
Cancellara eta Armstrong. Bi txirrindulari beteranok jantzi dituzte urrezko dominak Olinpiar Jokoetako erlojupekoan. Castrovejo getxotarrak laugarren bukatu du gizonezkoen proban; lau segundogatik ez du domina eskuratu. Egia esan, Cancellara podiumean ikustea ezin da ustekabekotzat hartu (lau aldiz izan da munduko txapeldun erlojuz kontra), baina bere azken denboraldia den honetan emaitzak zertxobait apalagoak izaten ari zirela aintzat hartuta (Tourreko erlojupeko luzean ez zen lehen postuetan agertu), ausarta behar zen gero, sosak haren alde jartzeko urrea irabazteko borrokan. Usteak erdi ustel. Cancellarak, 35 urterekin, ginga ezinhobea jarri dio bere kirol ibilbideari. Pekinen duela zortzi urte bezala, onena izan da erlojuaren aurkako borrokan.
Continue reading “Zahar hitz, zuhur hitz”
Kolkoratu zuen domina bezain borobila izaten ari da udara Van Avermaetentzat. Tourrean etapa irabazi zuen era ikusgarrian eta maillot horia jantzi zuen zenbait egunez. Jakina, haren parekoa da Rioko garaipena. Gauzak ondo, berak izan behar du klasikomano nagusienetakoa, nagusia ez bada, datozen bost urteotan. Hedabide askotan nabarmendu dute Greg izena jarri ziotela jaio zenean Lemondi keinua egitearren. Komunikabide gutxiagok azpimarratu dute, ordea, ‘van’ abizenaren hasierak tradizio handia duela txirrindularitzan. Van Stenbeergen eta Van Loy, duela mendi erdi, klasikoetako erregeak izan ziren eta Coppi eta Anquetil bezalako txapeldun handiak oso estu hartu zituzten.
Ullrichek Frantziako Tourra irabazi zuen. Zabelek sei aldiz etxeratu zuen Tourreko maillot berdea. Biak ala biak alemaniarrak dira. Altig ere alemaniarra zen. Ez zen Ullrich edo Zabelen mailara iritsi Frantzian, baina erraldoi alemaniarrak itzal luzea izan zuen, dudarik gabe, batez ere 60ko hamarkadan. Joan den larunbatean, ekainak 10, hil zen 79 urterekin.
Hirugarren astean gertatzen dena gertatzen dela, bere kirol ibilbideko egunik politenak igarotzen ari da Kruijswijk, Italiako Giroko maglia arrosa soinean. Azken egunetako mendateak gainditu beharko ditu jantzi preziatua etxeratu aurretik, baina ez dago dudarik; Lotto-NL Jumbo taldeko igotzaileak jauzi handia egin du.
Apirilaren 15ean 80 kandelari putz egingo die bizirik dagoen ziklistarik mitikoenetako batek: Poulidorrek. Ez zuen inoiz Tourra irabazi, baina batez ere bere kemenagatik eta Anquetil eta Merckx bezalako txapeldun handiekin izandako borroka estuengatik milaka zale frantziarren bihotza bereganatu zuen. 1964ko Tourra esku-eskura izan zuen. Txirrindularitzaren historiako liburu gehienetan tartea du Puy de Domeko igoera gogoangarriak. Ametsen Antzokian, sumendi itogarrian. Anquetil eta Poulidor, Poulidor eta Anquetil pega-pega eginda, bata eta bestearen sorbaldak ikutzeraino. Poulidorrek aurkaria atzean utzi zuen eta haren aurretik iritsi zen helmugara.