Haiena izango da hitza

Simon Yatesek Aubisqueko etapa irabazi zuenEspainiako Vueltan ez dago gazteen sailkapenik, baina ondorengo lerrootan, denboraldiko azken itzuli handian nabarmendu diren kimuetako batzuk zerrendatuko ditugu. Orica taldeko Simon Yates (24 urte) onena izan da gazteen artean sailkapen nagusian. Adam anaia gazterik onena izan zen Tourrean eta Simonek ere maila izugarria duela erakutsi digu; etapa garaipena, erakustaldia Aubisqueko etapan eta, itxura batean azken astea luze egin bazaio ere, seigarren. postuan azken sailkapenean. Ez ahaztu Ordiziako lasterketa irabazi zuela uztaila bukaeran eta Getxoko zirkuituan bigarren sailkatu zela.

Bi frantziar ere aipatu behar ditugu. Direct Energie taldeko Calmejanek (23 urte) Ezaroko etapa irabazi du. Latour (22 urte), bere aldetik, sailkapen nagusiaren lehian sartu zen Vueltako lehen erdian eta Peña Cabargan ibili zen oilarrengandik gertuen. Eta noski, Aitanako etapa irabazita benetan handia egin du. Ag2r taldeko ziklista hirugarren sailkatu zen 2015eko Route du Sud-en eta aurtengo Nazioarteko Kriteriumean bigarren bukatu zuen.

Italiarren artean ere bada harribitxirik: Formolo (23 urte), Latourren antzera, sailkapen nagusian ahalik eta txukunen aritzen saiatu da eta horregatik ez dugu gehiegi ikusi etapak irabazteko lehian -bederatzigarren bukatu du-. Iazko Giroan etapa garaipenarekin izan genuen haren berri. Aurtengo Austriako Itzulian laugarren postuan bukatu du, bestalde. Lampreko Contik (23 urte) sari potoloa etxeratu du, inondik ere, Urdaxeko etapa hain zuzen ere, eta Aitanako etapan ere borrokan ibili zen bete-betean.

Movistarreko  Fernandezek (25 urte) ausart jokatu zuen Ezaroko etapan, Vueltaren hasieran, eta horri esker liderraren maillota jantzi zuen. Handik aurrera, morrontza lanetan murgildu zen Quintana taldeburuaren mesedetan, baina asko ikasi du, ziur. Etorkizuneko Tourra irabazi zuen 2013an.

Kolonbiarrik ere badago etorkizunean nabarmendu daitezkeen artean: Katushako Restrepo (21 urte). La Camperonako etapan ihesaldian sartu zen, baina ezin izan zuen azken bururaino eraman. Bere burua Saganekin alderatzen du Restrepok, alegia ibilbide askotan nabarmentzeko modukoa omen da. Esprintean bukatutako etaparen batean, azkenengoan adibidez, top 10 egin du. Beldurrik ez duen seinale.

Hauek guztiek, eta beste batzuek, datozen denboraldietan jarraitu beharko dute apurka-apurka urratzen hasi diren bidea.