2021eko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira [inozentada]

2020ko Vuelta San Mamesen (argazkia: El Correo)

Tropelak jakin berri duenez, hurrengo urteko Munduko Txapelketak Bilbon jokatuko dira. 1997an Donostian ospatu ondoren, 24 urte beranduago euskal errepideetara itzuliko da ekitaldia. Juan Mari Aburto gaur eguerdian agerraldia egitekotan da Julian Erasorekin batera, OCETAko presidentearekin, prentsa ohar bidez jakin dugunez.

Izan ere, txapelketen antolakuntzaren ardura OCETAk bere gain hartuko du. “UCIk badaki mundu mailako antolakuntzarik onena gurea dela, batez ere ardo eta pintxo kontuetan!” kontatzen zigun Julianek algaraka. “Serio jarrita, badakizue nola hurrengo urtean Itzulia Basque Country eta Clásica San Sebastian Regionez gain, maiatzean Itzulia Woman ere antolatzekoak garela, emakumezkoen World Tour mailako hiru eguneko lasterketa” azaltzen digu Julianek, aitortuz helduen ingeleseko klaseak hartzen ari dela lasterketen izenak egoki esateko. “Hiru ala lau lasterketa antolatu, kasik berdin kostako zaigu!” dio Julianek. “Webgunea ere laster izango dugu prest. Badakizue, bisualagoa eta informazio garrantzitsuarekin, hau da, egun ditugun webguneak bezain onak” baieztatzen digu.

Jakitun zareten moduan, Bilbok Tourraren irteera hiri izateko asmoak ez dira ezezagunak. Hori dela eta, txapelketak antolatzea bitarteko pausu moduan beharrezkoa dela aipatzen digute udaletik. “Ez dago zalantzarik esperiantzia handiko lantaldea duela OCETAk eta esku onetan uzten dugula ekitaldiaren ardura” aipatzen digu udaleko ordezkariak. “Oso present dugu Sergio Padillari gertatu zitzaiona eta horregatik rotaflexak erosteko partida berezi bat gehitu dugu aurrekontuan” ziurtatu digute.

Ibilbidearen informazio zehatzak – GPS tracking eta abarrak – gaur bertan argitaratuko duten webgunean ikusgai izango direla bermatzen digute. Hori bai, oraindik ez dago argi webgunearen izena zein izango den, zalantzan baitira “campeonatosdelmundoBilbao2021.es” edo “GreatBilbao2021RoadWorldChampionship.eus” domeinuen artean. Hau guztia gaur bertan jakingo dugu.

#459 Tropela.eus podcastak: 2020ko Espainiako Vuelta errepasoa – 18. etapa

Ackermannek (BOH) lortu du Madrilgo azken etapa garaipena lortzea

2020ko Espainiako Vueltako 18. etapak eman dio amaiera 2020ko edizioari. Bertan azkarrena Ackermann (BOH) izan da Bennett (DQT) eta Kanterren (SUN) aurretik. Dakizuen moduan, Vuelta Roglicek (TJV) eraman du eta baita erregulartasunaren maillot berdea. Mendikoa Guillaume Martinentzat (COF) izan da, gazterik onena Masentzat (MOV) eta Movistarrek, azkenik, talde onenaren saria. Euskaldunei dagokionez, sailkapen nagusien aurreen amaitu duena Mikel Nieve (MTS) izan da, guztira 13. sailkatuta.

Azken etapa honetaz eta Vueltaren ingurukoez aritzen da Iban Perez (@piban) podcast honetan.

Podcastera harpidetu

#458 Tropela.eus podcastak: 2020ko Espainiako Vuelta errepasoa – 17. etapa

Gauduk (GFC) bigarren etapa garaipena Vuelta honetan eta sailkapen nagusiko lehen 10 postuetan amaituko du

2020ko Espainiako Vueltako 17. etapa erabakigarria Gaudu (GFC) frantziarrak irabazi du Mäder (NTT) eta Ion Izagirreren (AST) aurretik helmugaratuta. Hiruak eguneko ihesaldian izan dira, baina atzean Vuelta erabakitzeko zegoen. Carapazek (IGD) zirrara eragin dio etapari erasoa jo eta Roglic (TJV) atzean uztean, baina ez du nahikoa tarte lortu eta bigarren amaituko du Vuelta honetan ekuadortarrak. Roglicek (TJV), horrenbestez, Vuelta poltsikoratuko du eta Carthyk (EF1) podiumean amaituko du.

Hau eta bihar jokatuko den etaparen ingurukoak kontatzen ditu Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan.

#457 Tropela.eus podcastak: 2020ko Espainiako Vuelta errepasoa – 16. etapa

Cortek (EF1) etapa garaipena lortu du, EF1ren hirugarrena Vuelta honetan

2020ko Espainiako Vueltako 16. etapa aukeratuen arteko esprintean erabaki da. Izan ere azken mendateak atzean utzi arazi ditu azkarretan azkarrena eta helmugan ezohiko esprinta ikusi dugu. Bertan Cort (EF1) izan da azkarrena eta bigarren liderra bera, Roglic (TJV), 6 segundoko gainsaria hartuz lidergoa sendotzeko asmoz. Costa (UAD) izan da errepidean hirugarren, baina zigortua izan da eta ondorioz Smithi (MTS) eman diote hirugarren postua.

Hau eta gaur jokatuko den etapa erabakigarriaren ingurukoak kontatzen ditu Iban Perezek (@piban) podcast honetan.

Podcastera harpidetu

#456 Tropela.eus podcastak: 2020ko Espainiako Vuelta errepasoa – 15. etapa

Philpsenek (UAD) etapa garaipena lortu du Vueltan

2020ko Espainiako Vueltako 15. etapa, maldan gora izan bada ere, esprintean amaitu da. Bertan indartsuen Philipsen (UAD) gaztea izan da Ackermann (BOH) eta Steimleren (DQT) aurretik. Sailkapen nagusian aldaketarik ez eta Roglicek (TJV) jarraitzen du lider.

Hau eta gaur jokatuko den etaparen ingurukoak kontatzen ditu Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan.