København ’11: hamar izen, ortzadar bakarra.

Urteko zitarik handienetakoa hemen da jada. Astebete baino ez da falta datorren urtean zehar ortzadar maillota soinean zeinek eramango duen jakiteko. Honezkero gehientsuenok jakingo duzuen bezala, Kopenhage-ko ibilbideak gogortasunerako tarte gutxi eskaintzen du, Munduko Txapelketa Danimarka-ko hiriburuan jokatzearen ondorio. Hala ere, zailtasun txiki horietako bat helmugan egoteak batzuen eta besteen aukerak baldintzatuko ditu. Horrela bada, faborito argirik gabeko lehia aurkezten zaigu hasiera batean.

Igandean txirrindulari asko izango da dominiaren bat eskuratzeko moduan azalduko dena, edo bere burua horretarako gai ikusiko duena behintzat. Kinielei begira badaude aurreneko postuan egotea hein handi batean ziurtatu baina garaipenerako itxaropen gutxi daukatenak. Kasu honetan, guk podiumeko goreneko postua zapaltzeko faboritoak zeintzuk diren aukeratu eta jarraian izendatu ditugu, euren izena ortzadar kolorez janzteko hautagai nagusiak, alegia:

1. Thor Hushovd (Norvegia): egungo txapelduna, ezaugarri horregatik baino urteek aurrera egin ahala erakusten ari den dohain guztiengatik dugu aurreneko postuan batez ere: bere erresistentziak bete-beteko sprinterren abiadurari aurre egitea ahalbidetzen dio ibilbide luze eta zailetan. Kasu honetan, luzeraz gain helmugako malda txikia alde izango du. Lasterketa gogor baten ostean egon litekeen sprintean da batez ere faborito. Britainia Handian sasoiko dela erakutsi berri du gainera, eta aurtengo Tourra ere oso aurrekari positiboa du.

2. Oscar Freire (Espainia): egia da bai…aurtengoan ezer gutxi erakutsi du kantabriarrak, bere kirol bizitzaren azkenekoetan da, Mundialerako prestakuntza ez da behar bezain aproposa izan, baina…Horixe da kontua, “baina” horrek hiru ortzadar mailot izatearen babesa duela. Zaila dirudi guztietan onena izan daitekeela pentsatzeak, baina hautagai argi-argirik ez izateak, zirkuituaren akaberak eta lasterketa honekin duen feeling sinestezinak, azkenera aukerekin helduz gero aurkariak bere beldur izatea eragingo du.

3. Philippe Gilbert (Belgika): urteko izarra, bere nagusigoa ia tirania bihurtu du. Erdietsi dituen emaitzek azken bizpahiru hamarkadetako klasiko gizonik onenen pare jartzera ere eraman dute askoren ahotan. Ortzadarra bereganatuz gero txirrindularitzaren Historian letra larriz sartuko litzateke, baina ibilbide selektibo baten aurrean ia segurutzat joko litzatekeenak Kopenhagek asko zailtzen du. Azkeneko malda lehun horretan nola edo hala gainerakoak atzean uzten ahalegindu beharko du. Apiriliean zuen gorputzaldi miresgarririk ez duela dirudien arren, Québec eta Namur-en gailendu da berriki. Bere aldetik edozer ikusteko prest egon behar dugu.

4. Peter Sagan (Eslovakia): Gilbert-ekin bezala, lortzen duena lortuta ere nekez harrituko gaitu dagoeneko eslovakiarrak. Edozer egiteko gai dela dirudi; dena den, erresistentzia handiko probabatan oraindik ezer gutxi erakutsi du, eta horrenbestez zalantza batzuk egon badaude bere errendimenduaren inguruan. Hori bai, luzera beti antzekotsua izaten dela kontuan izanik, izan lezakeen ibilbiderik aproposenetakoa topatuko du: neke pilaketa handirik sortarazi beharko ez lukeen zirkuitua, eta goranzko joera duen helmuga.

