Aurrekoan, Tropela taldeak hautagai nagusi bezala jarritako sei txirrindulariek itzulia irabazteko aukera aztertu genuen. Igor Anton ez zegoen multzo horretan, euskaldunen taldetxoan baitago. Ezin bi multzotan egon, baina Antonek lehen postuetan behar luke.
Zur eta lur utzi gintuen 2006an, Vueltako etapa bat irabazita. Hurrengo urteetan erorikoek kalte handia egin zioten Galdakaoko igotzaileari. 2008an, adibidez, sasoian zegoela lurrean geratu zen, tropela Anglirun gora hastean zela. 27 urte ditu Euskaltel Euskadiko txirrindulariak. Adin ezin aproposagoa. Tourrean ez zen egon, taldeak Vueltara sasoi bete-betean eraman nahi izan duelako. Duela aste gutxi Burgosen onenen pare ibili zen Lagunas de Neilako etapa nagusian. Baikor izateko nahikoa argudio. Jakina, ez du tematu behar sailkapen nagusiarekin, baina akatsa litzateke hasi aurretik amore ematea. Oso igotzaile ona da, eta mendi asko izango da Espainiako Itzulian: Peña Cabarga, Cotobello, Covadongako lakuak, Bola del Mundo… Itzulia irabazteko beste hautagaiak ere, jakina, ondo egongo dira ziur, baina gaindiezinak diruditen bi txirrindulariak, Contador eta Andy Schleck ez ditu aurrean izango Antonek. Beno, Andy Schleck parte hartzekoa da, bai, baina litekeena da Frank anaiarentzat morrontza lanak egitea.
…Eta Beñat Intxaustirekin ere, erne. Gazteagoa da muxikarra -24 urte-, baina Euskal Herriko Itzulian erakutsi zuen txirrindularia dagoela. Ez du Euskaltel Euskadin jarraituko datorren denboraldian, baina horrek ez du aitzakia izan behar onena ez emateko larunbatetik aurrera.
Talde laranjak lehengaia badu. Anbizioz jokatzeko adina, nire ustez. Inork edo zerbaitek geldiarazten baditu Euskal Herriko txirrindulariak, errepidea edo aurkariak izan daitezela, baina ez euren burua.
Argazkia: www.arueda.com
Tropela taldeak honako seikotea jarri du hautagai nagusien multzoan: Schleck anaiak, Sastre, Nibali, Menchov eta Mosquera. Taldetxo honetan Denis Menchovek du eskarmentu gehien Espainiako Itzulian; errusiarrak bitan irabazi baitu. Sasoian ote dagoen? Baliteke, baina itzuli handi bat ondo egin ostean bigarrenean ere asmatzea ez da erraza inorentzat, eta Menchovek hirugarren bukatu du aurtengo Tourra. Joan den urtean, bestalde, Giroa irabazi ostean, Tour kaskarra osatu zuen Rabobankeko txirrindulariak.
Abuztuaren hasiera ezin hobea izan da talde laranjarentzat, benetan. Denboraldi honetan izan du taldeak une pozgarririk, hala nola Beñat Intxaustiren hirugarren postuarekin Euskal Herriko Itzulian, Gorka Izagirreren garaipenarekin Luxenburgoko Itzulian, Samuel Sanchezek eginiko Tour onarekin… Baina Burgosko Itzulia benetan bikaina izan da.