Leire Olaberria, Londresera bidean urrea Polonian

olabarria0Leire Olaberriak handia egin du berriz ere. Polonian jokatu berri duen Europako Pistako Txapelketan gailendu da omnium modalitatean. Sei probek osatzen dute omnium-a: abiadazko itzulia -250 metro erlojuaren kontra-, puntuaketa, kanporaketa, jazarpena, scratch-a eta 500 metro erlojuz kontra. Sharakova bielorrusiarra eta Wojtyra poloniarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren

Ikaztegietako txirrindulariak sei urte baino ez daramatza txirrindularitzan –aurretik atletismoan aritu zen-, eta Beijingo Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen. Bazirudien goia joa zuela, baina gaur bertan Donostian emandako prentsaurrekoan argi utzi du ilusioz gainezka dagoela datozen erronkei dagokienez eta ez du uste adina -33 urte ditu-traba izango denik.

Eta etortzeke dauden erronken artean, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoak dira nagusia. Aurretik, dena dela, beste proba batzuetan parte hartuko du; Munduko Kopa abiatzear da eta datorren urteko udaberrian Munduko Txapelketan lehiatuko da.

Bien bitartean, nekez ahaztuko du Leire Olaberriak 2010. urtea. Izan ere, Europako Txapelketan podiumeko koskarik gorenera igotzeaz gain, Espainiako Txapelketan jaun eta jabe izan zen, nola pistan hala errepidean. Gazitik ere izan du urteak, hori bai,  Italiako Giroa utzi behar izan zuelako txirrindulari gipuzkoarrak eroriko batengatik.