2010ari errepasoa (I): Australia epel, Greipel bero

greipel2Urtarrilean hotz egiten du. Euskal Herrian hotz egiten du. Ez, ordea, Australian. Bertan abiatzen dute denboraldia, Tour Down Under lasterketan. HTC-Columbia taldeko Andre Greipel alemaniarra nagusitu zen. Lehen bi etapetan tropela osorik edo ia osorik iritsi zen azken metroetara eta esprintean Greipel izan zen jaun eta jabe. Laugarren etapa ere irabazi zuen eta lideraren mailota eraman zuen soinean hasieratik bukaerara arte. Bigarrenez irabazi du Greipelek Australiako itzulia.
Eta gainerakoan zer? Hirugarren etapa Josean Fernandez Matxainen Footon-Servetto taldeko Manuel Cardosok ustekabea eman zuen etapa irabazita. Ustekabea azken metroetan Alejandro Valverde murtziarrari aurrea hartu ziolako, Caisse de Epargne taldeko txirrindularia azken metroetan oso iaioa den arren, iaioena ez bada.
Valverdek ez, baina bere taldeko Luis Leon Sanchez ez zen esku hutsik etxeratu. Bosgarren etapa –itzuliko menditsuena- begiz joa zuen eta ez zuen hutsik egin. Australiano lasterketa ez da arrotza Sanchezentzat, izan ere, 2005ean etapa eta sailkapen nagusia irabazi baitzituen.
Hain justu ere, Greipelen atzetik bukatu zuen sailkapen nagusian Luis Leon Sanchezek. Zeelanda Berriko Greg Henderson podiumera igo zen Greipel eta Sanchezekin batera. Itzuli handietan nabarmentzen diren txirrindulariei dagokienez, Cadel Evans australiarra aritu zen ondoen. BMC taldeko ziklistak seigarren amaitu zuen. Aditu batentzat baino gehiagorentzat Evansek larrutik ordaindu zuen nola Giroan ala Tourrean denboraldiaren lehen txanpan egindako ahaleginak.