Gaur Tropelak 15 urte betetzen ditu

Gaur bezalako egun batean ekin genion Tropela Elkartearen proiektuari orain 15 urte. Dakizuen moduan, hastapenetan tropela.net bezala ezagutarazi genuena urtez urte proiektua garatzen eta handitzen joan da, eta egun tropela.eus da gure zigilua.

Atzera begira jarrita, harro sentitzen gara egindako bideaz. Lan talde bikain bat eta guztiok proiektuari eskaintzeko prest ginen konpromisoak egin zuen errealitate egun Tropela moduan ezagutzen duguna. Euskara, txirrindularitza eta teknologia, horiek dira hasieratik gaur arte proiektuaren pilare nagusiak. Eta agerian geratu da hirurak ere oso sendoak direla, erabiltzaileok eta Tropela ezagutzen duzuen guztiok dagoeneko ondo dakizuen moduan.

Tropela mundura zabaltzen saiatu gara hizkuntza gehiago gehituz, beti ere gurea erdigunean jarriz, nabarmenduz. Gainerako hizkuntza gutxituei ere beraien lekua eman diegu, gutxituak izanik ere, ez baitira horregatik garrantzi gutxiagokoak, eta hori guk ondo dakigu. Eta berriak ere etortzen direnean berdin egingo dugu.

Bidean Itzulia, Klasikoa eta Emakumeen Bira lasterketetan “gure birusa” kutsatzen saiatu gara. Webgune propio bat eman genien, euskararen erabilera normalizatu bat eta berau erdigunean jartzeko lanean aritu ginen Itzulia, Klasikoa eta Bira moduan webgune zein sare sozialetan izen propio bihurtuz. Nola ez, komunikazioan euskara bera ere lehenetsita. Ez genuen behar beste lantzeko aukerarik izan, baina harro beste behin zabaldutako bideak aztarna guztiz ezabatu ez duelako.

Tropelara itzuliz, urtez urte lehiaketa gehiago bildu ditugu, ekitaldi gehiago egin ditugu – Tropela Hondartzan kasu – , baita ekimen gehiago ere – Telegram taldea, kanala, podcastak (jada 392!!), Podcastak.eus proiektua,…-. Baina garrantzitsuena, erabiltzaile zein jarraitzaileok hor izan zarete eta zaudete urteak aurrera joanda ere.

15. denboraldia jarri genuen abian Paris-Nizarekin eta ezinbestean etenda geratu da koronabirusak mundu osoa hankaz gora jarri ostean. Ez dugu ukatuko nolabait 15. urteurren hau gogoangarria izatea nahi genuela, eta hala izango bada ere, zoritxarrez birus batek protagonismo guztia hartu duelako izango da. Akaso geuk ere Olinpiar jokoen modura urtebetez atzeratu beharko dugu gure ospakizuna!!

Zorionez Tropela osatzen dugunok, eta batzuk bagara, bakoitza bere esparru eta ahalmenen mailan lagunduz, osasuntsu gara. Osasuntsu, indartsu, eta batez ere, gogoz. Koronabirusaren krisia pasako da eta ziurtatzen dizuegu Tropelak hor jarraituko duela, lasterketei berriz ekiten dietenerako prest.

Plazer bat da guretzat 15 urte hauek ospatzea egoera berezi honetan bada ere, lasterketarik eskuartean izan gabe, etxean sartuta gaudela. Zuei ere urteurren hau ospatzera gonbidatzen zaituztegu, urtez urte aipatzen dugun moduan, Tropela guztiok egiten dugulako. Zorionak zuei ere eta gutxienez beste 15 urte bete ditzagula!!

Tropelak ere bultzada eman dio euskarari gailurrera bidean

Hemen duzue Puntu Eus fundazioak berriki kaleratu duen bideoa. Bertan euskararen ibilbidea sarean errepasatzen da 1994az geroztik. Buber’s basque page webgunetik hasita, euskal postak, Kaixo.com, Sustatu.com, euskarazko Wikipedia, software librea euskaratzen dabilen Librezale lantaldea, Blogari.net, Blogak.com… eta Tropela!

Asko poztu gara geu ere ibilbide honetan euskararen presentzia sarean indartzen laguntzeaz, eta nola ez, bideo honetako parte izatea gure txirrindulari bereziak ordezkatuta. Izan ere asko eta asko dira euskararen presentzia sarean ere bermatzeko lanean dihardutenak nahiz eta bideoan ez azaldu. Hori bai, guztion elkarlana beharrezkoa izango da aurrean ditugun mendietan gora egiten jarraitzeko. Ea ba euskaldun on moduan mendi hauek ere menderatzeko gai garen!

