Non habil, Richie?

Joan den urtean aho bete hortz utzi gintuen, batez ere Giroan. Aurten, Contadorren aldeko morrontza lanak direla eta, Porteren berri kasik ez dugu izan. Tourrean ordu erdi galduta iritsiko da mendira. Hor nabarmendu nahi du, taldeburuaren mesedetan.

Aurreko denboraldiaren hasieran inork gutxik ezagutzen zuen Tazmaniako ziklista. Romandiako Tourrean erlojuz kontrako saioa irabazita, haren izena eta abizena han eta hemen entzuten, irakurtzen eta ikusten hasi ginen. Giroan ezusteko atsegina izan zen Porte, ezbairik gabe; maglia arrosa eraman zuen zenbait etapatan eta azkenean zazpigarren sailkatu zen. Basso, Scarponi eta Nibali gorago ibili ziren, baina besteekin, Sastrerekin eta Vinokourovekin adibidez, mokoka ibili zen. Azken egunean podiumera igo zen, gazteen sailkapena eskuratu baitzuen. Handik aurrera, lasai hartu zuen, baina Donostia-Donostia klasikoan ere bere burua erakutsi zuen; hamargarren helmugaratu zen.

Batek baino gehiagok aurten, 26 urterekin, eztanda egingo zuela pentsatuko zuen iazko denboraldiaren hondarrean, baina bere taldeak, Saxo Bankek, Contador fitxatu zuen eta espainiarraren aldeko morrontza lana egin behar izan du. Duela gutxi egindako adierazpenen arabera, Porte pozik dago. “Atsegina da bera -Contador- bezalako mutil baten mesedetan lan egitea. Ez da diktadore bat, baina lan ona egiten duzunean esan egiten dizu eta baita zer nahi duen ere. Taldeburu ona da”, esan berri du Cyclingnews atarianeta Tourreko mendiko etapetan taldeburuaren ondoan egoteko itxaropena du. Are gehiago, azken aurreko eguneko erlojupekoari begira ilusio berezia du. Giroan abisoa eman zuen; itzuli osoan itzalean egon ostean, bigarren geratu zen erlojupekoan Millarren atzetik. Ez al zen logikoagoa izango Contadorren mesedetan itzuli bakarrean jardutea eta beste batean nagusi izatea, Vueltan, adibidez? Datorren urtean bere burua gehiago nabarmenduko ahal du!

Argazkia: Roberto Bettini /cyclingnews