Gorka Izagirre, flandriako euskalduna

Igande arratsaldean azken hilabetetako garaipen garrantzitsuenetakoa lortu zuen Gorka Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak. Luxemburgoko Itzulia Twitter bidez (@procyclinglive) jarraitzen geundenok sorpresa ikaragarria jaso genuen:

procyclinglive: Four riders have escaped the peloton. Leader Carrara is with them, as is Izaguirre (EUS), Doi (SKS) and Ivanov (KAT). #skodatour

eta ondoren:

procyclinglive: Izaguirre starts the sprint and wins the stage!. #skodatour

Ikaragarria! 22 urte, UCI Pro Tour lasterketa, eta Ivanov (Amstel Gold Race-n garailea) zein Carrara-ri (Luxemburgoko Itzuliko azken garailea) gailendu! Azken kilometrotan euri jasa ikaragarria izan zen, lasterketa bertan behera botatzekotan izan ziren gainera, eta gure txirrindulariak bide gorabeheratsua hartan kolpe!

Amorruz beteriko garaipena bere aurpegiak ongi azaltzen duen moduan.

izagirre_luxemburgo

Ondo asi zuen itzulia Gorkak, aitzin etapan 13garren postuan sailkatu zelarik eta gazte onenaren maillota jantzi zuelarik. Ondorengo egunetan ordea lana erruz egin behar izan du bere taldekideen mesedetan… esprinten baten bila edo… Bere zuzendarien erabakiak egokiak izan al dira?? Gazte onenaren maillotak ez al du batere balio UCI Pro Tour lasterketa batean?? Beste txirrindularirik ez al zegoen lan horretarako??

Gorkak argi erakutsi zigun sasoi beteko zegoela, indartsu, eta bere klasea agerian jarri zuen azken etapa honetan. Txirrindulari ugari dago urteak joan urteak etorri garaipenik gabe daudenak, izan ere, goi mailako txirrindularitzan ez da ezer oparitzen eta zer esanik ez UCI Pro Tour-ean. Zer balorazio egin beharko genuke Euskaltel-Euskadiko zuzendarien inguruan??

Profesionaletako bere bigarren urtean erakutsi du Gorkak txirrindulari garailea dela, eta bere zuzendariek kontutan hartu beharko luketela hemendik aurrera era honetako lasterketetan. Izan ere, zaila bada txirrindulari garaile bat izatea gure artean, oraindik eta zailagoa “klasikomano” bat aurkitzea. Halaxe definituko bainuke Izagirre, klase handiko txirrindulari azkarra. Badakigu iparraldeko klasikak dituela maite, euria eta hotzarekin gustura sentitzen da euskaldun on lez, eta hori igandean argi erakutsi zigun.

Flandriako Tourra, Amstel Gold Race eta era honetako klasikak maite ditugunontzat garai ederrak datozela iruditzen zait euskal txirrindularitzari dagokionez… baina bestalde kezka batzuk ere sortzen zaizkit: talde egokian ote dago Izagirre?? Euskaltel-Euskadik apustu garbia egingo ote du txirrindularitza mota honen alde??

Ea hala den… bitartean, gozatu Gorkaren garaipenaz:

Estatu Batuetako hurrengo harribitxia

Badirudi yankeen lurraldean Lance Armstrong baino ez dela existitzen. Levi Leipheimer, Christian Vandevelde, David Zabriskie eta beste hainbat txirrindularik gauza on asko egin dituzte, baina estatubatuarren unibertsoan Lance da Eguzkia, Ilargia, planetak eta asteroide guztiak. Dena eklipsatzen du Texasko txirrindulariak, baina, jakiek bezala, iraungipen data bat dauka. Idazten ari naizen bitartean konturatu naiz aipatu ditudan beste hirurek ere badituztela urte batzuk.

Ez dezagun ahaztu txirrindularitza Estatu Batuetan gorakada handia jasaten ari dela, bai txirrinduzale edo telebisten jarraipenari dagokionean, hala sponsorren inplikazioari dagokionean ere. Labur esanda, eta denboran atzera asko egin gabe  utopia bat zirudienean, Estatu Batuak txirrindularitzaren makuluetako bat bilakatu dira. California edo Georgiako itzuliek maila polita hartu dute, eta Gila bezalako beste batzuk gero eta talde eta txirrindulari hobeagoak dakartzate kontinente zaharretik.

