9. etapa: Alpeen ostean, bi oilar

Aurtengo Tourreko bi oilarrakHemen duzu 9. etaparen azterketa Egoitz Lizaso eta Oihan Odriozolaren eskutik. Biak bat zetozen etapa ikusgarri bat izan dela esaterakoan eta aurtengo Tourra irabazteko hautagaien zerrenda bi txirrindularitara mugatu da: Alberto Contador eta Andy Schleck. Iazko lehen bi postuak lortu zituztenak.

Podcasta entzuteko sakatu hurrengo botoitxoan.

[audio:http://bloga.tropela.eus/wp-content/uploads/2010/07/tropelanet_tourra2010_9etapa.mp3|titles=9.etapa]

MP3a deskargatu

Argazkia: Graham Watson

Aurreko podcastak:

– Tourreko 8. etapa

– Tourreko 7. etapa

– Tourreko 5. etapa

– Tourreko 4. etapa

– Tourreko 3. etapa

– Tourreko 2. etapa

– Tourreko 1. etapa

– Tourreko prologoa

Evans, Schleck edo Contador

bettiniphoto_0056534_1_full_600Esan ohi da Tourreko lehen asteak ez duela erabakitzen zeinek irabazi behar duen itzulia, baina agerian uzten du nork ez du irabaziko. Franck Schlecki esan genion agur harbidearen etapan, lepauztaia hautsita. Larunbateko etapan, Tony Martin alemaniarra geratu zen atzean. Baita Andreas Kloden ere. Nahiz eta Tourra irabazteko faboritoen artean ez egon, txukun asko ibili da behin baino gehiagotan alemaniarra Frantziako itzulian, eta harritzekoa izan zen horren azkar ezinean gelditzea. Igandean, Avoriazeko bidean, Lance Armstrongek amore eman zuen eta harekin batera, Bradley Wigginsek. Ingelesak ez zituen minutu asko galdu, baina txirrindulari asko ditu jada aurretik eta denek ez dute pott egingo. Bereak egin du.

Avoriazeko azken maldetan orpoz orpo ibilitako 11 txirrindulariei erreparatu behar. Eta horien artean, badirudi hiru daudela besteen gainetik, eta hirurek dituzte aukera gehien Parisen mailot horia janzteko: Cadel Evansek, Andy Schleckek eta Alberto Contadorrek. Minutu baten bueltan daude. Zeinek du hiruren artean aukera gehien? Evansek eskarmentua du sobera, eta iaz Munduko Txapelketa irabazi zuenetik ematen du konfiantza gehiago duela bere buruan. Ez du Mortirolo edo Zoncolan bezalako mendatetzarrik aurretik –horiek lurperatu zuten Giroan- eta azkenaurreko erlojuzkontrako saioak hauspoa emango dio ziurrenik. Giroan parte hartu izanak, ordea, kalte egin diezaioke. Alegia, hirugarren astea oso luze egin dakioke.
Schleckek moralez gainezka behar du Avoriazen irabazita eta Contador atzean utzita. Datozen etapa gogorretan, ostiralean Mendeko etapa pikoan, A3 Domaines eta Tourmaleten, gogor jo beharko du, aldea pilatzeko. Alberto Contadorrek, bere aldetik, ezin izan zion Schlecki jarraitu, baina espainiarrak badaki Schleckek ez badio alde handia ateratzen, azkenaurreko eguneko erlojupekoari probetxu atera diezaiokeela. Hirurek dituzte baikor izateko arrazoiak.

Eta gainerakoek zer? Bada zaila dute. Izan ere, urrutitik jo beharko lukete, eta nekez huts egingo dute Evansek, Schleckek eta Contadorrek. Denis Menchovek eta Robert Gesinkek eutsi egin zioten Avoriazen, baina eutsi bakarrik ez; jo beharko dute sailkapena iraultzeko. Eta Roman Kreuzigerrek eta Ivan Bassok, beste horrenbeste. Italiarra ikusgarri aritu zen Giroan, baina Tourreko lehen aldapetan eutsi bai, baina justu antzean iritsi zen helmugara. Evansi bezala, hirugarren astea oso luze egin dakioke Bassori.
Levi Lepheimer bihurtu da, bestalde, orain RadioShackeko taldeburu. Txirrindulari ona da, bai mendian gora eta baita erlojuaren kontra, baina ustekabea litzateke estatubatuarrak hiru oilarrak atzean uztea. Michael Rogers eta Carlos Sastre ere aurreko taldetxoan izan dira orain arteko mendietan. Bai batentzat eta baita bestearentzat lehenengo hamarren artean bukatzea ez litzateke batere emaitza txarrik izango.

