“Praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarreko aurkezpen bideoa

Dagoeneko jarri dituzte biltzarreko bideoak ikusgai Leizaola Elkargokoek. Hemen gehitzen dizuegu gu izan ginen mahaiko bideoa. Egoitzen parte hartzea 18. minutu inguruan aurkitzen da eta hitz egin zuen guztiaren lehen zatia soilik aurkitzen da.

Bideoan guztia agertzen ez denez, hemen dituzue gure aurkezpena. Biltzarraren inguruko informazio gehiago nahiko bazenute aurreko post batean irakur dezakezue.

Tropela.net “Praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarrean (2010)

Tropelaren inguruko hitzaldiaren hasiera

Gaur goizean egokitzen zitzaigun Tropelaren inguruan hitz egitea “praktika egokiak gutxitutako hizkuntzen eta IKTetan sustatzeko” biltzarrean. Atzo hasi zen jardunaldia eta gaur amaitzen zen. Gu laugarren eta azken solas-taldean aritu gara.

Gure aurretik arlo honetan diren adituek hartu dute parte. Egia esanda gure proiektua izango zen zalantzarik gabe hizlari guztien artean xumeena hitzaldian bertan aitortu dugun bezala.

Iñaki Irazabalbeitiak, ELEKA enpresako zuzendariak, eman dio hasiera gaurko jardunaldiari. Berak teknologia linguistikoen erronkak eta euskara normalizatzeko eman beharreko jarraibideak eman ditu. Bukaeran azpimarratu duena euskarak digitalizazioaren trena hartu duela da, baina ondo goazenaren sentsazioa dugun arren bagoia atzean geratzeko arriskuaz ohartarazi digu.

Gaurko lehen solaskide taldean Montserrat Pardo (Microsoft),  Leire Aginaga (Euskaltel) eta Maria Antònia Antonín (Bartzelonako Unibertsitateko linguistika departamentuko ordezkaria) izan dira. Nabarmentzekoa Montserraten esfortzua izan ere kataluniarra izanik eta euskaldun berri berria aurkezpena euskaraz egin baitu. Hitzaldien edukiari dagokionez, berriz, Maria Antònia linguista bera aukeratuko nuke. Mezu ezberdinak eman baditu ere beharbada interesgarriena komunikazio bide guztietan (SMS, txat, email, twitter, facebook,…) erabilera sustatu behar dela adierazi baitu nahiz eta komunikazio horietan hizkuntzaren arau guztiak ez bete.

Hurrena hitz egiten Ashish Venugopal izan da, San Frantzisko-tik etorri den Google-eko ordezkaria. Honek Google Translator-en inguruan hitz egin du eta nola funtzionatzen duen azaldu du. Badirudi beraien erremintak hobetzeko webgune multilingualak behar dituela horiek aztertuaz ikasten joaten baita itzulpen hobeak lortzeko, nahiz eta monolingualetatik ere ikasteko gai dela esan duen. Garbi geratu dena behintzat euskarara eta euskaratik itzulpen egokiak egiten ikasteko Google-en sistemak beharrezko duela euskarazko edukiak sarean izatea; zenbat eta gehiago hobe.

Hauen ondoren, berandu xamar izan bada ere, Joxe Rojas (Topagunea.org), Lander Arbelaitz (Argia.com), Josu Aztiria (Elhuyar Fundazioa), Joseba A. Etxebarria Gangoitia (Internet Euskadi Elkartea) eta ni neu Tropelaren inguruan aritu gara. Hitzaldien ordena hizlariak zerrendatu ditudan ordena berean izan dira ni Josebaren aurretik izan naizela salbu.

Joxek euskara elkarte ezberdinek interneteko teknologia komunikazioa sortzeko nola erabiltzen dituzten azaldu du, baita euskara bultzatzeko ere (Skype kasu). Landerrek Argiaren 91 urteko historian paperari teknologia berriak nola eragin dioten eta egokitzeko behar horietara Argiak ibilbideari nola ekin dion azaldu du. Josuk, berriz, hizkuntza saileko arduraduna izaki hiztegigintzan teknologia berrietara egokitu beharrak nola eragin dien eta negozio-ereduaren inguruko zalantzak plazaratu ditu.

Ikusten duzuen bezala era honetako ordezkariak ikusita gure txanda iritsi denean gure txikitasuna aitortu beharra sentitu dut. Nire txandari aitorpen horrekin ekin diot.

Gure proiektuaren sorreratik hasita noraino iritsi garen azaldu dugu. Denbora tarte honetan izan ditugun datu ezberdinak erakutsi ditugu eta argi utzi dugu egun oraindik Tropela.net proiektua aisialdian garatutako eta mantendutako proiektua dela. Hurrengo aurkezpen honetan ikus dezakezue zer azaldu dugun.

Nire atzetik esan bezala Josebak beraien elkarteak antolatzen dituen Buber sariez aritu da. Birritan aipatu du beraien asmoa teknologia berriak sustatzen diren proiektuak sari horiekin egindako lana eskertzea dutela xede. Eta gure izena ere aipatu du iaz “euskara sustatzeko webgune onenaren” Buber saria eman baitziguten. Eskertzekoa.

Gu bostok azalpenak eman ostean galderei txanda eman beharrean saioa amaitu egin du aurkezleak. Pena izan da seguru baikaude batek baino gehiagok galderak izango zituela. Nik behintzat bat edo beste banuen nire solaskideei egiteko, baina zoritxarrez esan bezala saioari amaiera eman zaio.

