Horner, zakur zaharraren balentria

euskalherrikoitzuliaUrtero bezala, tropeleko txirrindulari garrantzitsuenetako askok parte hartu zuten Euskal Herriko Itzulian. Batzuk aipatzearren: Alejandro Valverde, Damiano Cunego, Andy Schleck, Purito Rodriguez, Samuel Sanchez, Robert Gesink, Haimar Zubeldia, Andreas Kloden… Horiek guztiak abiatu ziren Zierbenatik. Oscar Freire helmugaratu zen lehen postuan aurreneko etapan, baina epaileek zigortu zuen, azken metroetan ez zuelakoan zuzen jokatu. Hori horrela, bigarren sailkatuak, Alejandro Valverdek jantzi zuen maillot horia. Lehen etapa hartan Samuel Sanchez Euskaltel Euskadiko txirrindularia minutu eta erdiko atzerapenarekin iritsi zen helmugara. Putxetaseko aldapa gogorrak min handia egin zion Samueli. Itzulia irabazteko aukerarik gabe geratzeraino.

Bigarren etapan Valverde bera izan zen azkarrena, eta ondorioz, lehen postuari eutsi zion. Hirugarrenean, Francesco Gavazzi italiarrak irabazi zuen eta Oscar Freirek kendu zion sailkapenaren burua Caisse de Epargneko ziklistari.
Gauzak horrela iritsi zen itzuliko etapa garrantzitsuena, edo behintzat erabakigarriena Arrateko gainean baitzegoen helmuga. Aldapan gora eraso festa izan zen. Gesink eta Schleck izan ziren mugitu zirenetako batzuk, baina azken maldetan hirukote bat nabarmendu zen: Samuel, Valverde eta Horner. Samuel Sanchezek etapa irabazi zuen eta arantza kendu zuen lehen etapan gertatutakoagatik.

Azken aurreko etapa ezin ikusgarriagoa izan zen. Aiako aldapatzarrean Purito Rodriguez izan zen jaun eta jabe, eta sailkapen nagusian Valverde eta Horner orpoz orpo geratu ziren, azken erlojupekoa zain zutela. Aiako etapa hark ere garratzik izan zuen; Amets Txurrukak itzulia utzi behar izan zuen lepauztaia hautsita azken jaitsieran erorita.
Orioko erlojupekoan RadioShackeko Chris Hornerrek ustekabe galanta eman zuen eta Alejandro Valverderi gailendu zitzaion. Estatubatuarrak erakutsi zuen 38 urterekin goi mailako itzulia irabazteko gai zela. Beste ustekabe nagusia Beñat Intxausti izan zen; Euskaltel Euskadiko gaztea podiumera igo zen, hirugarren postuan bukatu zuen eta aurrerantzean egin dezakeenaren arrastoa utzi zuen. Ez du, hori bai, maillot laranja soinean egingo, Eusebio Unzueren Movistar taldean ariko baita 2011n.

Beste behin ere, ikuskizun bikaina, paregabea, eskaini zuten txirrindulariek Euskal Herriko errepideetan barna.

Argazkia: esciclismo.com