Purito Rodríguez eta Samuel Sanchez etapen ehizan ariko dira; ez dira geldirik egongo tropelean, baina sailkapen nagusian ez dute pentsatuko. Horixe nire analisia. Beharbada, Madeleinek ordu gutxiren buruan txikituko duena…

Argazkia: Roberto Bettini. Cyclingnews.com

8. etapa: faboritoen indarrak argitzen; Armstrong jokoz kanpo

8. etapako podcasta entzuteko sakatu hurrengo botoitxoan.

[audio:http://bloga.tropela.eus/wp-content/uploads/2010/07/tropelanet_tourra2010_8etapa.mp3|titles=8. etapa]

MP3a deskargatu

Aurreko podcastak:

– Tourreko 7. etapa

– Tourreko 5. etapa

– Tourreko 4. etapa

– Tourreko 3. etapa

– Tourreko 2. etapa

– Tourreko 1. etapa

– Tourreko prologoa

Tourreko multzoen azterketa: beste hautagaiak (II)

menchovOso litekeena da multzo honetako txirrindulariren batek podiuma zapaltzea Parisen, edo etaparen bat irabaztea behintzat. Beste hautagaien artean ere lehengaia dago.

Ivan Basso
2006an Giroa irabazi ostean, Tourra lehenengoz irabazteko faborito nagusia zen, baina Puerto Auziak aurretik eraman zuen. Ez Tourra, ez ezer. Eta aurten? Italiarrak, Giroa irabazita, denboraldia egina du jada, eta Italian bete-betean aritu ostean Tourrean irabazteko lehian izandako txirrindulariak oso gutxi dira. Hori bai, batere presiorik ez du izango, eta errepideak esango du Liquigaseko liderra Basso edo Kreuziger izango den. Italiako zaleen itxaropena.

Cadel Evans
Australiarrari buruz, beste horrenbeste esan daiteke. Zoncolan, Kronplatz eta Mortirolon gora indarrak xahutu zituen Lotto-Omegako BMCko txirrindulariak, eta nahiz eta ekaina oso lasai hartu duen, kosta egingo zaio Contador edo Schleck anaien erritmoari jarraitzea. Hala ere, lehiakorra da oso australiarra, eta nekez emango du amore.

Andreas Klöden eta Levi Leipheimer
Biak ala biak ondo ibili izan dira Tourrean. Urrutira joan gabe, Leipheimer podiumera igo zen 2007an, eta Klöden joan den urtean lan bikaina egin zuen Contador taldeburuaren mesedetan. RadioShack taldean daude biak baina, eta horrek esan nahi du Armstrongen aldeko morrontza lana egin beharko dutela. Hori bai, Texaskoak kale egingo balu, askatasun osoa izango lukete eta bai mendian bai erlojupekoetan ondo moldatzen dira. Eskarmentua ere alde dute.

Denis Menchov
Bete betean prestatu du Tourra Rabobankeko igotzaileak. Ez da Giroan egon eta denboraldi osoan apenas ez du bere burua erakutsi. Behin baino gehiagotan joan da Tourra lehiatzeko asmoz, baina arrazoi batengatik edo besteagatik ez du nahi bezain aurrean amaitu. Gero eta aukera gutxiago geratzen zaizkio. Txirrindulari aparta da, baina hura baino gehiago denik bada.

Samuel Sanchez
Espainiako Vueltan txukun aritu izan da asturiarra, baina Tourra Tourra da. Euskal Herriko Itzulia irabazteko asmotan zebilen eta kolpe latza izan zen lehen etapan denbora galtzea. Hala ere, burua altxatu eta etapa irabazi zuen Arraten. Hain justu, hori da Samuelen bertute nagusienetakoa: kemena. Etaparen bat irabazteko hautagai izan daiteke.