5. Edvald Boasson Hagen (Norvegia): Sagan-en oso antzeko kasua. Denbora tarte luze xamar batez arazo fisikoak eta horien ondotik etorritako zalantzak uxatu ostean, bere onenera itzuli eta emaitza oso aipagarriak lortu ditu. Hala ere, Hamburgoko Hew Cyclassics da bereganatu duen egun bakarreko proba garrantzitsu bakarra azken boladan, argudio gutxitxo akaso goren-gorenean jartzeko. Ibilbideak berari ere mesede egingo diolarik, Hushovd aldamenean izango duela kontuan hartu behar da, bere kalte edo mesederako.

6. Fabian Cancellara (Suitza): suitzarrak ez du aurkezpenik behar, eta zerbait lortzekotan modu ikusgarrian lortuko duela esatea ere soberan da. Erasorako horren zirrikitu gutxi utziko duen zirkuituan beste behin zerbait asmatu beharrean izango da, baina hortarako gai dela dakite guztiek. Britainia Handia, Estatu Batuak edota Alemania bezalako talde indartsuen egiturak haustea zail izango du dena den. Bere kasuan, normalena lasterketa atzeko postu batean edo podiumaren gorenean amaitzea dela dirudi, nahiz eta bere abiadura puntua badaezpada gutxiesterik ez dagoen.

7. Mark Cavendish (Britainia Handia): kontraesana dirudi Mundial ia lau bati buruz hitz egiten aritu eta zerrendako aurreneko bete-beteko sprinterra horren atzean ikusteak. Helmugak, gogorregia ez izanagatik, emaitza baldintzatuko duenaren seinale da hori. Oso talde indartsua izango du aldamenean Man Uhartekoak (Millar, Wiggins edo Thomas horren adibide), euren liderra azkeneko metrotan buruan eta irabazteko aukerekin uztearen helburu bakarrarekin. Gogortasun aipagarririk gabeko eguna behar luke ordea, eta sprint azkar batean amaierako aldapatxoari ia zantzurik ere ez hartzea. Honek zaila dirudi alabaina, eta hala izatekotan, jai izango du. Oro har bere maila orain bi urteko Milano-San Remon azaldutakoa ez dela dirudi gainera.

8. Matthew Goss (Australia): San Remo-ko helmugan doktoradutza eskuratu ostean australiar talde indartsuko burua zen hasiera batean, hein batean Classicissima-n klasiko gizonik handienen artean erakutsi zuen jokaera eta mailagatik, baina baita tropel handi batean gailentzeko moduko abiadura izateagatik. Bere aurka, gorputzaldiririk onenean ez dagoenaren tankera hartzen zaiola. Lehengaia beraz izan badu mehatxurik handienetakoa moduan hartua izateko, baina ikusi behar Kopenhage-ra behar bezala helduko den ala ez.

9. André Greipel (Alemania): Greipel, Kittel, Degenkolb eta Ciolek izango ditu Danimarkan Alemaniak. Sprinter asko, askotxo agian. Ez dirudi hala ere horietariko inor irabazteko hautagai nagusien artean sartzeko modukoa denik. Multzo handi bateko sprint batean, Greipel-ek izan dezake aukerarik, Cavendish-ekin bezala helmugak dirudiena baino lehunagoa bada. Kasu horretan ere ez du lan samurra izango, baina horixe izango du aukera bakarra. Eta itxaropen izpia, Tourrean erdietsitako etapa, azkeneko kilometro gogor batzuen ostean.

10. Lars Boom (Herbehereak): Cancellararekin aukerak egoera jakin batzuetara mugatzen direla esan badugu, herbeherearraren kasuan berdina azpimarratu behar da, Bernakoa halakoetan tropelan bakarra dela jakinda gainera. Hala ere, Rabobank-eko gizona gorputzaldi bikaina ari da erakusten Britainia Handian, eta lasterketa nahasi batean bere potentziaz baliatzeko gai izan daiteke. Erresistentzia handiko proben azterketa behintzat gainditua du, eta beste asko ez bezala, bere gurpila ez da kontrolatuenetarikoa izango.

Horiexek beraz gure ustetan igandean besoak altxatzeko aukera gehien duten gizonak. Egun horretan izango dugu azken epaia. Bitartean… zeintzuk dira zuenak?

[Argazkiak]: The Telegraph / As / pregonradio.com /Altas Pulsaciones / Opera Sports / cyclingart.blogspot.com / bettor.com / Televisadeportes / farodevigo.es