Giroan, Tourrean ez bezala , ustekabean edozein txokotan izan ohi dira. Aurten ezustekoak lasterketa hasi aurretik iritsi ziren; Pellizotti jokoz kanpo utzi zuten, bere pasaporte biologikoaren emaitzak ez ohikoak zirelakoan. Hori ikusirik, Liquigaseko nagusiek Vincenzo Nibali eraman zuten Girora, nahiz eta italiar gaztea oporretan zegoen –edo hori esan zuten behintzat bere taldekoek-.
Bradley Wigginsek jantzi zuen aurreneko maglia arrosa, baina nabarmendu behar da Alexander Vinokourovek oso gogotsu ekin ziola Giroari, eta amorru biziz ikusi genuen taldekako erlojupekoan maglia arrosak ihes egingo ziola jakitun. Lehen astea bukatu aurretik, itzuliko etapa ikusgarrienaren txanda izan zen. Strada Bianchen etapa alegia. Hau da, asfaltatu gabeko errepideetan aritu ziren txirrindulariak. Hori bakarrik ez; euria egin zuen, eta horrek are gehiago gaiztotu zuen etapa; Basso eta Nibali erori egin ziren eta lokatzez betetako errepideetara iritsi zirenerako Evans, Vinokourov eta Arroyo, besteak beste, aurretik zituzten. Borroka ikusgarria izan zen –aldapa tenterik ere bazegoen bide haietan-, eta azkenean, Evansek etapa eraman zuen eta Vinokourovek jantzi zuen ostera ere maglia arrosa.
Handik etapa gutxira, beste ezusteko galanta. L`Aquila bidean, tropelaren erdiak egin zuen aurrera eta faborito guztiak atzean geratu ziren. Emaitza? Richie Porte Saxobank taldeko australiar gazteak maglia arrosa jantzi zuen. David Arroyo espainiarra ere aurreko taldean helmugaratu zen. Bi txirrindulari horiek protagonista bilakatuko ziren probaren azken txanpara arte. Giroa gaizki hasitako Carlos Sastre espainiarrak lehen postuetara jauzi egin zuen etapa harrigarri hartan. Evans, Basso, Scarponi eta abar ia hamar minutura zeuden sailkapen nagusian etapa hura eta gero.
Horiek horrela, Liquigas taldeak lasterketaren lema hartu eta Monte Grappa eta Zoncolaneko etapetan erakutsi zuen talde indartsuena zela. Lehenengo etapan, Nibalik irabazi zuen –bakarrik helmugaratu zen-, eta hurrengo egunean, Zoncolan itogarrian, Bassok. Richie Portek maglia arrosa galdu zuen, baina haren oinordekoak, David Arroyok kuraia sobera erakutsi zuen handik Giroaren bukaera bitartean.
Ivan Bassok eta Nibalik gogotik egin behar izan zuten lan Apricara bidean, itzuliko etapa gogorrenean; Mortirolon atzean utzi zuten Arroyo, baina jaitsieran espainiarrak ia-ia bat egin zuen Liquigaseko bi txirrindulariekin eta haiekin zihoan Scarponirekin. Ia-ia, baina ez ziren elkartu eta Apricarako bidean lortu zuen Bassok Arroyoren abantaila ezer ezean uztea.
Hortaz, Vareseko igotzaileak bigarrenez irabazi zuen Giroa –lehena 2006an- eta Nibalik erakutsi zuen txirrindulari puska dela, lehen aldiz hiru asteko itzuli bateko podiumera igo baitzen. Arroyo espainiarra bi italiarren ondoan izan zen Veronako Coliseum ikusgarrian jarritako podiumean. Ezin laburpentxo hau amaitu Richie Porte aipatu gabe. Julenek Peter Sagan Paris Nizako ustekabeko nagusia izan zela gogora ekarri zigun duela aste gutxi. Bada Giroan, 25 urteko Richie Portek zur eta lur utzi zituen zale guztiak, egiazki. 2011n berretsi beharko du aurten erakutsitakoa.
Urtero bezala, tropeleko txirrindulari garrantzitsuenetako askok parte hartu zuten Euskal Herriko Itzulian. Batzuk aipatzearren: Alejandro Valverde, Damiano Cunego, Andy Schleck, Purito Rodriguez, Samuel Sanchez, Robert Gesink, Haimar Zubeldia, Andreas Kloden… Horiek guztiak abiatu ziren Zierbenatik. Oscar Freire helmugaratu zen lehen postuan aurreneko etapan, baina epaileek zigortu zuen, azken metroetan ez zuelakoan zuzen jokatu. Hori horrela, bigarren sailkatuak, Alejandro Valverdek jantzi zuen maillot horia. Lehen etapa hartan Samuel Sanchez Euskaltel Euskadiko txirrindularia minutu eta erdiko atzerapenarekin iritsi zen helmugara. Putxetaseko aldapa gogorrak min handia egin zion Samueli. Itzulia irabazteko aukerarik gabe geratzeraino.
Leire Olaberriak handia egin du berriz ere. Polonian jokatu berri duen Europako Pistako Txapelketan gailendu da omnium modalitatean. Sei probek osatzen dute omnium-a: abiadazko itzulia -250 metro erlojuaren kontra-, puntuaketa, kanporaketa, jazarpena, scratch-a eta 500 metro erlojuz kontra. Sharakova bielorrusiarra eta Wojtyra poloniarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren
Urtarrilean hotz egiten du. Euskal Herrian hotz egiten du. Ez, ordea, Australian. Bertan abiatzen dute denboraldia, Tour Down Under lasterketan. HTC-Columbia taldeko Andre Greipel alemaniarra nagusitu zen. Lehen bi etapetan tropela osorik edo ia osorik iritsi zen azken metroetara eta esprintean Greipel izan zen jaun eta jabe. Laugarren etapa ere irabazi zuen eta lideraren mailota eraman zuen soinean hasieratik bukaerara arte. Bigarrenez irabazi du Greipelek Australiako itzulia.
Philippe Gilbertek irabazi du Lonbardiako Giroa, bigarrenez jarraian. Omega Pharma Lottoko txirrindulari belgikarra sasoi bete-betean iritsi da denboraldiko azken txanpara. Espainiako Vueltan bi etapa poltsikoratu zituen; Munduko Txapelketan jo eta ke aritu zen, nahiz eta azkenean saririk jaso ez; aste honen erdian Piamonten gailendu zen eta orain, Lonbardian aldaba jo du. Oporren aurreko azken proba garrantzitsuenean erakustaldia emanda irabazi du, gainera.