiatkowski (OPQ, %24,9)