Carlos Sastre
Larunbatean abiatuko den tropelean Tourra irabazi duten hiru lasterkari baino ez dira egongo. Armstrong, Contador… eta Sastre. Hori kontuan hartzeko modukoa da, baina espainiarra batean bale bestean kale jardun zen Giroan, eta dirudienez bere boladda onena pasatu da.

Franck Schleck
Hasiera batean behintzat, anaia izango da Saxo Bankeko taldeburua, baina Franck Schleckek ere erakutsi du Tourrean ez dela kikiltzen. Joan den urtean, adibidez, podiuma ez zuen oso aparte eduki. Suitzako Itzulia, gainera, irabazi berri du. Erne berarekin.

Bradley Wiggins
Ingelesa puntu-puntuan iritsiko dela dirudi. Giroa ez zuen bete-betean lehiatu, baina bere burua frogatu zuen egun batean baino gehiagotan. Baita aldapan gora ere. Gizaseme handia da Wiggins, baina joan den urteko Tourrean maldari ez diola zertan beldurra izan agerian utzi zuen. Erlojuz kontra kilometro gutxiegi izango ditu, bere zoritxarrerako.

Aukeraketa egitea ez da xamurra, baina honatx nire apustua beste hautagaion artean: Menchov, Schleck eta Wiggins.

Gladiadoreak eta leoiak

bettiniphoto_0054879_1_full_600“Ave cesar, morituri te salutant” esan ei zieten gladiadoreek
enperadoreari, coliseumaren harera ateratzen zirenean, bai baitzekiten lehoien bazka bilakatuko zirela minutu gutxiren buruan. Coliseumean ez. Veronako anfiteatrora iritsi ziren txirrindulariak Giroko azken arnasean, igandean. Hala ere, aktoreak bezala baino gehiago, gladiadoreen pare aritu dira denak, Moltalcinoko lokatzean, L’Aquilan, Zoncolanen gora edo Gavian, elur horma artean. Enperadoreen sasoian gladiadoreek beso eta bular gihartsuak zituzten ezpatari eta abarri behar bezala eusteko. Gaur egungo gladiadoreek, ziklistek, hanketan dituzte giharrak. Haientzat leoiak bezain zitalak dira Mortirolo, Zoncolan edo Kronplatzeko malkarrak.
Basso izan da onena, bai,baina beste askoren joa gabe Giroa ez zen horren ikusgarria izango. Arroyok ahaleginak eta bi egin zituen maglia arrosari eusteko –zeinek esango zion pare bat aste lehenago horrela ibiliko zenik!-. Scarponi eta Nibali ere goi-goian ibili dira, eta horren goian izan ez badira ere, aipamen berezia merezi dute Evansek eta Vinokourovek. Haiek ere distira eman diote Giroari. Marco Pinotti ere borrokatu da. Baita John Gadret igotzaile frantziarra ere. Richie Portek zur eta lur utzi du bat baino gehiago. Australiarrak erakutsi du etorkizuneko txirrindularitzaren izen handietako bat izan daiteke, baina noski, hori erakutsi beharko du datozen urteetan. Eta ezin ahaztu euskal txirrindulariak, Xabier Zandio eta Iban Mayoz. Haiek ere beren alea utzi dute Giroan.
Egiari zor, lehenengo astea eta gero, Evans eta Vinokourov ikusten nituen nik beste guztien gainetik, baina azkenean ez bata ez bestea ez dira ezta podiumera igo.

Eta Giroa bukatuta, albistea beste nonbaitetik iritsi da: Alejandro Valverdek ezin izango du parte hartu inongo lasterketatan 2012ko urtarrila arte, Puerto auziarekin zerikusia izan zuelakoan zigortu baitute. Eta Giroan puri-purian zegoela, jakin genuen Mikel Astarloza sanpedrotarra ere ez dugula luzaroan lehiatzen ikusiko. Haien aurrean enperadoreek hatz potoloa beherantz jarri dute. Astarloza eta Valverde ere gladiadore peto-petoak dira, edozein lasterketatan onena emateko prest dauden horietakoak. Haien falta sumatuko dugu txirrindularitza zaleok, ziur.

Argazkia: www.cyclingnews.com