Iparrorratza faltan

Argazkiek, batzuetan, ez dute errealitatea islatzen...

Beharbada denboraldiaren azken txanpan gaudelako izan da, baina Oleg Tinkoffek Contadorri eskainitako ‘agurrak’ ez du tarte zabalegirik hartu inguruko komunikabideetan edo irudipen hori dut nik behintzat. Dakizuenez, Contadorrek Trek taldean korrituko du 2017an eta Tinkoffek, bere aldetik, txirrindularitza utzi du. Baina ‘joan’ aurretik, epelak bota dizkio txirrindulari espainiarrari. Besteak beste, Contadorrek Treken talde giroa gaiztotuko dutela eta hobe zuela erretiroa hartzea adierazi du. Contadorrek Tourra ez duela berriro irabaziko gaineratu du. Ez da lehen aldia izan, gainera. 2013ko denboraldian, bere soldata aintzat hartuta, gehiago egin behar zuela bota zion taldeko ugazabak… sare sozialetan.

Tira, bada iruditzen zait Tinkoff jaunari dotorezia falta izan zitzaiola orduko hartan eta falta izan zaiola, era berean, oraingoan. Ez dakit Contadorrek giroa gaiztotzen duen edo ez bere taldeetan, eta litekeena da Contadorrek, Tinkoffek dioen bezala, Tourra berriz ere ez irabaztea, baina dirudun errusiarrak ez luke ahaztu behar espainiarrak lortutako garaipenak bere taldeko maillota soinean: Italiako Giroa, Espainiako Vuelta, Tirreno-Adriatico, Itzulia-bitan- eta besteak beste, etapa garaipenak Algarve eta Dauphinen. Nire ustez, ez dago gaizki. Eta zuen ustez?

Hori batetik, eta bestetik, Tinkoffek berak Contadorren garaipen batzuk nola ospatu dituen gogora ekarri nahi nuke. Gogoratzen espainiarra Giroa irabazi berritan, errusiarrak ilea arrosaz tindatu zuenekoa? Txirrindularitza berritzeko proposamen interesgarririk bota du noiz edo noiz Tinkoffek, hala nola, txirrindularitza taldeek telebista kateengandik, futbol taldeek egiten duen moduan, etekin handiagoa atera beharko luketela. Txirrindulari ‘top’-ek hiru itzuli handiak lehiatzeko neurriak ere proposatu zituen, tenisean gertatzen dena adibide. Eztabaidagarria dena, baina era berean gogoetarako interesgarria. Proposamenak proposamen, beste une askotan ahoberoa izan da eta koherentzia falta izan zaio, azken adierazpenetan bezala.