Tourreko multzoen azterketa: beste hautagaiak (II)

menchovOso litekeena da multzo honetako txirrindulariren batek podiuma zapaltzea Parisen, edo etaparen bat irabaztea behintzat. Beste hautagaien artean ere lehengaia dago.

Ivan Basso
2006an Giroa irabazi ostean, Tourra lehenengoz irabazteko faborito nagusia zen, baina Puerto Auziak aurretik eraman zuen. Ez Tourra, ez ezer. Eta aurten? Italiarrak, Giroa irabazita, denboraldia egina du jada, eta Italian bete-betean aritu ostean Tourrean irabazteko lehian izandako txirrindulariak oso gutxi dira. Hori bai, batere presiorik ez du izango, eta errepideak esango du Liquigaseko liderra Basso edo Kreuziger izango den. Italiako zaleen itxaropena.

Cadel Evans
Australiarrari buruz, beste horrenbeste esan daiteke. Zoncolan, Kronplatz eta Mortirolon gora indarrak xahutu zituen Lotto-Omegako BMCko txirrindulariak, eta nahiz eta ekaina oso lasai hartu duen, kosta egingo zaio Contador edo Schleck anaien erritmoari jarraitzea. Hala ere, lehiakorra da oso australiarra, eta nekez emango du amore.

Andreas Klöden eta Levi Leipheimer
Biak ala biak ondo ibili izan dira Tourrean. Urrutira joan gabe, Leipheimer podiumera igo zen 2007an, eta Klöden joan den urtean lan bikaina egin zuen Contador taldeburuaren mesedetan. RadioShack taldean daude biak baina, eta horrek esan nahi du Armstrongen aldeko morrontza lana egin beharko dutela. Hori bai, Texaskoak kale egingo balu, askatasun osoa izango lukete eta bai mendian bai erlojupekoetan ondo moldatzen dira. Eskarmentua ere alde dute.

Denis Menchov
Bete betean prestatu du Tourra Rabobankeko igotzaileak. Ez da Giroan egon eta denboraldi osoan apenas ez du bere burua erakutsi. Behin baino gehiagotan joan da Tourra lehiatzeko asmoz, baina arrazoi batengatik edo besteagatik ez du nahi bezain aurrean amaitu. Gero eta aukera gutxiago geratzen zaizkio. Txirrindulari aparta da, baina hura baino gehiago denik bada.

Samuel Sanchez
Espainiako Vueltan txukun aritu izan da asturiarra, baina Tourra Tourra da. Euskal Herriko Itzulia irabazteko asmotan zebilen eta kolpe latza izan zen lehen etapan denbora galtzea. Hala ere, burua altxatu eta etapa irabazi zuen Arraten. Hain justu, hori da Samuelen bertute nagusienetakoa: kemena. Etaparen bat irabazteko hautagai izan daiteke.

Carlos Sastre
Larunbatean abiatuko den tropelean Tourra irabazi duten hiru lasterkari baino ez dira egongo. Armstrong, Contador… eta Sastre. Hori kontuan hartzeko modukoa da, baina espainiarra batean bale bestean kale jardun zen Giroan, eta dirudienez bere boladda onena pasatu da.

Franck Schleck
Hasiera batean behintzat, anaia izango da Saxo Bankeko taldeburua, baina Franck Schleckek ere erakutsi du Tourrean ez dela kikiltzen. Joan den urtean, adibidez, podiuma ez zuen oso aparte eduki. Suitzako Itzulia, gainera, irabazi berri du. Erne berarekin.

Bradley Wiggins
Ingelesa puntu-puntuan iritsiko dela dirudi. Giroa ez zuen bete-betean lehiatu, baina bere burua frogatu zuen egun batean baino gehiagotan. Baita aldapan gora ere. Gizaseme handia da Wiggins, baina joan den urteko Tourrean maldari ez diola zertan beldurra izan agerian utzi zuen. Erlojuz kontra kilometro gutxiegi izango ditu, bere zoritxarrerako.

Aukeraketa egitea ez da xamurra, baina honatx nire apustua beste hautagaion artean: Menchov, Schleck eta Wiggins.