Gauzak honela, nor izango ote da Estatu Batuetan txirrindularitzaren jarraipena bermatzeko merituak egingo dituen txirrindularia? Hornerrek ere ez du luzaro iraungo tropelean. Tom Danielson, antzera. Zer esanik ez George Hincapieren inguruan… Estatubatuar gehienak “kirol zahartzaroan” sartuta daude, eta errelebu generazional bat beharrezkoa izango da laister. Eta errelebu horrek izena eta abizena dauzka. Izena, Taylor, eta abizena, Phinney. Ez da izango Tourreko garaile, baina eskuak asko altxatuko dituela begiak itxita jokatuko nuke.

Taylor Phinney: Dudarik gabe berea da etorkizuna. Oraindik 20 urte bete ez dituenean, pistatik datorren txirrindulari hau zeresan handia ematen ari da Europako errepideetan. Pistan daudenak eta ez daudenak irabazi ditu jada (tartean jarraipen proba absolutua 2009 eta 2010ean), eta errepidean pilatu ditu makina bat garaipen. Azkenengoak, Olympia’s Tour izeneko lasterketa holandar batean. Atera kontuak: 7 etapatik 4 irabazi zituen (2 erlojupekoak eta 2 sprint), beste bi aldiz bigarren postuan amaitu zuen (beste 2 sprint), eta Itzuliko etaparik gogorrena 7. postuan bukatu zuen. Eta itzuli hau Stef Clement, Thomas Dekker edo Joost Posthuma bezalako jendeak irabazi izan du gaztaroan. Hori gutxi balitz, “nagusiekin” ere estreinatu da, aurrez aipatu dugun Gilako Itzulian etapa bat irabazita. Baina hor ez da dena amaitzen. 23 urtez azpiko Paris-Roubaix ere irabazi du aurten. Beraz, Taylor Phinney sprinter-erlojupeko espezialista-klasikomano nahaste interesagarri bat dela esan daiteke.

Gertutik jarraitu beharko dugu bere eboluzioa. “Eta huts egingo balu?” – galdetuko du norbaitek. Hori horrela izanda, Tejay van Garderen eta Peter Stetina aipatuko nituzke. Stetinarengan ez daukat aparteko ilusio edo esperantzarik, baina van Garderen ere urruti iristeko moduan dagoelakoan nago.

Romain Sicarden debuta Australian

Romain SicardEuskaltel-Euskadi taldea Derion izan da kontzentratuta aste honetan zehar. Kontzentrazio honetan zenbaiti hurrengo urteko egutegia zehaztu diote eta horien artean Romain Sicard txirrindulari gaztea agertzen da. Dakizuen bezala, Sicard 23 urtez azpiko egungo munduko txapelduna da.

Hazparneko txirrindulari gazteak Tour Down Under Australiako lasterketan egingo du debuta. Gainera taldeburu gisa aurkeztu dute. Ez dakit ez ote den goizegi Romaini horrenbesteko ardura emateko, baina hori Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariek jakingo dute.

Edonola ere, urtarrilak 17tik 24ra jokatuko den Tour Down Underrean hasiko da Euskaltel-Euskadi taldearen 2010ko denboraldia. 2003an Mikel Astarlozak irabazi zuen lasterketa hau Ag2r taldean zela. Beharbada talde laranja lasterketa irabazteko gai izan daiteke. Ikusiko dugu.

Veni, vidi, vici

Lars Anthonious Johannes BoomMaiatzaren aurrenekoa egun seinalatua izaten da langileen artean. Euren eskubideak aldarrikatze aldera, kalera atera ohi dira asko eta asko. Txirrindulariak ordea errepide gainera pedalei eragitera irteten dira. Urteroko legez, aurtengoan ere aipatu egunean Frankfurt-eko Sari Nagusia ospatu zen, lasterketa amaiera polit baten ostean Fabian Wegmann etxeko gizonak eskuratu zuena. Proba amaitu gabe aldiz txirrindulari asko eta asko geratu ziren, eta horien artean egun huraxe bera berezia izatea eragin zuen gizona: Lars Boom. Herbeheretarrak alemaniar lasterketa aukeratu baitzuen errepidera behin betiko jauzia emateko aurreneko proba gisa.

