Azkoitiar selekzioa ala azkoitiko kakalardoak?

Zalantzarik ez dago. Azkoitiarrak jaun eta jabe dira Tropelan. Aurten ere urteko sailkapena ioslarrarekin irabazteaz gain, lehen 10 postuetan beste 3 azkoitiar sartu dira (txarli, txarli1 eta txarli2). 2009an eta 2010ean azkoitiar berak (joxeja) eraman zituen Tropelako bi urte horietako sailkapenak. Iaz, lehen 11 postuetan 3 azkoitiar sailkatu ziren (horien artean, txarli) eta 2009an, joxejarekin batera, txarli1 sartu zen lehen 10 postuetan.

Nagusitasun nabarmena erakutsi dute erabiltzaile azkoitiar hauek eta txirrindularitzan erakustaldiekin gertatu ohi den bezala, Tropelan ere susmoak eta zalantzak agertu dira erabiltzaile hauen inguruan.

Txarli, txarli1 eta txarli2 ez al dira kakalardoak?

Orain arte duda batzuk banituen baina erabiltzaile-izen horiek ikusita nik ere argi daukat erabiltzaile horien atzean pertsona bera dagoela. Hala eta guztiz, Tropelak ez ditu kakalardo bezala markatzen, beraz, izen-abizen desberdinekin sortutako erabiltzaileak direla ziur naiz. Saria jasotzeko izen-abizen horiek egiazkoak direla frogatu beharko dute eta hori eginez gero, saria berarentzat Tropelaren arautegia beteko bailukete erabiltzaile horiek.

Kontuz! Tropelean kakalardoak daude!

Gogoratuko duzuen bezala Frantziako Tourra hasi zen asteburuan Tropelean kakalardoak zirela eta sailkapenak publiko egitea atzeratu behar izan genuen. Baina zer dira kakalardoak?

kakalardoak

Tropelean dauden arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileak, horiek dira kakalardoak. Tropela.net-eko lehiaketa guztietan parte hartzea doakoa da eta horren ondorioz, pertsona bakoitzari ez diogu nahi adina kiniela egiten uzten. Pertsona bakoitzak erabiltzaile bakarra sor dezake eta erabiltzaile bakoitzak kiniela bakarra egin dezake. Gainera irabazleentzat sariak ditugunez, horrek araudia zorrotz betetzera behartzen gaitu.

Ez da erraza araudi zehatzak ezartzea eta berauek zuzen interpretatzea eta aplikatzea baina ondoren adierazten dizkizuegun ezaugarri arbuiagarrietako bat betetzen dute gure Tropeleko kakalardoek.

1. Lehiaketa batean erabiltzaile bat baino gehiago sortu dute, hots, kiniela bat baino gehiago egin dute.

2. Erabiltzailea datu faltsuekin sortu dute.

Irizpide hauei jarraituz hainbat kakalardo topatu ditugu Tropelean. Guk oso nabarmenak direnak soilik markatu ditugu eta seguru beste askok ihes egin digutela.

Nola atzeman daitezke kakalardoak?

Kakalardoak erraz nabarituko dituzue. Sailkapenetan nahiz tropeltxoetako sailkapenetan kakalardoaren ikonotxoarekin agertuko dira. Kontuz, beraz, kakalardo horiekin, kiratsa baitarie!!

Ze ondorio izango ditu kakalardo izateak?

Kakalardo den erabiltzaile bat, sarien lehiatik at geratuko da eta ezingo du saririk jaso, urteko sailkapenean ere ez da kontuan hartuko eta hurrengo lehiaketetan ezingo du kinielarik egin.

Ez naiz kakalardo bat!

Bestalde, norbait kakalardo moduan markatu badugu eta bere ustez aurreko bi irizpideetatik kanpo badago, mesedez, bidali iezaguzue posta elektroniko bat egoera argituz. Guk ere akatsak izan ditzakegu eta komeni da akats horiek zuzentzea oker daudenean.

Saria jasotzeko zer egin beharko da? Datuak ziurtatu.

Arazo guzti hauengatik, saria egokitu zaionak bere datuak egiazkoak direla ziurtatu beharko du Tropela Elkartearen aurrean, eta horretarako emailez bere nortasuna ziurtatzen duen agiriren bat (nortasun agiria, gida-baimena, liburutegiko txartela…) bidali beharko du emailez.

Jakin ezazue kakalardo guztiok, atzemandako eta atzeman gabekook, ez zaretela Tropelaren joko arauak errespetatzen ari eta ondorioz gainontzeko parte hartzaileei iruzur egiten ari zaretela.