Txirrindularitza bai edo bai (I)

Bai edo bai, edo bai ala bai. Argi dagoena da baiezko borobila behar duela txirrindularitzak oro har, bizi duen momentu honetatik aterako bada. Eta geure esparrura mugatuz, baiezkoa behar du euskal txirrindularitzak, zalegoak datozen urteotan gorenean leihatuko diren txirrindulariak ikus ditzan.

“Euskal txirrindularitza” aipatze hutsak edonori Euskaltel-Euskadi dakarkio gogora. Kirol honen historian zehar gure herriak izen handi asko eman baditu ere, seguru asko Euskadi modura sortu zen taldeak, gerora Euskaltel-en babesa lagun bilakaera gorakorra bizi izan duena, lortu du herritarrok errepidean nolabaiteko izana identifikaturik ikustea, beti ere txirrindularitzak bere jarraitzaileengan beste kirol batzuek sortzen duten fanatismorik eragiten ez duela kontuan izanda, oro har behintzat.

Jon OdriozolaBilakaera horretan ordea, egun talde laranja denak beltzune ugari izan ditu; azken bolada honetan gertaturikoak oraindino ari dira zeresana ematen. Batetik, Jon Odriozola zuzendariaren affaire-a aipatu behar da. Oñatiarrak bi urte eman ditu Euskaltel-Euskadiren kirol egituraren lehenengo taldean zuzendari lanetan, aurrez egitura honetako bigarren taldea den Orbea-n izan ostean. Azken urteotan gazteen nondik norakoa gertutik jarraitu duen gizona izanda (taldearen filosofiari jarraiki, bestalde), eta errepidean bera kotxean zela taldeak izan duen jarrera eta emaitza positiboak kontuan hartuz, harritzeko erabakia taldearen zuzendaritzak harturikoa. Azkeneko hauen esanetan arrazoi ekonomikoak urrundu zituen bi aldeak, baina Odriozolak tartean beste arrazoi batzuk izan zirela esan zuela kontuan izanda (kirol kontuak, eta zehazkiago esateko, lana aurrera eramateko modua, aipatu zituen gipuzkoarrak) eta bai aurrekariak zein testuingurua zeintzuk diren gogora ekarriz, taldeak emandako bertsio ofizialak zalantza handiak sortarazten ditu.

Igor González de Galdeano-k kirol zuzendaritzaren agintaritza hartu zuenean, orduan errepidean zuzendari zen Julian Gorospe erditik kentzea izan zen bere aurreneko erabaki esanguratsua. Taldeak haize freskoa behar zuela pentsatzea onargarria izan bazitekeen ere, ez da berdina gertatzen mañariarriari bolada hartan eman zitzaion tratuarekin. David Herrero ere Espainiako Itzuliko taldetik at geratu zen, kirol ikuspegiaren aldetik ulertezina zen erabakian. Gerora bizkaitarrak erakutsi du berriz ere hanka sartu zutela berak taldean jarrai zezan ahalegin handiagoa ez egitean.

Kontuak kontu, esan bezala ordurarte Orbean zebilen Jon Odriozola izendatu zuten ordezko gisa, Gorka Gerrikagoitia eta hein txikiagoan Xabier Carbayeda ere bertan zirela ahaztu gabe. Odriozola-ren igoerak Álvaro González de Galdeano Orbearen kargu egitea ekarri zuen. Datu esanguratsua, Galdeanotarren eskutan egituraren zati handi bat geratzen baitzen horrela, ez baitago ahazterik Miguel Madariaga-k pixkanaka Euskaltel-Euskadiren ardura anaia gazteari uzteko asmoa zeukala.

Odriozolak taldea utzita, garbi dago kirol ardura Igor González de Galdeanoren eskutan geratuko dela erabat, gazteen zuzendaritza bere anaiak izango duen bitartean. Senideartean geratuko da beraz taldea, Miguel Madariaga bera ere, kirol ikuspegitik ikusita behintzat, euren ildo berekoa baita.

Egitura endogamikoaren kiratsa hartuz joan da taldea arabarrak tartean sartu zirenetik, eta azkenik 2009tik aurrera taldera helduz geroztik bilatzen zuten erabateko agintaritza euren esku geratuko da.

Julen Gonzalez (Azpiru-Ugarte)Eta egitura itxi horren barnean, asteotan hedabideetan zer idatzia eman duen kontua ekarri behar da harira, harrobiarena alegia. Orain ia bi aste afizionatu mailako Azpiru-Ugarte taldeko arduradun Mikel Azparren-ek (manager orokorra) eta Ketxus San Emeterio-k (kirol zuzendaria) prentsaurrekoa eman zuten Donostian, sortu berri duten plataforma berria iragarrita. “Txirrindularitza bai edo bai” izenaren pean, 2009an kontinental mailako taldea osatzeko asmoa azaldu zuten bertan, amateurretan lehiatzen diren euskal txirrindularirik onenek profesionaletarako bidean trabarik izan ez dezaten. Izan ere, gaur egun Orbeak darabilen filosofia kontuan hartuz, gazteentzat ia ezinezkoa da euskal profesional talde bakarrera jauzia ematea, eurekin akordioa duten talderen baten barne egon ezean behintzat.

Euskaltelen egitura horretan akordioa duten taldeak Naturgas (Araba), Debabarrena, Bidelan-Kirolgi (Gipuzkoa) eta Caja Rural (Nafarroa Garaia) dira. Talde horietatik kanpo diren txirrindulariek ia ezinezko dute egun Orbea-Oreka denera pasatzea. Beraz, Seguros Bilbao, Azpiru-Ugarte edota Cafés Baqué taldetan ari diren gazteek jai dute, kasu konkreturen bat salbu (gaur egun euskal itxaropenik handienetako den Jonathan Castroviejo Seguros Bilbao taldean zen Orbeara pasa aurretik).

Kontua ez da gaur goizekoa. Urte asko pasa dituzte Madariaga eta bere kideek politika hau babesten. Iban Mayo, Euskaltel-Euskadi gorenean jarri zuen gizona, profesionaletara urratsa emateko aukerarik gabe izatetik gertu egotera eraman zuen politika, igorreztarrak afizionatutan (eta oro har bere kirol bizitza osoan) erakustaldi handiak eman bazituen ere, une hartan Cafés Baqué taldean ari zelako. Kasurik gertukoena Beñat Intxausti-rena da. Talde laranjak bera fitxatzeko ahaleginak egin bazituen ere, agian bestelakoak lirateke ahaleginok zornotzarra Madariagak zuzendutako egituraren barnean balego. Edozein kasutan ere, merkatuak ezartzen dituen mugak ikusirik, ihes egin beharko ez liekeen txirrindularia zen Intxausti.

Aurrez aipatutako prentsaurrekoan, Azpiru-Ugarteko arduradunek hausnarketarako hainbat datu eskaini zituzten. Horietako bat, kirol alorrari dagokiona, oso esanguratsua: Euskaldun Txapelketan, aurreneko 11en artean 10 txirrindularik lehenxeago aipatutako egitura horren parte ez diren taldetan dihardute; Lehendakari Txapelketan 6 txirrindularirekin gertatzen da, eta 23 urtez azpikoekin, 7 gazterekin. Honek agerian uzten du Orbeak ez duela onenen artean egiten bere hautaketa.

(jarraituko du)

Argazkiak: Mikel Fraile/F. de la Hera