Ikusmina sortu zuen Rabobank-eko gaztearen debutak. Ez da gutxiagorako, 24 urte bete ez dituela izandako lorpenei erreparatuz gero. Iparraldeko Kanpainaren hasieran bera ikusteko itxaropenik egon bazitekeen ere, Hoogerheide-ko munduko txapelketan porrot egin ostean ziklo-kros proba gutxi batzuk lehiatu eta atsedenaldi luze bat hartzea erabaki zuen. Esan bezala, Frankfurt-en ez zuen helmuga gainditu, bai ordea lehiatu zituen hurrengo bi probetan, Herbehereetan biak ala biak: Batavus Prorace eta Dutch Food Valley Classic (Veenendal-Veenendal zaharra). Bietan Kenny Van Hummel gailendu zen esprintean, eta gure protagonistari kilometroak pilatzeko balioko zitzaizkion seguru asko.

Halaxe aurkeztu zen Belgikako Itzuliko irteeran. Denboraldiko bere aurreneko helburutzat hartu zuen, eta hala, esprintean erabaki ziren aurreneko hiru etapetan, ezkutuan ibili beharrean, noizbehinkako agerpenak egin eta esprintetan gain sariren bat edo beste pilatzeari ekin zion. Lasterketa ordea azkeneko bi saioetan zen erabakitzekoa. Ardenetan etapa gorabeheratsua lehena, eta 16 km. pasatxoko erlojuaren aurkako saio laua hurrena.

Etapa ikusgarria suertatu zen itzuliko laugarrena. Aurreneko erdian, ibilbideak aurkezten zituen muinoak zirela medio, lasterketa apurturik geratu zen. Ordurako, Borut Bozic liderra atzean geratua zen, eta lehia 40 bat txirrindularira mugatu zen. Ezagun zaharrak zituen inguruan Boom-ek: bertan ziren Sven Nys txapeldun handia, Niels Albert Hoogerheide-ko heroia, ta baita Klaas Vantornout ere (Walsleben eta Kloucek gazteez gain). Sunweb-eko flandestarrak La Redoute-n gora, helmugara oraindik ia 60 km. falta zirela, egin zuen bere azkeneko agerraldia. Hortik aurrera ehunka mugimendu izan zen. Walloniako inguruetatik ibili arren, flandestar erara korritu zen etapa, eta esan beharrik ez da, hori ikuskizunarentzako mesedetan izan zen.

Etapako kilometro erabakigarriak iritsiak zirela, Rabobank egoera on xamarrean zen, Boom-ek Nuyens, Clement eta Moerenhout lasterketan sarturik baitzeuzkan. Hala ere, Van Avermaet, Roelandts, Dekker (hirurak Silence-Lotto-koak) edo Ivanov bezalako gizonak oraindik aurrean ziren. Lehenago aipaturiko mugimendu horietako baten ondorio zen aurreneko ihesaldi bati ez zion Lars Boom-ek heldu, eta bazirudien hortik irten zitekeela lasterketako garailea. Bertan ziren Van Avermaet, Marcato, De Waele, Cornu, Albert (ikaragarria errepide gainean erakutsitako maila) eta Moerenhout. Rabobank-ek ordea erabakia egina zuen, eta atzetik Clement-ekin lehenengo erritmoa jarri eta ondoren Nuyens-ek astindu ederra eman zion jazarpenean ziren gizonen taldeari. Harik eta Vlijmen-eko luzeak benetako erasoa jotzea erabaki zuen arte. Ivanov eta Roelandts atzean geratu ziren (beste asko ordurako jokoz kanpo ziren), eta Bakelants eta Dekker izan ziren bakarrik jarraitzeko gai. Ordurako Bakelants eta Boom bera izan ziren saiatuenetakoak. Flandestarraren inguruan hitz egin izan genuen iaz Etorkizunekoen Tourraren harira, eta aurrerantzean izan ziur zeresanik emango duenaz. Alabaina, halako batean, helmugarako 10 km. baino gutxiago faltan zirela, Boom-i jarraitzeko indarrik gabe geratu zen. Ordekan. Dekker-ek jarraitu zion, eta Moerenhout -en laguntzari esker Boom-ek azkeneko kolpea jo eta aurrekoak harrapatzera heldu ziren. Sartzen ari zirela Albert-ek eraso gogorra jo zuen, baina behin betikoa Marcato eta De Waele bakandu zituena izan zen. Flandestarrak, Pro Tourrarengandik urrun ere gauza politak egin daitezkeela baieztatzen duten kastakoa bera, garaipen handia lortu zuen txirrindularitza egun zoragarrian. Liderraren garaikur den maillot beltza ordea esan beharrik ez da zeinek jantzi zuen. Eta egun hartan erakutsikoaren ostean, inork gutxik jartzen zuen zalantzan itzuliko sailkapena bereganatuko zuenik.