Leizaola Elkargoari gure eskerrak eman nahi dizkiogu ekitaldira gonbidatu izanagatik. Beno, ekitaldira eta ondoren goizeko jardunaldian parte hartu dugun hizlariok bazkaltzera gonbidatu izanagatik. Guretzako behintzat oso aberasgarria izan baita bai jardunaldian izatea baita ondorengo bazkaria. Aipatutako pertsonai garrantzitsu hauekin bazkaltzea eta solasean aritzea oso gustagarria izan zaigu. Eskerrik asko, beraz, antolatzaileei eta hizlari guztiei.

Tropela.net 2010 sari banaketa ekitaldi arrakastatsua

Tropela.net 2010 sariak. Sarituekin argazkia

Arrakastatsutzat jotzen dugu pasa den ostiralean (urriak 8an) izan genuen sari banaketa ekitaldia izan ere jende andana bildu baikinen bertan. Gure kalkuluen arabera 70 lagunetik gora izan ginen bertan eta hori eskertzekoa da. Eskerrik asko etorri zineten guztioi; arratsalde on bat pasa izan zenutelakoan gaude.

Tropela.net 2010 sariak. Amets, Haimar eta ArritxuArritxu Iribarrek gidatu zuen 2010eko sari banaketa ekitaldia. 50 saritik gora genituen banatzeko eta horretarako laguntza ezin bestekoa genuen. Aurtengoan ere Haimar Zubeldia eta Amets Txurrukaren laguntza bikaina izan genuen sari guzti horiek banatzeko. Eta amaitzeko, pintxo eta edariez gozatu aurretik, Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek zenbait bertso eskaini zizkien bertaratutako guztiei.

Bertsolarien aurretik Egoitz Lizasok Tropela Elkarteko ordezkari gisa amaitu berri den 6. denboraldi honen inguruan azalpenak ematen aritu zen: lehiaketa kopuruen gorakada, urteko sailkapenari emandako garrantzia, parte hartze igoera, euskararen presentzia altua … eta batez ere bai euskal txirrindulariei, bai laguntzaile eta babesleei eta, nola ez, parte hartzen duzuen guztioi eskerrak eman zituen.

Eskerrik asko guzti guztioi zuen laguntza eta babesagatik. Honek guztiak aurrera egiteko indar berritzen gaitu.

Urteko Sailkapenean aurrera egiteko Munduko Txapelketaren zain

2010ko Urteko Sailkapena Munduko Txapelketaren faltanGuztiok Urteko Sailkapenean aurrera egiteko azken aukera dugu aste honetan jokatuko diren Munduko Txapelketako erlojuaren aurkako eta errepideko saioetan. Eta guztiok diot, nahiz eta Tropelako Urteko Sailkapenaren aurrealdean aurkitzen ez garen, tropeltxoetan oraindik gauzak erabaki gabe izango ditugulako. Hala da nire kasuan behintzat.

Joxeja, xuxo94 eta txanik-ek osatzen dute podiuma oraingoz. Badirudi, ordea, oker handirik izaten ez badu, Joxeja azkoitiarrak bigarrenez Urteko Sailkapena poltsikoratuko duela ia 300 puntutako errenta baitu. Ez da makala azkoitiarraren marka!

Gogoratu aurtengoan lehen 15 postuetan sailkatutakoek jasoko dituztela sariak. Hurrengo igandean guztia erabakita geratuko da. Zorte on guztioi!!

Tropela Sariak 2010

Tropela Sariak 2009 ekitaldia

Aurtengo Tropela.net 2010eko Sari Banaketa ekitaldia Zarautzen izango da urriaren 8an. Zehazki, ekitaldia Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da eta ekitaldiari arratsaldeko 18:30tan emango zaio hasiera.

Sari banaketan Paris-Niza, Euskal Herriko Itzuli, Ardenetako Hirukote, Italiako Giro, Dauphine Libere, Frantziako Tour eta Donostiako Klasikoko sailkapen nagusian sarituak izango dira, eta hauez gain Espainiako Vueltan eta Munduko Txapelketan irabazle izango direnak. Beraz, oraindik guztiz erabaki gabe daude sari banaketara etorri behar dutenak. Zehazteko, ondorengo hauek izan behar dute sari banaketa ekitaldian:

1. Paris-Nizako sailkapen orokorreko garailea

2. Euskal Herriko Itzuliko sailkapen orokorreko garailea

3. Ardenetako Hirukoteko sailapen orokorreko garailea

4. Italiako Giroko sailkapen orokorreko lehen 3 postuetan sailkatutakoak

5. Dauphine Libereko sailkapen orokorreko garailea

6. Frantziako Tourreko sailkapen orokorreko lehen 16 postuetan sailkatutakoak

7. Donostiako Klasikoako garailea

8. Espainiako Vueltako lehen 3 postuetan sailkatutakoak

9. Munduko Txapelketako irabazlea

10. Tropela 2010 urteko sailkapeneko lehen 15 sailkatuak (lehiaketa guztiak amaitu eta gero, noski)

Hauei guztiei email bidez bidaliko dizuegu sari banaketa ekitaldirako gonbidapena.

Sari banaketa ekitaldia Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol esatariak aurkeztuko du eta berarekin txirrindulari profesionalen bat edo beste izango dugu sariak banatzeko lanetan. Ekitaldia borobiltzeko zizka mizkak eta edariak ere izango dira etorriko zareten guztiontzat.