L’Aquilako bigarren lurrikara

Duela urtebete, 2009ko apirilean, lurrikara gogor bat jazo zen gaurko etapa amaitzen zen herritik gertu, L’Aquilan. Hildako ugari izan zen eta milaka pertsona etxerik gabe geratu zen. Gaur egun lurrikara haren ondorioak nabariak dira argazkian ikus dezakezuen bezala.

L'Aquilako lurrikara

Gaurko etapa L’Aquilan amaitzen zen eta aurretik 264 km zituzten egiteko -aurtengo etaparik luzeena-. Perfilari begiratuta etapak ez zeukan zailtasun berezirik baina azkenean sorpresa ugari egon da, tropelean asko sufritu da eta sailkapen nagusian iraultza gertatu da. Sekulako lurrikara.

Hasteko 56 laguneko ihesaldia sortu da (sekula horrelakorik ikusiko nuenik!) eta jende oso garrantzitsua zegoen tartean, noski –Sastre, Porte, Arroyo, Tondo, Wiggins, Gerdemann…-. Bestalde, tropelak baimena eman dio eta 17 minutu oparitu dizkie -baina nolatan?-. Konpondu nahi izan dutenerako berandu izan da eta azkenean tropeleko indartsuenek ia 13 minutu galdu dituzte tropela ere txiki-txiki eginda iritsi baita. Euriak eta hotzak oraindik gehiago gogortu dute gaurko jarduna eta ikustekoak izan dira helmugan txirrindulariek zuten piura. A! Etapa Petrov (Katusha) errusiarrarentzat izan da eta italiarrek oraindik etaparik irabazi gabe jarraitzen dute Liquigasen taldekako erlojupekoa kontuan hartzen ez badugu.

Zaila egiten zait gertatu dena ulertzea eta gehiago zerbait aipatzea. Goian aipatu bezala ez dut ulertzen sailkapen nagusiaren borrokan abantaila bat zutenak -Astana (Vinokourov) eta BMC (Evans), batik bat- nolatan ez diren lanean lehenago jarri. Ihesaldian zituzten taldekideak tropelera itzultzea asko kostatu zaie eta bi talde hauen ahultasuna nabarian geratu da.

Lampre (Cunego), Androni (Scarponi), Acqua Sapone (Garzelli) eta HTC-Columbia (Pinotti) taldeentzat ere ihesaldi hori bertan behera botatzea komenigarriagoa zela uste dut -ui! lau taldeetako liderrak italiarrak- eta baina talde gehienek nahiago izan dute beste taldeen ezintasuna agerian jarri. Hau guztia kasualitatea izan den edo zerbait prestatua zegoen zalantzan jarriko dut.

Liquigas, beste talde italiarraren jarrera ere ez da erraza ulertzen baina badirudi nahiago izan dutela Agnoli eta Kiserlovski gaztea ongi kokatu, taldeko bi liderren kaltetan. Basso eta Nibalirekin konfiantza askorik ez dutela iruditu zait. Eta nik ere ez nuke bi italiar hauen alde egingo orain artekoa ikusi ondoren.

Egia esan behar badut, horrelako ihesaldi baten bidez txirrindulari batzuk berriz ere sailkapen nagusiko borrokan sartzeak ez dit grazia askorik egin -batez ere, nire Tropelako kinielan ez ditudalako- baina etapa osoa talde bat edo biren artean kontrolpean eramaten direnean oso aspergarria izan ohi da. Beraz, lasterketari eta ikusgarritasunari dagokionez Giroaren mesedetan izan delakoan nago. Gainera, oraindik Giro erdia geratzen da eta zelakoa!

Zuek zer nolako etapak nahiago dituzue, gaur izan dugun bezalako kaotikoak ala talde sendoek kontrol zorrotz batekin programatutako etapak? Gaurkoa bezalako gehiago nahi baditugu, agian, itzuli handietan taldeak 7-8 txirrindularitara mugatzea litzateke onena.

Argazkia: Bettini (cyclingnews.com)