Eta halaxe izan zen. Dekker eta Cornu bezalako espezialista onak sailkapenean oso gertu bazituen ere, halako distantzian benetako animalia den Sebastian Rosseler izan zen bakarrik Iparraldeko Brabante-ko izarraren gainetik sailkatzeko gai. Bigarren postua erlojupekoan eta sailkapen nagusia berarentzat, errepidean handienen artean hilabete ere bete ez zuela.

Badira Herbeheretako harrobiak goi mailan fruiturik ematen ez dituela diotenak, baita gazteegi nabarmentzeak ezertarako balio ez duela gerora hori baieztatzen ez bada. Halako erakustaldiak, ordea, hortarako jaioak direnek bakarrik eman ditzakete. Ikusgarria baita ordekan, erlojuaren aurkakoan eta muino etzanetan barnean daraman indarra transmititzen ikustea. Hori frogatzeko hurrengo aukera Suitzan izango dugu seguru asko. Hemen da, eta luzerako geratzeko asmoz. Bera da, Lars Anthonious Johannes Boom.

Txirrindularitza bai edo bai (eta II)

Egia da talde edo kirol egitura bakoitzak eskubide osoa duela bere irizpideen arabera kudeaketa aurrera eramateko. Baina ez dago ahazterik Euskaltel-Euskadik hein handi batean erakunde publikoen laguntzaz egiten duela aurrera, hots, herritarren dirua dela medio. Hortaz, euskal txirrindularitza tropela bere osotasunean osatzen duten gazte guztiek behar dute, derrigorrean, erakundeek sostengaturiko proiektu horren parte izateko aukera. Eta bertara iristeko bide bakarra azpiko taldeetatik pasa behar izatea ez da legezkoa. Zentzu honetan, badirudi Azpiru-Ugarteko Julen Gonzalez-ek eta Garikoitz Bravo-k Caja Rural-eranzko bidea hartuko dutela.

Baina are gaitzesgarriagioa den kontu bat ere aipatu zuten agerraldian. Zale askok jakingo duten bezala, Euskadi Fundazioa gazte mailako txirrindulari batzuei bekak ematearen ekimena aurrera eramaten hasi zen orain pare bat urte. Orain arte ordea ez zegoen tratu horretan ematen ziren baldintzen xehetasunik. Argi dago zergatik.

Antza denez, kasuan kasuko gazteak Fundazioaren taldeetan korritzeko konpromezua hartu beharra dauka, Fundazioak berak hala agintzen badu talde horiekin sina dezan, erabakia alde bakarrekoa delarik, beti ere hirugarren talde hipotetiko baten baldintza ekonomikoen berdinak izanda. Hala ez balitz, txirrindularia Fundazioari diferentzia ekonomikoa ordaintzera beharturik egon liteke, formakuntza eskubideak direla eta. Kontua da formakuntza hori ez dagoela oso definiturik eskaintzen diren kontratuetan, eta zehazten dena (prestakuntza kontrolak, esfortzu proben analitikak eta hitzaldi teknikoak) ez dirudi gaztea Fundazioarekin lotzera eramateko bezain erakargarriak direnik.

