Alberto Contadorren ustezko positiboak hautsak harrotu ditu. Nola ez ba. Ostegun goizean zabaldu zen albistea. Azkar zabaldu ere. Gaur egun sare sozialei esker konturatzerako zeharo barreiatzen dira berri onak zein txarrak. Ostegun goizean zabaldu zen albistea eta arratsaldean, Contadorrek eta haren gertuko Lopez Cerronek emandako argudioen inguruan era guztietako iritziak irakur zitezkeen han eta hemengo foroetan, Irungo haragiak sekulako fama pilatzeraino!
Nik, egiari zor, Alberto Contadorrengan sinisten dut. Zaila egiten zait oso Tourreko txirrindulari indartsuena izanik, nahita, legez kanpoko zerbait hartzea, jakinda kontrolak inoiz baino zorrotzagoak direla. Hala ere, aitortu behar dut Contadorren aurpegiak prentsaurrekoan Roberto Herasena ekarri zidala gogora, 2005eko Vuelta eta gero, positiboa eman izanagatik egindako agerraldian errugabea zela esan zuenean. EPO zantzuak aurkitu zituzten espainiarraren azterketetan, eta ez zen berriro bizikleta gainean igo lehiatzeko. Jaizkibelen aurtengo Klasikoan egindako pintaketa bat ere etorri zait burura: Non dago Mikel? Bai, tropelzalea, Mikel Astarloza sanpedrotarraren zaleek egina da. Denbora izugarri azkar pasatzen da, baina urtebete pasatxo da Astarloza lasterketetan ikusten ez dugula. Hark ere prentsaurrekoa eman zuen, eta ziurtatu zuen ez zuela legez kanpoko ezer hartu, nahiz eta azterketek kontrakoa esan. Eta nik sinisten diot. Baita Iban Mayori ere. Egia esan, Landisi ere sinistu nion. Beraz, akaso arazoa neu naiz, inozoegia naizela alegia. Txirrindularitzaz nik baino gehiago dakien adiskide eta tropelzale porrokatuak, ordea, ikertzeko erronka bota dit, Tourrean, atseden egunaren bueltan positiboak ohikoak direla, eta oker ez banago, Mayo eta Vinokouroven positiboak atseden egunaren bueltan izan ziren 2007an, esate baterako. Esandakoa, akaso xalo samarra naiz.
Txirrindularitza zale soila naiz, eta txirrindularia maite dut. Baina beti kanpotik jarraitu dut. Azterketak segurtasun neurri guztiekin egiten direla sinetsi nahi dut, eta txirrindulariek ere diotenari sinesgarritasuna ematen diedanez, bada talde batzuetako jokabideak ez direla guztiz zuzenak ondorioztatzen dut nik. Eta txirrindulariek larrutik ordaintzen dutela -oraingoan haragia erosterakoan arduragabe jokatu omen du norbaitek, txirrindulariaren bertsioarekin bat baldin bagatoz-.
Babes handia eta babes ez horren handia
Hori bai, ez zait batere gustatu Espainiako kirol erakundeetako ordezkariek Contador sutsuki babestu izana. Non zeuden haiek zigortutako beste hainbat txirrindularik lau haizetara zabaldu zutenean errugabe zirela?
Contador zigortu behar duten? Pena litzateke bera bezalako txirrindularia bi urtez galtzea laginak esku artean dituztenak zalantzati badabiltza, baina ezin ahaztu aurretik aipaturikoak -Heras eta abar- zigortu zituzten, Valverde zigortu dute inongo azterketatan positibo eman gabe, Puerto Auzian sartu zutelako. Eta zaku berean sartu zituzten, gutxi batzuk aipatzearren, Osa anaiak, Joseba Beloki eta David Etxeberria. Nik, ikusle gisa, haien falta sumatu dut proba askotan. Egunotan asaldatu diren askok, nonbait, ez.
Sentitzen dut horren gauza gutxi argitu izana. Sokratesek duela mende asko esan zituen hitzak nire egingo ditut: Dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer.
Argazkia: AFP
Ezequiel Mosquera eta Vincenzo Nibali orpoz orpo helmugaratu ziren La Bola del Mundon. Batak bestearen bihotz taupadak entzun zitzakeen ia. Tropeleko irakurle gehientsuenek entzunda ere izango ez duten lehia ekarri zidan niri gogora igoera ikusgarriaren bukaerak: Anquetilek eta Poulidorrek 1964ko Frantziako Tourrean, Puy de Dome mendate mitikon gora izandakoa.
Pena da. Handia gainera. Espainiako Vuelta bero -bero dagoen honetan, Igor Antonek etxerako bidea hartu behar izan du. Nire adiskide batek Euskaltel Euskadiko txirrindulariaren sasoiak berotuta edo, gogorarazi zidan aurreko batean duela bi urteko Vuelta, Anglirura bidean erori izan ez balitz, Contador estu har zezakeela. Batek daki. Kontuak kontu, aurten bai bazirudiela bere Vuelta izan zitekeela, baina berriz ere eroriko batek bere bidea eten egin du. Galdakaoko igotzaileak erorikoa izan du helmugatik zazpi bat kilometrora, txirrindulariak azken aldapari ekiteko pronto zeudela. Niri Joseba Belokiren Tourreko erorikoa etorri zait burura, nahiz eta hura larriagoa izan zen. Baita Abraham Olanorena 1999ko Vueltan; saihetsa hautsita igo zuen Angliru, baina handik egun gutxira erretiratu zen.
Atseden eguna izan dute gaur Vueltan parte hartzen ari diren txirrindulariek. Orain artekoari begiratzeko une aproposa da, beraz. Badirudi lau txirrindulari borrokatuko direla itzulia irabazteko. Igor Anton, Purito Rodriguez, Vincenzo Nibali eta Frank Schleck. Euskaltel Euskadiko eta Katushako txirrindulariak orpoz orpo dabiltza. Galdakaoko txirrindulariak ez bezala, Puritok Tourrean parte hartu zuen eta Frantzian pilatutako nekea sumatu dezake azken etapetan. Akaso egunen batean mailot gorria jantzita gustura geratuko da kataluniarra.
Igon Antonek poz handia eman digu aste honetan. Espainiako Vueltako etapa irabazi du Galdakaoko txirrindulariak, eta sailkapen nagusian goiko postuetan jarri. Vuelta gertutik jarraitzeko nahikoa arrazoi, ezta? Hala ere, gauzak zer diren. Igor Antonek etapa irabazi duen egunean ez da protagonista bakarra izan txirrindularitzan. Izan ere, Laurent Fignon frantziarra hil da. Baten zoriona, bestearen azken arnasa gurutzatuta, ia-ia aldi berean.