
Tropelako kiniela egin aurretik ez dago sobera Paris-Niza probaren ibilbideari bistadizo bat botatzea. Aurtengo lasterketa martxoaren 5ean, iganderarekin, abiatuko da Bois-d’Arcyn eta ez da erlojupeko lehiarekin hasiko. Hori da, begien bistan, aldaketarik nagusiena aurreko urtekoekin alderatuta. Lehenengo hiru etapak lasai samarrak izango dira sailkapen nagusiari begira. Hortaz, esprinterrek eta ihesaldietan iaioak direnek hiru egun apropos izango dituzte borrokarako.
Martxoaren 8an, asteazkenarekin, jokatuko da erlojupekoa. Etapa bitxia inondik ere, izan ere, 14 kilometro eta erdiko saioaren azken hiru kilometroak maldan gora izango dira. Hori horrela, erlojuz kontrako espezialistek lanak izango dituzte igotzaile petoei eusteko. Ostegunean, berriz ere bare eta ostiralean, martxoak 10, izango da lehen mendiko etapa; ziklistek ez dituzte mendate izugarri gogorrak igoko, baina oso ibilbide gorabeheratsua izango dute eta azken bi kilometroek ia %10eko malda dute. Continue reading “Lasai antzean hasi eta su bizian bukatu”



Espainiako Vueltan ez dago gazteen sailkapenik, baina ondorengo lerrootan, denboraldiko azken itzuli handian nabarmendu diren kimuetako batzuk zerrendatuko ditugu. Orica taldeko Simon Yates (24 urte) onena izan da gazteen artean sailkapen nagusian. Adam anaia gazterik onena izan zen Tourrean eta Simonek ere maila izugarria duela erakutsi digu; etapa garaipena, erakustaldia Aubisqueko etapan eta, itxura batean azken astea luze egin bazaio ere, seigarren. postuan azken sailkapenean. Ez ahaztu Ordiziako lasterketa irabazi zuela uztaila bukaeran eta Getxoko zirkuituan bigarren sailkatu zela.