Piano piano

Kruijswijk maglia arrosarekinHirugarren astean gertatzen dena gertatzen dela, bere kirol ibilbideko egunik politenak igarotzen ari da Kruijswijk, Italiako Giroko maglia arrosa soinean. Azken egunetako mendateak gainditu beharko ditu jantzi preziatua etxeratu aurretik, baina ez dago dudarik; Lotto-NL Jumbo taldeko igotzaileak jauzi handia egin du.

Badira 20 edo 21 urterekin eztanda egiten duten txirrindulariak. Andy Schleckek, esate baterako, zur eta lur utzi gintuen 2007ko Giroan, 21 urte zituela, bigarren bukatu baitzuen Di Lucaren atzetik. Quintanak bera ere 22 urterekin maila harrigarria erakutsi zuen. Kruijswijk, ordea, poliki-poliki dabil. 2010ean azaldu zen aurrenekoz Giroan, 22 urterekin, eta 18. postuan bukatuta, igotzaile polit baten aurrean geundela pentsatu genuen batek baino gehiagok. Are gehiago kontuan harturik urtebete geroago zortzigarren postuan bukatu zuela Corsa Rosa. Ezin izan du, ordea, maila horri eutsi urteotan guztiotan. Orain gora, orain behera. Ahanzturan erortzeko arriskuan ere izan da -2011ko Suitzako Itzuliko etapa bat eta 2014ko Artic Race of Norway dira bere garaipen bakarrak-, baina iaz, Giroan non bestela, berriz ere bere izena entzuten hasi ginen eta zazpigarren postuan bukatu zuen. Postutik haratago, onenekin ibili zen mendate gehienetan -Contadorrekin, Mikel Landarekin, Arurekin…- eta sendotasun horrek bultzatuta akaso, tropelzale askok aukeratu dute Giroko kinielan (%68,5) , baina ziurrenik gehienok ez genuen espero arrosaz ikustea Nibali edota Valverderen aurretik, sendo.

Esan ohi da eskailerak ezin direla denak batera igo, banan bana egin behar dela gora, eta Kruijswijk hori egiten ari dela dirudi. Asteartetik igandera bitartean, beste koska bat igoko du, eta agian bat baino gehiago.

Argazkia: TDW-Sport