Aurten erlojuaren kontrako taldekako etapak puntuagarriak Tropelan

BMC erlojuaren kontrako taldekakoan

ADI! Aurten, Tropelan lehen aldiz taldekako erlojupekoetan puntuak banatuko dira! Lehiaketaren parte diren heinean bere puntuazio sistema partikularra merezi zutela jakin bagenekien, baina aurtengoa izango da puntuak banatuko diren lehen urtea.

Kiniela egiterako garaian ez da aldaketarik egongo, erabiltzaileak beti bezala aukeratu beharko ditu txirrindulariak. Oraingoan ordea, erabiltzaileak kontuan hartu beharko du taldekako erlojupekoek puntuazio sistema berezia edukiko dutela eta hori kontuan hartu beharreko faktore bat izango da kiniela egiterako garaian.

Puntuazio sistema hurrengokoa izango da:
– Lehen sailktutako taldeko txirrindulari bakoitzari 50pt
– Bigarren sailkatutako taldeko txirrindulari bakoitzari 25pt
– Hirugarren sailkatutako taldeko txirrindulari bakoitzari 5pt

Etapa bakoitzaren ondoren banatzen diren sailkapen nagusiko puntuak beti banatu izan diren bezala banatuko dira. Hau da, taldekako erlojupekoaren ondoren sailkapen nagusian lehen 6 sailkatuek puntuak bilduko dituzte.

OHARRA! Erlojupekoa amaitzen duten lehen hiru taldeetako txirrindulari orok bilduko dituzte puntuak, nahiz eta bere taldearekiko denbora galera eduki. Txirrindulari batek ez baldin badu erlojupekoa amaitzen (erretiratua) ez du punturik bilduko, nahiz eta bere taldea lehen hiruen artean sailkatu.

Aldaketa honek lehen aldiz Tirreno-Adriatikoan eragingo du Paris-Nizan ez baitago taldekako erlojuaren kontrako etaparik.

Espero dugu aldaketa hau zuen gustukoa izatea! Zorte eta has dadila denboraldia!!!

Tropela ere puntuEUS

tropela.eusUrte berriarekin batera Tropela ere puntuEUS domeinuan dela ekin nahi diogu 2015ari. Aldaketa guztiak oraindik gauzatzen ari gara, beraz, gerta daiteke arazotxoren bat izatea hurrengo egunetan. Baina hori bai, denboraldia hasterako guztia prest izango dugu!!

Pausutxo honekin Tropelak sarean euskara eta euskal izatearen presentziaren alde beste aletxo bat gehitu nahi izan dio, azken 10 urteetako ibilbideari jarraiki.

Badakizue hemendik aurrera zein helbide jarri behar duzuen nabigatzailean: tropela.eus.

Uztailean oporrak hartzera behartuak [inozentada]

202015ean Tourrek ez Tropelan05ean antolatu genuen lehen Frantziako Tourraren inguruko lehiaketa eta gaur 2014koa azkena izan dela esan beharrean aurkitzen gara, zoritxarrez.

Aste honetan Prudhommek sinatutako eskutitz bat jaso dugu eta ez juxtu Gabonak zoriontzeko. Bere esanetan Tropelak ezingo du 2015eko Tourraren inguruko lehiaketarik antolatuko, ezta La Coursena ere, baldin eta diru kantitate handi bat ordaintzen ez badugu. Kontua da Frantziako gobernuak, Hollanderen iniziatibaz dirudienez, Frantziako Tourrarekin erlazionatutako sareko edozein ekimen, bai lehiaketak bai berriak, kanon bat ordaintzera behartuak izango direla. Dakizuen moduan, eta zoritxarrez, ez gara gai maila honetako ordainketei aurre egiteko.

Hollandek Espainiako gobernuak berriki plazaratu duen jabego intelektualaren legearen antzeko bat egokitu du Frantziako Tourra babesteko. Adierazi duenez, ezinbestekoa zaie Tourra bezalako mundu mailako ekitaldi garrantzitsu bat babestea, batez ere Beijingo Tourra edota Euskal Herriko Itzulia indarra hartzen ari direla ikusita.

Ez dakigu Hollandek eta Prudhommek beraien helburuak lortuko dituzten, baina guri dagokigunez, 2015ean ez Tourra ezta La Course antolatu gabe geratuko gara hamar urteren ondoren lehen aldiz. Oraingoz bi lasterketa horiei eragingo die lege berri honek eta garapenaren baitan ikusteko dago gainontzeko lasterketei etorkizunean aplikatu ala ez.

Horrenbestez, oporrak hartuko ditugu uztailean beste aukerarik ezean. Eta ea gainontzeko lasterketetan ez duten halako neurririk hartzen etorkizunean!!

 

Eguneraketa: inozentada

Atzoko inozentaden eguna izanik, guk gurean hauxe argitaratzea pentsatu genuen. Zorionez gezurra da hemen azaldutakoa eta espero dugu 2015ko uztailean ere opor gutxi izatea!! Espero dugu barretxo batzuk behintzat eragin izana ;-)