Italiako udazkena

chaves

Txirrindularitza zale bat baino gehiagorentzat Espainiako Vuelta da denboraldiaren azken muga. Urteko bidaiaren azken geltokia. Hortik aurrera, akaso Munduko Txapelketari bistadizoa… eta oporrak hurrengo urtera arte. Italian baina, lasterketa asko antolatzen dituzte iraila bukaeran. Klasikoari klasikoa. Hala, Bennatik irabazi du Toscanako Giroa eta Colbrelli nagusitu berri da Sabatini Kopan. Giro dell’ Emilia, berriz, Chaves kolonbiarra -zer nolako denboraldia daraman Oricak, alajaina!- gailendu zaie Bardet eta Urani. Emakumezkoetan ere jokatu dute proba hau eta Longo Borghinik irabazi du-Ane Santestebanek parte hartu du eta 68. postuan buatu du-.
Kontuak kontu, suziriak hasi besterik ez dira egin. Aste honetan  hitzordu bat baino gehiago izango dugu. Atzo Tre Valli Varesinen aritu ziren nor baino nor txirrindulariak eta bertan Colbrelli gailendu zen. Gaur, berriz, Milan-Torino jokatu da eta kolonbiar bat nagusitu da bertan, Miguel Angel Lopez, Vuelta utzi beharrean suertatu zen Astanako liderretako bat. Italiako lasterketa zaharrena omen da Milan eta Torino lotzen dituena. Lehen edizioa 1876an jokatu zen eta azken urteotan, Contador, Ulissi, Giampaolo Carusso eta Rosaren izenak ageri dira irabazleen zerrendan. Ohi bezala, Supergako aldapan bukatuko da proba.
Bihar, osteguna, Piemonteko Giroaren txanda izango da. Gilbert, Moreno, Uran eta Bakelantsek altxatu dituzte besoak helmugan azken urteotan 1906an sortutako proban. Italiako udazkenak goia joko du, nola ez, bada, Lonbardiako Giroan, Orbelen Klasikoan. 240 kilometroko ibilbidea du lasterketak eta azken zatia izugarri gorabeheratsua. Azken mendatea, Selvino, helmugatik 27 kilometrora dago, baina erne lau kilometroren faltan dagoen koskarekin… Besteak beste, Chaves, Aru, Pantano, Brambilla, Bakelants,  Rui Costa, Brambilla, Alaphilippe eta Contador lehiatzekoak dira Il Lombardian.