PROFILCOLSCOTES_1

Tropelako kiniela egin aurretik ez dago sobera Paris-Niza probaren ibilbideari bistadizo bat botatzea. Aurtengo lasterketa martxoaren 5ean, iganderarekin, abiatuko da Bois-d’Arcyn eta ez da erlojupeko lehiarekin hasiko. Hori da, begien bistan, aldaketarik nagusiena aurreko urtekoekin alderatuta. Lehenengo hiru etapak lasai samarrak izango dira sailkapen nagusiari begira. Hortaz, esprinterrek eta ihesaldietan iaioak direnek hiru egun apropos izango dituzte borrokarako.

Martxoaren 8an, asteazkenarekin, jokatuko da erlojupekoa. Etapa bitxia inondik ere, izan ere, 14 kilometro eta erdiko saioaren azken hiru kilometroak maldan gora izango dira. Hori horrela, erlojuz kontrako espezialistek lanak izango dituzte igotzaile petoei eusteko. Ostegunean, berriz ere bare eta ostiralean, martxoak 10, izango da lehen mendiko etapa; ziklistek ez dituzte mendate izugarri gogorrak igoko, baina oso ibilbide gorabeheratsua izango dute eta azken bi kilometroek ia %10eko malda dute.

Biharamunean, hau da larunbatean, etapa nagusia jokatuko da. 177 kilometroko etapan lehen mailako hiru mendate igo beharko dituzte, eta helmuga Col de la Couillole gainean izango da. Ez da mendate ezaguna, baina kontuan hartzeko moduko aldapa du, inondik ere: 15 kilometro eta batez besteko aldapa %7 da. Azken etapak, etapa klasikoak, ostiralekoaren itxura izango du. Ibilbidea oso gorabeheratsua izango da – tartean Col d’Eze ezaguna- baina oso gutxitan izaten da erabakigarria kostaldeko bidea. Azken eguneko maldek tropela hautsiko dute, baina nekez sakabanatuko dituzte indartsuenak.

Laburbilduz, eta a priori, ibilbide orekatua osatu dute, eta bigarren zatian jarri dituzte sailkapen nagusia argituko dituzten etapak.