#34 Tropela.net podcastak: Tourreko 11. etaparen eta Luzen datorrenaren kronika

Eneko Garate (@egarate), Axier Sukia eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 11. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa esprintean amaitu da eta Cavendish nagusitu da. Hala ere, 12. etapa garrantzitsuari begira, lehen goi mailako mendateak igaro beharko baititu tropelak, beraien hausnarketak plazaratzen dituzte. Euskaldunen artean Ruben Perez eta Pablo Urtasun nabarmendu dituzte eta Tropelako sailkapenari ere errepasoa eman diote.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

Non habil, Richie?

Joan den urtean aho bete hortz utzi gintuen, batez ere Giroan. Aurten, Contadorren aldeko morrontza lanak direla eta, Porteren berri kasik ez dugu izan. Tourrean ordu erdi galduta iritsiko da mendira. Hor nabarmendu nahi du, taldeburuaren mesedetan.

Aurreko denboraldiaren hasieran inork gutxik ezagutzen zuen Tazmaniako ziklista. Romandiako Tourrean erlojuz kontrako saioa irabazita, haren izena eta abizena han eta hemen entzuten, irakurtzen eta ikusten hasi ginen. Giroan ezusteko atsegina izan zen Porte, ezbairik gabe; maglia arrosa eraman zuen zenbait etapatan eta azkenean zazpigarren sailkatu zen. Basso, Scarponi eta Nibali gorago ibili ziren, baina besteekin, Sastrerekin eta Vinokourovekin adibidez, mokoka ibili zen. Azken egunean podiumera igo zen, gazteen sailkapena eskuratu baitzuen. Handik aurrera, lasai hartu zuen, baina Donostia-Donostia klasikoan ere bere burua erakutsi zuen; hamargarren helmugaratu zen.
Continue reading “Non habil, Richie?”

#33 Tropela.net podcastak: Tourreko 10. etaparen kronika

Iosu Garate (@iosugarate), Raul Perez (@raulperezmartin) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 10. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa hau esprintean amaitu da eta gehiengoak uste zuenaren kontra, Greipel Cavendishi gailendu zaio. Esprint estua izan da baina alemaniarra gaurkoan bikain aritu da. Sailkapen nagusiari dagokionez ez da aldaketa nabarmenik izan.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

#32 Tropela.net podcastak: Tourreko lehen asteari errepasoa

Tourra lehiatzen ari diren txirrindulariek gaur izan dute lehen atseden eguna. Atseden egun hau probestuz, Eneko Garate (@egarate), Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasoz gain (@elizaso), gonbidatu berezi batek hartu du parte: David Etxebarriak (@davidetxebarria). Eskerrik asko Davidi gure gonbitea onartu izanagatik.

Lau solaskide hauek lehen asteko erorikoez, euskaldunez, faboritoez, hurrengo egunetan ikus dezakegunaz eta gertakari “ilunez” (atzokoan auto batek Flecha eta Hoogerland bota zituenekoa eta gaur jakin den Kolobneven ustezko positiboa) izan dituzte mintzagai. Eta noski, Tropelako lehen postuen inguruan ere aritu dira.

Podcast hau gustuko izan baduzu, hemen dituzu aurreko podcastak entzungai.

#31 Tropela.net podcastak: Tourreko 9. etaparen kronika

Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 9. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa honetan eroriko bat izan da tropel nagusian eta Vinokourov eta Van den Broeckek besteak beste etxerako bidea hartu behar izan dute. Tropelean geldialdia izan da hori dela eta, eta hori probestuz, iheslariek tartea ateratzeari ekin diote. Baina larriena jazo zela uste genuenean, auto batek Flecha eta Hoogerland errepidetik kanpora bidali ditu bideoan ikusten duzuen bezala.

Amets Txurrukak ere erorikoa izan du etapa hasieran eta etxerako bidea hartu beharrean aurkitu da ustez lepauztaia hautsita. Hemendik gure animorik handiena Amets!!

Etapa garaipena Luis Leon Sanchezek eraman du gaurkoan eta lider berria Voeckler da.

Aurreko podcastak hemen dituzu.