Guzti hau jakinda, egun euskal txirrindularitza profesionala eta bertara heltzeko bete beharreko bidearen kudeaketaren arduradunek kirol interesez gain beste batzuk dituztela agerian geratzen da. Bestela ez baitago hitzez azaltzerik egoera honetara iristearen funtsa zein den.

Topsport-Vlaanderen

Kontu delikatua da harrobiarena, horretan ez da zalantzarik, are gehiago Euskaltel-Euskadiren izaera duen talde batentzat. Zentzu horretan, egitura profesional askok dituzte maila baxuagotan bigarren talde gisa lan egiten duten taldeak. Horien denen artean Topsport Vlaanderen-en kasua aztertzea da interesgarria, talde apalagoa izanagatik, nazioarte mailan lehiatzen baita txirrindulari flandestarrez soilik osaturik.

Topsport Vlaanderen-ek badu kontinental mailan filiala, Davitamon – Lotto – Jong Vlaanderen. Baina azken honetatik ateratzen diren txirrindulariz bakarrik hornitu beharrean, Flandeseko tropela osotasunean hartzen du kontuan taldeak. Bestela, aurtengo Etorkizunekoen Tourra irabazi duen Jan Bakelants dohatsuak ez lituzke 2009an Topsport Vlaanderen-en koloreak defendatuko. Garbi geratzen da beraz kirol kontuei bakarrik erreparatuta, eta ez bestelako izkutuko interesei so eginda, zein den jarraibidea. Are gehiago, Bakelants bera eta Stijn Joseph aurten Beveren 2000 taldean ibili direla jakinda, Quick Step boteretsuaren anaia txikia berau, edota Klaas Lodewijk Rabobank Continental-en lehiatu dela kontuan hartuz. Horiek denak datorren urtean Flandeseko talde nazional gisa har litekeenan arituko dira, bere azpiko taldeetan ibili ez arren errepidean erakutsi baitituzte erakutsi beharrekoak. Davitamon – Lotto – Jong Vlaanderen-etik berriz gizon bakarra pasako dute, Tim Mertens.

Talde apalagoa dugu esan bezala Topsport Vlaanderen, nahiz eta kirol ikuspegitik interesekoak zaizkion lasterketa guztiak korritzen dituen. Etxeko taldea maila gorenean izateko ordaindu beharreko prezioak benetan merezi duen aztertzea ez legoke soberan (euskal taldeari buruz ari naiz, noski), printzipioekiko koherente izango bada behintzat.

Guzti hau esanda, argi gera bedi bere hastapenetan Fundazioari bere babesa bazkide eginez eman zion batek idatzi duela artikulu hau, gertakarien ondorioz azken urteotan taldearenganako miresmena eta maitasuna galduz joan dena. Ez txirrindulariei bere babes eta animoak eskaintzeari utzi diona, txirrindulari onak gustoko izan arren beti ere etxekoari ematen baitiot nik orokorrean nere bultzadatxoa. Baina zaleen ia baldintzagabeko babesari eta gazteen ilusioari barre egin eta beren interesak hobesten dituzten gizasemeak taldearen agintari direla, egoera arras ezberdina da begibistan daukaguna. Orain, Azpiru-Ugarte kontinental taldea atera (euren proiektu egituratu interesgarri eta koherentea aurrera eramateko laguntzak aurkitzea ez dute erraz izango ordea) edo desagertzearen arteko gurutzadan aurkitzen da. Jon Odriozola berriz bere duintasunarekiko leial mantentzearen keinu txalogarriak talderik ez izatera eraman lezake, nahiz eta esan duenaren arabera 2010ean taldea sortzeko esperantzak badituen. Zorterik onena izan dezatela biek ala biek; txirrindularitza zaleontzat oro har, eta Euskal Herrikoentzat bereziki, albiste pozgarria litzateke.

Argazkia: Makoto Ayano