Urte batzuetan zehar buruan bueltaka ibili ondoren, Tropela saretik hondartzara jaisteko urratsa emango dugu. Honela, gure hondartzetan galtzeko zorian den ziklistatxoen eta kaniken jokoa berreskuratzeko ekimen baten berri eman nahi dizuegu.
Honela, irailaren 13an Zarauzko pasealekuan Tropela Hondartzan izena jarri diogun ekitaldia antolatu dugu. Igande goiz eder bat pasatzeko bi osagai desberdin izango ditugu bertatik bertara:
ZIKLISTATXOEN TXAPELKETA
Batetik, hondarretan, hainbat zirkuitu egin eta zirkuitu hauetan kaniken laguntzaz ziklistatxoen lasterketak egingo ditugu. Txapelketa taldeka izango da eta azkarrenentzat sariak izango dira. Azkarrenarentzat bakarrik ez, zirkuiturik dotoreena egiten dutenentzat, ziklistatxorik eleganteenarentzat, kiroltasunaren saria eta beste hainbat sorpresa! Parte hartzekoak bazarete, txapelketaren antolaketa errazteko komenigarria da izen-emate orri hau beteko bazenute. Ez dugu araudi zorrotzik jarriko eta ez gara epaile lanetan jarriko baina irizpide batzuk zehazte aldera jokoaren araudi txiki bat idatzi dugu.
VINTAGE ERAKUSKETA
Bestetik, pasealekuan bertan, lehengo txirrindularitzaren erakusleiho moduan erakusketa bat jarriko dugu. Bertan, izango dira Jorgek eskuz pintatutako ziklistatxoak, Urtekariaren bildumako kromo eta aldizkariak, Iñaki Lakarraren bildumako ur-potoak, Libros de Rutaren libururik berexienak, Juan Mari Tolinen argazkiak eta abar luze bat. Guzti hau musikarekin goxatuz eta lagun giro eder batean egingo dugu.
A! Bertan erakusteko moduko ziklistatxoak, kromoak, argazkiak edota beste bitxikeriaren bat baduzu, gustura egingo dizugu tokia azokatxoan.
Beraz, gogoratu: Irailaren 13an, igandearekin, zita bat duzu Zarauzko malekoian.
Zatoz eta animatu zure ingurukoak. Bertan ikusiko dugu elkar!
Eta ez ahaztu trasteroan gordeta egon daitezkeen ziklistatxoak eta kanikak ekartzea!
Txirrindularitza denboraldia bukatzen ari den honetan, Tropela Elkarteak sari banaketa ekitaldia egingo du bihar, hilak 7, Zarauzko Merkatu Plazan, Torre Luzearen aurrean, 18:30ean. Martxoan abiatu zen Tropelaren denboraldia Paris-Niza lasterketarekin batera. Handik hona, Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea, Italiako Giroa, Dauphine Libere, Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketan beren kinielak egin ahal izan dituzte Tropela.net-eko zaleek. Ziklismoaz gozatu ahal izan dute, euskaraz. Parte hartzaileei dagokienez, marka guztiak hautsi ditu Tropelak. Frantziako Tourrean izan dira kiniela gehien: 12.739. iPad 2a, iPod Touchak, mendi bizikletak, otarreak, kirol arropa, otorduak… Hamaika sari banatuko ditu Tropelak finen ibilitakoen artean.
Aurtengo
Frantziako Tourreko Tropelako lehiaketan parte hartzen duten zarauztarren lehen sailkatzen denak Txiki-Politen bi pertsonentzako afari bat izango da. Era honetan, Tropela guztiko sariez gain zarauztarrek beste arrazoi bat gehiago izango dute lehiaketan parte hartzeko.